Maite Ubiria

Errepublika katalana eta Euskal Errepublika ditugulako xede

Kazetariak irailaren 27an Katalunian iragan diren hauteskundeak aztertu ditu. Alderdi politikoek lortutako bozen kopurua eta parte hartze historikoa azaltzeaz gain, beste elementu bat gaineratu du: "autonomismoaren ikur izan den indarra, burgesiaren interesak ordezkatzen dituen alderdia, independentzia defendatuz aurkeztu da hauteskunde hauetan".

Irailaren 27an Principat-ean izan diren hauteskundeek kutsu historikoa hartu dute. Kanpainan zehar espainiar Estatuak erabilitako mehatxuak eta bere mugetatik kanpo zabaldu dituen neurri gabeko ofentsiba diplomatikoak agerian utzi zuten hastapenetik ez ohiko bozak zirela. Finean unionistek errefusatu nahi  zutena baieztatu da: hauteskunde plebiszitarioak izan dira.

Independentismoak erdietsi duen garaipen ederra itsustera jo du espainiar Estatuak botoen nagusitasunaren gainean auzi aski faltsua planteatuz ( erreferenduma ukatu zutenak oraingoan botoen zaindari ! ). Halere, gezurrak zango motzak ditu: nazioarteko hedabide esanguratsuenek independentismoaren garaipena nabarmendu dute, zalantzari tarte handirik utzi gabe.

Zenbakien irakurketari dagokionez, CDC eta ERC alderdiek eta gizarte zibileko eragileek osatu zuten JuntsxSi (62) eta CUP (10), bakoitza bere aldetik aurkeztu diren zerrendak garaile atera dira. Parlament-ean gehiengo osoaren langa aise gaindituz.

Bakoitza bere aldetik aurkeztuta, aurreko bozetan, 2012an, CiUk eta ERCk legebiltzarkide gehiago lortu zuten. Egia da. Halere, oso bestelako egoeraz ari gara. Oraingo hauteskundeetan sekulako parte-hartzea izan da. Hortaz gain, CiUren baitan zatiketa egon da eta oso egoera konplikatuan dagoen CDC ( ustelkeria kasuak...) baizik ez da aurkeztu hautagaitza bateratuan.

Faktore horiek guztiak aitzat hartzekoak dira, baina horrez gain bada beste elementu garrantzitsu bat, boto eta portzentaien gaineko eztabaida gainditzen duena: autonomismoaren ikur izan den indarra, burgesiaren interesak ordezkatzen dituen alderdia, independentzia defendatuz aurkeztu da hauteskunde hauetan.

Kultura politiko berria eraikitze aldera, eta batez ere independentismoa hegemoniko bilakatzeko xedearekin, erabaki guztiek badute bere garrantzia.  Eta aipatutako eboluzio horri berea aitortu behar zaiolakoan nago. Ez beste erabakien gainean jartzeko, baizik eta hautu hori ez gutxiesteko.

Baieztapen horrek ez du inplikatzen inondik inora CiUren iraganari buruzko amnesia aldarrikatzea, are gutxiago Artur Mas-en gobernuak garatu duen politika neoliberalak utzitako ondorio sozial larrien gainean ardurak zuritzea. Hala ere inportantea deritzot autonomismotik independentismorako ibilbideari ekin dioten sektore eta herritarrei hautua egokia egin dutela une oro erakustea. Barne mailan atxikimenduak gehituz eta nazioartean legitimitatea irabaziz egingo duelako aurrera prozesu independentistak.

Herritarrek emandako mandatua aurrera eramateak esfortzu handia eskatuko du, are gehiago, Estatuak baietzaren aldeko lerroak banatzera jokatuko duelako etengabe. Orain artean bezala, aurrerantzean ere. Disimulurik gabe. Prozesua ahultzeko esperantzaz. Mota guztietako tresnak baliatuko ditu: txantaje ekonomikoa, pressing mediatikoa eta, baita auzitegiak ere.  

Demokraziaren aurkako ofentsiba horren baitan urriaren 15ean Mas president-a auzitegira eramango dute. Erabakitzeko eskubidearen aurkako eraso hori guztiz salagarria da eta horrela adieraziko du, beste behin ere, ardura handiz jokatzeko gaitasun handia erakutsi duen herri katalanak.

Erasoak, trabak, ika-mikak, gora-beherak... denetarik izango da, prozesua dinamikoa delako, baina oztopo zahar zein berriak gainditzeko onena, berriz diot, benetako indarrari erreparatzea da: orain dela hilabete batzuk soilik pentsaezina zena lortu du independentismoak irailaren 27ko hauteskundeetan. Are, parte-hartze historikoa izan dela aitzat hartuta, abantzu botoen erdia ( 2 miloi boz) eskuratu dituzte independentistek.

Azaroaren 9ko kontsultarekin alderatuta, 100.000 boto-emale berri konbentzitu dituzte. Botoen %47a jaso dute baietzaren aldekoek,  ezetzaren frontea %40ra iritsi ez den bitartean.  

Hauteskunde ostekoa ondo kudeatuta asko du irabazteko independentismoak. Besteak beste poliedrikoa izateaz gain aldaketarako iragazkorra delako eszenatoki katalana.

Esaterako, Iniciativa per Catalunya, EuiA, Equo eta Podemos artean osatutako CSQP zerrendak bildutako emaitza eskasak ondorioak ekarriko ditu. Independentismoaren aurrean antidoto gisa agertu izana aukera txarra izan da eta ikusteke dago Iniciativa-EUIAn dauden sektore independentistekin zer gertatzen den. Ikusteke dagoen bezala  CiU tik aldendu ziren UDCren naufragoek non bukatuko duten.

Edonola ere, zantzu guztien arabera, bozetan nagusitasuna lortze aldera, independentismoaren eremuak, buru argiaz jokatuz gero, badu aurrera begira nondik bildu.  

Unionismoaren kasuan, aldiz, agerikoa da estatu mailako bi alderdi nagusiek ( PP eta Alderdi Sozialista ) sekulako jipoia hartu dutela hauteskunde plebiszitario hauetan. Lehena hondarreko indar politikoa bilakatu arte ( 2012an 19 parlamentari izatetik 2015ean 11ra pasa da, botoetan CUP en parean kokatuz... estatu mailako indar eskuin zale baten ikuspuntutik begiratuta zartako bikoitza) bigarrena garaian eskuratzen zituen emaitzen heren batera bere indarra murriztuz ( 1999an 52 legebiltzarkide izatera iritsi zen alderdiak orain 16 eserleku ditu).  Krisian den PP-PSOE bikotetik jaiotako Ciutadans alderdia  nazionalismo espainiar zale ikur berria bilakatu da.

Ezin Principat-en egin berri diren hauteskundeen irakurketa xume hau bukatu bereziki pozten gaituen berria aipatu gabe. Boza plebiszitarioek esquerra independentistaren hazkunde azkarra ekarri dutelako. CUPek emaitza onak atera ditu, bozak hirukoiztuz.  3 legebiltzarkidetik 10era pasatuz. Herriko Etxe gehienetan JuntsxSiren atzetik bigarren indarra gisa agertuz.

Errepublika Katalana eratzeko prozesuan justizia soziala lehen mailako osagaia izateko konpromiso osoa hartu du CUPek. Prozesuaren bermea izatetik bere ikusmoldea prozesuan txertatzeko aktibo izatera pasatzea eskatuko zaio abagune berri honetan esquerra independentistari.  

Euskal Herrian pasio bereziz bizi dugu Kataluniako prozesua, baina gure joko-eremua gure herrian kokatzen dela bistaz galdu gabe. Hori dela eta, Kataluniako prozesua, bere  osotasunean, iraunkorki, babesteko eta legitimatzeko lan egin behar dugu, era berean gure bide propioa eginez.  Herri katalanekiko elkartasuna lehenetsiz eta esku-hartzeak ekidinez. Gure herrian elkarlana  hobetsiz eta beso gurutzatuen eta kopeta ilunen garaiari amaiera emateko ahaleginak biderkatuz.

Hemendik bertatik besarkatu nahi dugu bertako independentismoa, bide batez estrategia independentista berria modu indartsuan eratzeko gure konpromisoa hitzetatik ekintzetara eramanez.  Euskal Herrian. Errepublika katalana eta Euskal Errepublika ditugulako xede: Països Catalans Endavant. Euskal Herria Aurrera.

Recherche