Andoni Beroiz, Urtza Alkorta, Gaizka Gañan eta Adrian Donay
Ertzaintzak torturatuak

Ertzaintzaren biktimak ere bagara

Jorge Aldekoak agerian utzi du aditua dela, bai, baina justiziaren aurrean zirrikituak bilatzen da aditua. Zirrikituak kasuak ez ikertzeko, torturatzaileak diren ertzainak ez bilatzeko, torturatzaileei aginduak eta prestakuntza eman
zietenei inpunitatea emateko eta autokritikak ekiditeko

Artikulu hau sinatzen dugunoi Ertzaintzak torturatu egin gaitu. Torturatuak izan gara, Ertzaintzaren biktimak, eta horregatik, mailaketa guztietan azken koxkan gaude. Orain arte ez gara izan, ez gaituzte zenbatu.

Aplikatu zizkiguten metodoak finak izan ziren, eta horregatik, ez zizkiguten beste polizia basati batzuek uzten dituzten aztarnak utzi. Horrek ez du esan nahi zauririk utzi ez digutenik. Kontrakoa, trauma iraunkorra utzi digute, orban ireki bat.

Zerbitzu sekretu tetrikoengandik metodo horiek ikasi dituzten ertzainak ez dira elektrodoak esku batean eta tenazak gori-gorian bestean dituzten soziopatak; baina horrek ez du esan nahi galdeketa metodo birrintzailerik ez dutenik ikasi. Metodo horiek, beti izan dira edozeini eta edonoren aurka inkulpazioak indarrez ateratzeko metodo eraginkorrak.

Errealitatearekin zerikusi izpirik ez zuten aitorpenak sinatzera derrigortzen gintuzten, abokaturik gabe eta tortura saioak errepikatzeko mehatxupean. Egozten zigutena ezinezkoa izan zitekeen, leku eta orduek argi eta garbi ezin zutelako bat etorri. Aitorpenak hamaika aldiz berresten genituen, bagenekien arren egia izpirik ere ez zutela. Geure burua horretara derrigortua ikusten genuen. Bortizkeriaz bidali gintuzten kartzelara, eta bortizkeriaz bidali zituzten gure hainbat kide, gaur egun kartzelan jarraitzen dutenak kondena amaigabeekin.

Gure oihuak polizia-etxe osoan entzuten ziren, baina prebentzio sistemek eta instalatuta omen zeuden grabazio sistemek ez omen zuten funtzionatu. Torturatzailearen kiderik ez zen egon ahotsa altxatu zuenik, gertatutakoa kontatzeko eta geratzeko ausardiarik izan zuenik.

Auzitegietan salatu genuen. Beste guztiek pairatu zuten tratu bera izan genuen, alegia, Giza Eskubideen Europako tribunalean bukatu duten zortzi kasuen antzekoa. Izan ere, jakin badakigu Espainiako justiziak daukan papera zein den: inpunitate osoa ematea terrorismoaren aurka lankidetzan aritu diren indar polizialei.

Gure deklarazioak entzun ondoren ez zen teoria konspiranoikorik aipatu. Bazterrean utzi ziren, besterik ez. Harropuzkeria moralez jokatu zuten eta kontrolatuta zituzten komunikabide publikoen bitartez euren jarrerak babesa jaso zuen. Ez da torturarik egon, euskaldun baten hitzak hala badio.

Gure torturatzaileak ertzainak izan ziren, egunero euskal errepideetan ikusten ditugun edo hitzordu garrantzitsuetan kaletik ikusten ditugun horietakoak.

Uste genuenean jada ez zegoela ezer egiterik, berifikazio prozesu batetik pasatzeko aukera eman ziguten, gure testigantzak egiazkoak ote ziren ikusteko. Egiaren makina horietako baten antzeko zerbait, traumen detektorea, Berri Txarraken poligrafoa, agian. Abestiak esaten duen moduan, denbora kontua baita. Istanbuleko Protokoloaz hitz egin ziguten.

Eta Ertzaintzaren biktimak kontatzen hasi ginen. Kontatu genuen sufritu genuena, egin zigutena. Eta barruan geneukan eta torturak utzi digun trauma atera genuen. Krudeltasun eta hedadura osoan.

Baina traumak min egiten jarraitzen du. Zauriak irekita jarraitzen du, odola botatzen. Irainduak izaten segitzen dugu. Paco Etxeberriak bere txostena atera eta berehala, Ertzaintzaren zuzendari Jorge Aldekoak bere errelatoa kontatu zuen. Harrokeria dosi handi batekin eraikitako errelato jasanezina egin zuen. Prebentzio mekanismoak aipatu zituen, 311 tortura kasu dauden toki berean. Errelato onartezina egin zuen, Ertzaintzaren historia garbi-garbia bailitzan, beste guztioi «Cabacas kasua» eta beste asko burura etorri zitzaizkigun momentu berean. Iraina da Ertzaintzak bere historiaz bere ikuspegia inposatu nahi izatea. Eredugarria eta goitik behera garbia den ereduaz hitz egiten digute, inpunitate nazkagarri bat egon dela jakin badakigunean. 311 tortura kasu egon dira, hori baino gehiago ziurrenik, eta guztiak ertzain ezberdinen eskuetatik pasatu ziren. Baina bertan zeuden begi eta belarri guztiek ez zuten ezer ikusi, ez zuten ezer entzun. Ordea, 311 kasu larregi dira ezkutuan gordetzeko.

Jorge Aldekoak agerian utzi du aditua dela, bai, baina justiziaren aurrean zirrikituak bilatzen da aditua. Zirrikituak bilatu ditu kasuak ez ikertzeko, torturatzaileak diren ertzainak ez bilatzeko; zirrikituak bilatu ditu inpunitatea emateko torturatzaileei aginduak eta prestakuntza eman zietenei eta autokritikak ekiditeko. Autokritika, beste horiek egin behar duten hori izan da beti.

Baina oraindik ez da hau guztia bukatu. Ertzaintzarengandik torturatuak izan garenak bagara, eta kontatzen hasi gara. 311 gara; agian gehiago. Eta kontatzen jarraituko dugu, izan bagarelako.

Recherche