Rebeka Ubera
EH Bilduko legebiltzarkidea

Eskola kirola lege berrian

Haur eta gazte guztiek jarduera fisikoa eta kirola beren borondatearen, gaitasun fisikoaren eta adinaren arabera ezagutzeko eta egiteko aukera dutela bermatu behar du legeak.

Pandemiak irakaspen ugari utzi dizkigu bizitzaren arlo guztietan. Erakutsi digu, adibidez, gure egunerokoan bizitza aktiboak osasunean duen eragin positiboa, nahiz eta pandemiaren kudeaketan, zoritxarrez, ez zaion duen garrantzia eman. Horren lekuko eskola kirolarekin gertaturikoa. Poztekoa, aldiz, Administrazioak eskola kirolaren ohiko jarduna eten egin zuenean, neurri horren kontra altxatu ziren ahots guztiak. EH Bilduk ere hala egin zuen, ordu arteko lan ildoarekin koherentzian, eskola kirola funtsezkoa baita adingabeen heziketa-prozesuan euren osasun orokorra indartzeko eta, oro har, bizitza aktibo osasuntsua sustatzeko.

Erabaki eta ika-mika horiek bat egin dute denboran Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege Proiektuaren tramitazioarekin. Lege berri horrek 1998az geroztik indarrean egon dena, Euskadiko Kirolarena, alegia, ordezkatuko du eta Gasteizko Legebiltzarrean horren lanketari ekin diogu, lege berriak kirol arloan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur egun ditugun beharrei eta erronkei ahalik eta hobekien erantzun diezaien.

Egia da, eta hala aitortu behar da, ez garela zerotik hasi, 1998ko legea abiapuntu ona izan baita. Aitzindaria eta berritzailea izan zen bere garaian –ezin ahaztu nazioartean euskal herritar gisa aritzeko tresnak ere ematen zizkigula– eta 24 urte hauetan EAEko kirol esparrua egituratu eta garatzeko balio izan du, besteak beste, milaka eta milaka boluntario eta kirol aktibistari esker, gure herri txiki honetan, zalantzarik gabe, kirol eremuan dagoen inplikazio eta parte hartzea zaila, oso zaila, baita beste hainbat eremutan topatzea.

Garaiak, dena den, aldatu egin dira, kirolaren kontzeptua bera ere eraldatu eta zabaldu egin da, demokratizatu egin dela esan dezakegu, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege berri baten beharra agerikoa da. Unea iritsi da urrats hori egiteko eta, EH Bilduren iritziz, lege berriak egungo errealitatera egokitu eta etorkizunari begiratuko badio, eskola kirolak bere ardatzetariko bat izan beharko du nahitaez. Hobeto esanda, adingabeen artean bizitza aktibo eta osasuntsua sustatzeko egitura zehaztea lehentasun izan behar da.

Zorionez, haurtzaroko kirolak errendimenduari soilik begiratzen zion eredua, eliteko kirolera iristeko ustezko prozesu batean harrobi gisa-edo hartzen zuena, gainditu genuen aspaldian. Izan ere, eskola kirolaren gakoa, eta balioa, bere gaitasun hezitzailean datza, bere hezkuntza-alderdietan. Bidea da ikasleen nortasuna modu orekatuan garatzeko, sozializazio prozesuak bultzatzeko, ohitura osasuntsuak eta osasuna bera sustatzeko, errespetua eta tolerantzia bezalako balioak hedatzeko eta, a contrario sensu, indarkeriaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako jarrerei aurre egiteko.

Legebiltzarrak hemendik gutxira onartuko duen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege berriak funtsezko gogoeta horren garapen praktikoa ekarri behar du. Lehenik eta behin, EH Bildun uste dugu legeak eskola kirolaren definizioan urrats bat gehiago egin behar duela, orain arte lortu ez dena lortzeko eta behingoz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ereduak ebidentzia zientifikoan oinarritu eta bateratzen hasteko. 16 urtera bitarteko ikasleek eskola orduetatik kanpo egiten duten jarduera antolatura mugatu beharrean, legeak eskola kirolaren definizioa zabaldu behar duelakoan gaude, 18 urtera bitartean eskola orduetatik kanpoko jolas, jarduera fisiko edota kirol antolatura, hain zuzen ere. Horrek mentalitate aldaketa bat garatzen eta ohiko bizimodua bizitza aktiboaren filosofiaz bustitzen lagunduko luke. Hirigintzan, adibidez, ohiko ekipamendu klasikoak alde batera utzita eta jolaserako espazio berriei tokia eginez, edota aktibitate fisikorako eremuak zehaztuz eta babestuz, izan bidegorriak (Euskal Herriko kiroldegirik handiena), izan skate-parkeak, izan bestelako espazioak.

Haur eta gazte guztiek, 18 urte bete bitartean, jarduera fisikoa eta kirola beren borondatearen, gaitasun fisikoaren eta adinaren arabera ezagutzeko eta egiteko aukera dutela bermatu behar du legeak, adinaren araberako hiru etapa bereizita. Lehenengoa, nahitaezko eskolaratze aurrekoa, 0-6 urteko etapa, jolasaren alde ludikoa guztiz lehenetsi behar duen jolas askeari dagokiona, haurren garapen integral eta harmonikoa eta gorputz mugimendua plazeraz bizitzea helburu dituena. Hori horrela, Administrazioaren ardura da guneak eta uneak eskaintzea, haurrek jarduera fisiko ludiko eta libreko denbora tarte handiagoak izan ditzaten.

Bigarren etapa derrigorrezko eskolaratzearekin batera hasten da, 6-12 adin tartean. Etapa horretan Administrazioak haur guztiei bermatu behar die, euren egoera pertsonala edo soziala edozein delarik ere, eskola orduetatik kanpo eskura dituztela askotariko kirol jarduera eta jolas aske zein antolatua, betiere lehiaketak eta entrenamenduak eskola kirolaren osagarri gisa hartuta.

Hirugarren etapa nerabezaroari dagokio. Kirol espezializazioaren hasiera da, eta Administrazioak kirol federatutik kanpo geratzen diren nerabeen premiak identifikatu behar ditu, berariazko programak moldatu eta eskaini ahal izateko eredu bakar eta bateratu baten arabera, herrialdeen arteko desorekak saiheste aldera.

Halaber, beharrezkoa da haur eta gazteen gehiegizko mugikortasuna eta desplazamenduak ekiditea, kirola euren eremu hurbilean egin dezaten. Eta ikastetxeetan ohiko ordutegiaren eztabaida gainditu behar da: heziketa fisikorako saioetatik harago, lege berriak sedentarismoa saihesteko irizpideak txertatzea nahi dugu, ikastorduetan, ahal den neurrian, ikasleek orduak eta orduak eserita eman behar ez izateko.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legeak, azken batean, haur, nerabe eta gazteen garapen pertsonalean eskola kirolak duen garrantzia aintzat hartu behar du, 1998ko legeak egin zuen irakurketaz harago, orain ere aitzindariak izatea eskura dugulako.

Recherche