Leire Garro eta Edurne Larrañaga
LABeko Osasungintza sektoreko arduraduna eta Euskara idazkaria

Errezeta zaharrak Osakidetzan sendatu gabeko gaitzari

Osakidetzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren zirriborroa aurkeztu du Osasun Sailak eta ekarpenerako fasea ireki du. Plan honek sei urteko iraupena izango du, 2013tik 2019ra.

Plan honi bere argi-ilunak ikusten dizkiogu. Euskararen ezagutzan ez ezik, erabileran ere jartzen du indarra eta hori poztekoa da, Osakidetza euskaldundu dadin funtzionamendua euskalduntzea ezinbestekoa dela aitortzen duelako. Planaren helburuek, ordea, ez dute hori berresten eta euskara zerbitzu hizkuntza gisa mugatzen du, baldintzak dauden kasuetan, lan hizkuntza bilakatzeko aukera aipatuz. Gure ustez, euskarak lan-hizkuntza, komunikazio-hizkuntza eta zerbitzu-hizkuntza izan behar du eta planak jaso eta modu planifikatu, progresibo zein ordenatuan egiten dela ziurtatzeko mekanismoak behar ditu. Norabide horretan egiten diren urratsak prozesua atzeraezinezko bilakatu behar dute. Osakidetzako Euskara Planak baldintza aproposak sortzen lagundu behar du, ez soilik baldintza horiek aprobetxatu.

Bestalde, aipagarria da euskara planaren aplikazio eremua zabaltzen dela eta zerbitzu erakunde guztiak, EAEko osasun-arretaren egituran txertatutako zentro zein zerbitzuak (adibidez, Asuncion klinika, Onkologikoa...) eta zenbait administrazio ere barnean biltzen dituela, kasu unibertsitatea. Beraz, euskararen normalizazioa Osakidetzaren baitan modu integralean gauzatuko dela ulertzera ematen du. Erakunde hauek guztiek, ordea, Euskara Planean jasotzen dena bermatzeko, Ekintza Plan propio zein espezifikoa behar dute, ezarritako irizpideak betetze aldera.

Plan honetan funtsezkoak diren elementuak ez dira jasotzen. Aurreikusitako helburuak lortzeko borondate politikoa, erantzukizuna eta konpromisoa behar dira. Kasu honetan, EAJk, PSOEk egin zuen modura, hitz politak erabili ditu, baina premiazko neurriak alboratuz. Planak aurrera egiteko baliabideak eta aurrekontua behar ditu, ekonomikoak eta giza baliabideak. Hizkuntza politikarekiko EAJren borondate politikoa bistan da, euskarari aurrekontuetan eskainitako diru kopuruari erreparatzen badiogu, aurrekontua nabarmen murriztu baitu eta inbertitutako apurra ezagutzara mugatu du. Gainera, bada garaia euskara gastuen ataletik atera eta inbertsioen ataletan kokatzeko. Ohartarazi nahi dugu, halaber, Eusko Jaurlaritzak egunotan aurkezturiko aurrekontu proiektuak ez diola inolako diru partidarik esleitzen Osakidetzako Euskara Planari, ez Hizkuntza Politikaren baitan, ezta Osakidetzari zuzenduriko aurrekontu proposamenean ere. Norbaitek esplika dezake nola jar daitekeen martxan Euskara Plana inolako baliabide ekonomikorik gabe?

Ezinbestekoa ikusten dugu euskalduntze prozesuan inplikaturik dauden sektore guztiekin osasun zerbitzuak euskalduntzeko planaren nondik norakoak aztertzea eta langileekin adostasunak eraikitzea. Plan berri honetan sindikatuon parte hartzea ez da bermatu, ez diseinuan, ezta garapenean ere. Langileon parte hartzerik gabe garatu nahi da Euskara Plana. Subjektu guztien inplikaziorik gabe planaren eraginkortasuna bera zalantzan jartzen da. Hemendik hiru edo sei urtera planaren ebaluazioa egiten denean, EAJk esango du langileon aldetik ez dela borondaterik egon, baina eurek baztertu, alboratu, diskriminatu dituzte langileak.

Ezin dugu ahaztu euskara plana tresna bat dela eta garatzeko bitarteko ekonomikoak eta giza baliabideak behar dituela, eta inplikatutako pertsona ororen babesa. Langileoi konpromisoa eskatzen zaigu, baina zerekiko hartu behar dugu konpromisoa, lidergorik edota funtziorik aitortzen ez digun plan batean? Konpromisoa bake soziala da EAJrentzat? Aurreko planean bezala, erantzukizuna norbanako zein langileengan ezartzen da, Osakidetzak euskaraz ez funtzionatzearen ardura langileengan jarriz.

67/2003 Dekretuaz ere bi hitz. PP-PSEk onartua, euskararen gaitasun maila ezegokiari nahikotasun maila bat aitortzen dio, ondorioz ezagutza langile kategorietara egokituz eta euskararen gaitasuna mugatuz. Zentzu honetan, ezinbestez, kontratazio berri guztietan euskaraz lan egin eta komunikatzeko gaitasuna ziurtatua egon behar dela uste dugu. Bide honetan, onartezina den beste puntu bat langileen salbuespena da. Planteamendu horrek muga errealak ditu eta ez du kontuan hartzen plantillaren batez besteko adina oso altua dela eta langile gehienak euskara ikastetik salbuetsita geratzen direla. Gainera, kontratazio berriak ikaragarri jaitsi dira, eta planaren eraginkortasuna zalantzan jarri da eta langile euskaldunen sarbidea mugatu.

Euskara Planaren lidergoa arduradunen esku uzten da, kontuan hartu gabe aurreko ebaluazioan jasotako ondorioa; hau da, zuzendaritzen lidergo eta inplikaziorik ezak bere eraginkortasunean eragin negatiboa izan duela. LABen ustez, Euskara Planak behar duen lidergoa langileek zein zuzendaritzak modu parekidean osaturiko Euskara Batzordeak izan behar du. Noski, langileak bezala, zuzendaritzak, erantzukizun handiko subjektu aktibo izan behar du, bakoitzak bere eremuan.

Oro har, plan honek indar gehiena harrera guneetan jartzen du lehen momentuko sua (hizkuntza eskubideak) itzali edo kontrolatzeko, eta horren atzean dekoratuak soilik, bermerik gabe.

Osakidetzan euskara normalizatuko bada, egin beharreko bidearen inguruko adostasunak eraiki eta konpromisoak hartu behar dira. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari hiru eskakizun egin nahi dizkiogu: batetik, Euskara Planari lehentasuna eman eta berau garatzeko beharrezko baliabide zein bitartekoak (aurrekontua) ziurtatzea; bestetik, osasun zerbitzuen funtzionamendua euskalduntzea helburu duen plana izatea; eta, azkenik, Osakidetzan parte hartzen duten subjektu guztien parte hartzea, inplikazioa eta erantzukizuna.

Recherche