Leire Garro, Edurne Larrañaga
LAB sindikatuko Osasungintza sektoreko arduraduna eta Euskara Idazkaria

Errezeta zaharrak Osakidetzan sendatu gabeko gaitzari

Osakidetzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko II.Planaren zirriborroa aurkeztu du Osasun Sailak eta ekarpenerako fase bat ireki du. Plan honek 6 urteko iraupena izango du 2013tik 2019ra.


Osakidetzako II. Euskara Planari bere argi-ilunak ikusten dizkiogu. Euskararen ezagutzan ez ezik, erabileran jartzen du indarra eta hori poztekoa da, Osakidetza euskaldundu dadin funtzionamendua euskalduntzea ezinbestekoa dela aitortzen duelako. Planaren helburuek, ordea, ez dute hori berresten eta euskara zerbitzu hizkuntza gisa mugatzen du, baldintzak dauden kasuetan, lan hizkuntza bilakatzeko aukera aipatuz. Gure ustez, euskarak lan-hizkuntza, komunikazio-hizkuntza eta zerbitzu-hizkuntza izan behar du eta planak hori jaso behar du, eta modu plangintzatu, progresibo zein ordenatuan egiten dela ziurtatzeko mekanismoak behar ditu. Norabide horretan ematen diren urratsak prozesua atzeraezinezko bilakatu behar dute. Osakidetzako Euskara Planak baldintza aproposak sortzen lagundu behar du, ez bakarrik baldintza horiek aprobetxatu.

Bestalde, aipagarria da euskara planaren aplikazio eremua zabaltzen dela eta zerbitzu erakunde guztiak, EAEko osasun-arretaren egituran txertatutako zentro zein zerbitzuak (adib, Asuncion klinika, Onkologikoa...) eta zenbait administrazio ere barne biltzen dituela, kasu unibertsitatea. Beraz, euskararen normalizazioa Osakidetzaren baitan modu integralean gauzatuko dela ulertzera ematen du. Erakunde hauek guztiek, ordea, Euskara Planean jasotzen dena bermatzeko, Ekintza Plan propio zein espezifikoa behar dute, ezarritako irizpideak betetze aldera.

Plan honetan funtsezkoak diren oinarrizko elementuak ez dira jasotzen. Aurreikusitako helburuak lortzeko ezinbestean borondate politikoa, erantzunkizuna eta konpromisoa behar dira. Kasu honetan, PNVk, PSOEk egin zuen modura, hitz politak erabili ditu, baina premiazko neurriak alboratuz. Planak aurrera egiteko baliabideak eta aurrekontua behar ditu, ekonomikoak eta giza baliabideak. Hizkuntza politikarekiko PNVren borondate politikoa bistan da, euskarari aurrekontuetan eskainitako diru kopuruari erreparatzen badiogu, aurrekontua nabarmen murriztu baitu eta inbertitutako diru murritz hori ezagutzara mugatu du. Gainera, bada garaia euskara gastuen ataletik atera eta inbertsioen ataletan kokatzeko. Ohartarazi nahi dugu, halaber, Eusko Jaurlaritzak egunotan aurkezturiko aurrekontu proiektuak ez diola inolako diru partidarik esleitzen Osakidetzako Euskara Planari, ez Hizkuntza Politikaren baitan ezta Osakidetzari zuzenduriko aurrekontu proposamenean ere. Norbaitek esplika dezake nola jarri daitekeen martxan Euskara Plana inolako baliabide ekonomikorik gabe? Adierazgarria, ezta?

Ezinbestekoa ikusten dugu euskalduntze prozesuan inplikaturik dauden sektore guztiekin osasun zerbitzuak euskalduntzeko planaren nondik norakoak aztertzea eta langileekin adostasunak eraikitzea. Plan berri honetan sindikatuon parte hartzea ez da bermatu, ez diseinuan, ezta garapenean ere. Langileon parte hartzerik gabe garatu nahi da Euskara Plana. Subjektu guztien inplikaziorik gabe planaren eraginkortasuna bera zalantzan jartzen da. Hemendik 3 edo 6 urtera planaren ebaluazioa egiten denean, PNVk esango du langileon aldetik ez dela borondaterik egon, baina eurek baztertu, alboratu, diskriminatu dituzte langileak.

Finean, ezin dugu ahaztu euskara plana tresna bat dela eta garatzeko bitarteko ekonomikoak eta giza baliabideak behar dituela, eta noski inplikatutako pertsona ororen babesa. Langileoi konpromisoa eskatzen zaigu, baina zerekiko hartu behar dugu konpromisoa, lidergorik edota funtziorik aitortzen ez digun plan batean? Konpromisoa bake soziala da PNVrentzat? Aurreko planean bezala, ordea, erantzukizuna norbanako zein langileengan ezartzen da, Osakidetzak euskaraz ez funtzionatzearen ardura langileen bizkar jarriz.

67/2003 Dekretuaz ere bi hitz. PP-PSEk onartua, euskararen gaitasun maila ez egokiari nahikotasun maila bat aitortzen dio, ondorioz ezagutza langile kategorietara egokituz eta euskararen gaitasuna mugatuz. Zentzu honetan, ezinbestez, kontratazio berri guztietan euskaraz lan egin eta komunikatzeko gaitasuna ziurtatua egon behar duela uste dugu. Bide honetan, onartezina den beste puntu bat langileen salbuespena da. Planteamendu horrek muga errealak ditu eta ez du kontutan hartzen plantillaren bataz bestekoa adina oso altua dela eta langile gehienak euskara ikastetik salbuetsita geratzen direla. Gainera, kontratazioa berriak ikaragarri jeitsi dira, planaren eraginkortasuna zalantzan jarriz eta langile euskaldunen sarbidea mugatuz.

Euskara Planaren lidergoa arduradunen esku uzten da, kontutan hartu gabe aurreko ebaluazioan jasotako ondorioa, hau da, zuzendaritzen lidergo eta inplikazio ezak Planaren eraginkortasunean eta helburuen betetze mailari dagokionean eragin negatiboa izan duela. LABen ustez, Euskara Planak behar duen lidergoa langile zein zuzendaritza modu parekidean osaturiko Euskara Batzordeak izan behar du. Noski, langileak bezala, zuzendaritzak, erantzukizun handiko subjektu aktibo izan behar dute, bakoitza bere eremuan.

Orohar, plan honek indar gehiena harrera guneetan jartzen du lehen momentuko sua (hizkuntza eskubideak) itzali edo kontrolatzeko, eta horren atzean dekoratuak soilik, inongo bermerik gabe.

Osakidetzan euskara normalizatuko bada, egin beharreko bidearen inguruko adostasunak eraiki eta konpromisok hartu behar dira. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari hiru eskakizun egin nahi dizkiogu: batetik, Euskara Planari lehentasuna eman eta berau garatzeko beharrezko baliabide zein bitartekoak (aurrekontua) ziurtatzea; bestetik, osasun zerbitzuen funtzionamendua euskalduntzea helburu duen plana izatea; eta, azkenik, Osakidetzan parte hartzen duten subjektu guztien parte hartzea, inplikazioa eta erantzukizuna.

Recherche