Unai Belaustegi
Historia Garaikidean doktorea

Errepublikanismoari buruz zenbait gogoeta

«Euskal Estatu independente bat irudikatzeko ikurrina erabiltzen den moduan, Estatu horren egitura demokratiko eta errepublikanoari erreferentzia egin nahi zaionean, sarri espainiar bandera erabiltzen da.»

E ibartarrek espainiar bandera errepublikanoa eskegi zuten udaletxeko balkoian 1931ko apirilaren 14an. Ofizialki errepublika aldarrikatzeko zegoen oraindik. 83 urte beranduago, eraikin ofizial askotan espainiar bandera berbera eskegitzen jarraitzen da. Hori egitearen arrazoiak, ordea, ez ditut sekula oso ongi ulertu.


Bi egun lehenago, udal hauteskundeak izan ziren Estatu osoan eta Alfonso XIII.aren aldeko monarkikoek guztira boto kopuru handiagoa eskuratu bazuten ere, hiri nagusienetan errepublikano eta sozialistena izan zen garaipena. Gau hartan bertan, erregeak Frantziako muga zeharkatu zuen. Zenbait historialariri kasu eginez gero, «espainiar II. Errepublika Euskal Herrian jaio zen». Ez bakarrik Eibarko gertakariagatik, baita 1930eko abuztuan, Donostian, etortzear zegoen errepublika diseinatzeko Estatuko errepublikano nagusienak eta zenbait sozialista elkartu zirelako.


Eibartarren ausardia hura ulertzeko ordura arte Euskal Herrian errepublikak izan zuen atxikimendua azaldu behar da. Hegoaldeko lau probintzietan bizitako gertaera errepublikanoak duela gutxi arte ezezagunak bazitzaizkigun ere, kaleratzen ari diren azken ikerketei esker, probintziotako errepublikanismoaren mapa osatzen ari gara. Eibarko Udalean bertan adibidez, 1868ko «iraultzatik» Primo de Riveraren diktadura (1923) arteko tartea kontutan hartuta, errepublikanoak izan ziren indar politiko nagusiena. Hiriburuei dagokienez, Bilbo eta Donostia errepublikanoen gune kuttunak izan ziren Berrezarkuntza osoan zehar, eta udal hauteskunde askotan indarrik bozkatuena izatera iritsi ziren.


Estatu mailan zeresana eman zuten zenbait ekimen garrantzitsu ere euskal lurraldeetan gauzatu ziren. 1869ko ekainaren 23an, esaterako, berriro Eibarren, hegoaldeko lau probintzietako ordezkari errepublikanoak elkartu ziren Eibarko Paktua sinatzeko. Paktuaren helburua egun modan jartzen ari den espainiar errepublika federal baten pean Euskal Estatu federal bat antolatzeko oinarriak ezartzea izan zen.


Ia 30 urte beranduago, euskal errepublikanoak berriro bildu ziren antzeko saiakera bat egiteko, oraingoan Altsasun. Bertara gonbidatu zuten espainiar errepublikanismoaren zuzendaria zena, Nicolas Salmeron, eta bildutakoei zuzenduz, euskal probintzien autonomia politiko eta ekonomikoaren aldeko diskurtsoa bota zuen.


Errepublikano historiko haiek, orokorrean, euskaltzaleak eta foruzaleak izan ziren, eta foruzaletasun horretan oinarrituz, euskal errepublikanismoak oinarri federal indartsua mantendu du historian zehar. Hau zatekeen gehienbat, hain hurbil sentitu ziren gainontzeko espainiar errepublikanoengandik ezberdintzen zituen ezaugarri nagusia. Bestalde, errepublikanoak demokraziaren aldeko diskurtsoagatik, korronte modernoekiko atxikimenduagatik eta laikotasun sutsuagatik nabarmendu ziren.


XX. mendearen hasieran beste zenbait saiakera egin zituzten euskaldunek, hegoaldeko lau probintzietako ordezkariez osatutako partidu autonomoak antolatu eta Estatu mailako errepublikanismoari egitura federal bat emateko, baina euskal nazionalismoaren eta sozialismoaren agerpen indartsuek errepublikanoen biziraupena zaildu zuten, bai Euskal Herrian, baita Estatu mailan ere. Sozialismoak poliki-poliki errepublikanoen oinarri soziala bereganatu zuen eta euskal nazionalismoak eta separatismoaren mamuak errepublikanoen laikotasuna eta espaino- lismoa sakondu zuten.


Aipatu bi korronte politiko hauek, bakoitzak bere erara, momentuko egoera politiko eta soziala aldatzeko planteamendu indartsuak aurkeztu zituzten eta poliki-poliki ordura arte errepublikanismoak bete zuen lekua hartu zuten, batez ere sozialistek, nahiz eta bai batak eta bai besteak Estatuaren antolamenduarekiko gogoeta sakonik egin ez.


II. Errepublika arte, sozialistak eta euskal nazionalistak ez ziren errepublikaz gehiegi kezkatu, eta nazionalistei dagokienez, II. Errepublikaren amaiera arte ere errepublikarekiko erakutsi zuten atxikimendua oso ahula izan zen, besteak beste, historikoki errepublikanismoa laikotasunarekin identifikatutako ideologia politikoa izan zelako.


Ziur asko, euskaldunen artean errepublikarekiko atxikimendu handiena Gerra Zibilean azaleratu zen, baina gerra galdu izanak eta ondorengo diktadurak plano politikotik kultura politiko errepublikanoaren zantzu guztiak ezabatu zituzten. Horrek azaltzen du, besteak beste, trantsizioan errepublikaren aldeko mugimendu handiegirik agertu ez izana edota gaur egun ere errepublikaren aldekotasunak zalantzagarri izaten jarraitzea.


Egia da espainiar monarkiarekiko aurkakotasuna handitzen ari dela; duela gutxi lehendakariak berak egindako adierazpena, horren adibide garbia. Baina hortik eta Estatu egitura berri baten inguruko gogoetak egitera jauzi handia dago. Monarkiaren aurka egotea errepublikaren alde egotea dela ulertzen bada ere, Errepublika baten aldeko jarrera zuzenak oso ahulak eta momentu puntualetan azaleratzen dira Euskal Herrian. Adibide garbi bat ematearren: urtero apirilaren 14an, (baita independentisten artean ere) ugari ikusten dira espainiar bandera errepublikanoak. Euskal Estatu independente bat irudikatzeko ikurrina erabiltzen den moduan, Estatu horren egitura demokratiko eta errepublikanoari erreferentzia egin nahi zaionean, sarri espainiar bandera erabiltzen da. Hausnarketa historiko-politiko bat baino gerran aritutako gudarienganako sentimenduen adierazpena izan ohi da. Hau horrela, agian data adierazgarriago batzuk baleudeke gerraren eta frankismoaren sarraskien ondorioak gogoratzeko: apirilaren 26a, ekainaren 19a...
Historialarioi ez dagokigu bakoitzak zein bandera erabili behar duen esatea, baina bai, bandera bakoitzaren atzean ezkuta- tzen den historia azaltzea. Eta 83 urte beranduago, Euskal Herrian euskal errepublikanismo propio bat eraiki nahi bada, lehendakariarengandik hasita, eibartarrek 1931n eskegi zuten banderaz gain beste hamaika erreferentzia propio ere badaudela gogoraraztea zilegi litzateke, batez ere gaurko egunean, non espainiar banderaz betetzen ditugun inguruko eraikin eta kale guztiak.

Recherche