Errotulkiak oparitzen zituen gizona
Pasa den astean nire gurasoen etxean galduta neukan haurtzaroko erretratu bat topatu nuen: bertan, ikasmahai batean formal eta serio eserita, zerbait garrantzitsua idaztekotan agertzen naiz; nire ondoan lur-globoa eta nire atzean Europako mapa. Bai, nolabait −distantzia guztiak gaindituz−, Trumpen antza daukat.
Argazki horretako urte hartan, OHO 5. mailan geundelarik, Camarena, Verdugo eta hirurok lagun egin ginen. Egia esan, harreman horiek interesatuak ziren neurri handi batean: Verdugo −sarritan abizenek arrastoak ematen dizkigute− bazen klaseko «malotea», eta Camarena «Carioca» errotuladore-kutxa zeukana. Izan ere, Bagatza Eskolako 38 umeetatik errotuladoreak zeuzkan ikasle bakarra Camarena zen. Gainerako ikaskideok koloretako arkatz ihetu eta haginkatuez ilustratzen genituen koadernoak; bakoitza tamaina, jatorri eta marka desberdinekoa. Errotulkiez gain, Camarenak bazeuzkan erregela trokelatu pare bat ere. Horien bidez letrak bikain geratzen ziren burutu behar genituen muraletan eta klaseko lanetan. Camarenak lagun minekin −ni haien artean− baino ez zuen altxor hori konpartitzen.
Trumpek. Bai, Estatu Batuetako presidenteak −edo agian sinatzeko erabiltzen dituen errotulki ditxosoek− esperientzia, irudi horiek berpiztu dizkit eta pentsarazi dit: gure lanerako −idazteko bereziki− aukeratzen ditugun tresnak oso esanguratsuak dira. Asko esaten dute gutaz eta egiten dugunaz:
1945ean, Eisenhower presidenteak Bigarren Mundu Gerrari amaiera eman zion Parker 51 batez. Bill Clintonek Cross dotore batez Dayton bake akordioa adostu zuen; Obamak Montblanc batez START III tratatua. Egungo presidenteak, errotuladore ziztrin batez, AEB Munduko Osasun Erakundetik eta Parisko Akordiotik ateratzea; etorkinak jazartzeko hainbat neurri inposatzea; aniztasun, ekitate eta inklusio programak gelditzea, sexu biologikoan oinarritutako generoaren definizioa eta Kapitolioaren kontrako erasotzaileen indultuak gauzatzea agindu ditu. Dokumentu bakoitza sinatu ostean, horretarako erabili berri duen errotulkia inguratzen duen publiko sutuari jaurti egiten dio.
Mónica Planasek, "Un rotulador de menos de un dólar: el utensilio que utiliza Trump para firmar" "Ara" egunkarian plazaraturiko artikuluan, oso gogoeta sakona egiten du portaera horretaz. Zutabegileak dioenez, «sharpie» horrek euro bat baino ez du balio. Topa dezakegu Amazonen edo edozein supermerkatutan. Bestaldetik, «sharpie» hitzak maltzurra edo bizizalea esan nahi du. Konnotazioa soberan dauka. Planas harago doa. Bere ustez, Trumpen errotuladore boteretsua sinbolo faliko bat da. «Bere gizontasunaren luzapen bat, jabeak grafikoa, bisuala eta autoritatea azpimarratzeko behar duen irmotasuna adierazten duena».
Ni ez naiz ausartzen hain urrutira joaten, baina aginduak sinatzen dituen bere adeitasun falta horrek asko asaldatzen nau; bere izena behin eta berriz letra erraldoietan idazteko erabiltzen duen trazu lodi eta merke horrek; edukiaren −ikaragarria− eta tresnaren arteko desoreka horrek.
Boterea kaligrafia ariketa bihurtu duen tipo batek asko kezkatu beharko gintuzke.
En fin.