Rebeka Ubera
EH Bilduko legebiltzarkidea

Eskola kirola osasuna da

Premiazkoa da begirada aldatzea, kirol sistemak kirolari begiratu beharrean kirolariei, pertsonei begira diezaien. Kirola ez baita lehia. Kirolarien begiradatik hasi behar da lanean eta ez kirolaren sustapenean.

Gasteizko Legebiltzarrak akordio zabal-zabala lortu zuen urriaren 22an, eskola kirolak pandemia garaian ere duen garrantzia aintzat hartuta, eta EH Bilduren proposamen bati jarraituz, eskola kirolari lehentasunezko arreta eman behar zaiola aldarrikatu zuen. Hala, pandemiaren bilakaera kontuan izanik kirol jarduera egokitzen laguntzeko eskatu zion Jaurlaritzari, kategoria guztietan federatuek zein federatugabeek berme guztiekin jarduten jarraitu ahal dezaten, osasun krisialdi honetan kirolak positiboki eragingo duelakoan.

Pozik hartu genuen akordioa, koronabirusaren lehenengo olatuko parametroak alboratzea eta bizitza aktiboa eta jarduera fisikoa osasun parametroetara hurbiltzea zekarrelako, bai eta jarduera fisikoa gehien behar duten kolektiboen (haurrak, gazteak, adinekoak) mesedetan jartzea ere. Izan ere, arrakala indartzen zuten ordura arte erabilitako ardatzek (federatuak vs ez federatuak, eremu pribatua vs publikoa) eta horiek ez dute zentzurik osasun ikuspegitik, eta eraginik izatekotan, eragin negatiboa dute.

Akordioa sinatu eta hurrengo egunean, baina, Osasun Sailak ezerezean utzi zuen. Lau egunen buruan Urkullu lehendakariaren dekretu batek zertxobait konpondu zuen, baina bere azken dekretuak, hilaren 6koak, osoko zuzenketa egin zion Legebiltzarrean adostutakoari, martxoko parametro berberetara itzulita. Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaileek osasun globalaren garrantzia, burbuilaren kontzeptua, kirola eta jarduera fisikoa bazterrean utzi dituzte berriz ere.

Azken hilabeteotan ez dugula ezer ikasi dirudi. Eta, egia esan, ez zen beharrezkoa neurri berritzaileak asmatzea, Kataluniako adibidea hortxe dugulako. Han hemen baino neurri murriztaileagoak aplikatu dituzte hainbat eremutan, baina eskola kirolari eutsi diote. Ikastetxeetako burbuiletan egiten diren eskolaz kanpokoei eutsi diete, ondorioz, baita ikastetxeko eskola kirolari ere. Hemen, aldiz, agerian geratu da berriro hain ongi teorizatua duen eta ustez sustatu behar duen Mugiment estrategia gauzatzeko Jaurlaritzaren ezintasuna (Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan txalogarria da salbuespena). Hala, jendearen mugimenduak mugatzeko eta distantzia sozialak mantentzeko neurriak osasun neurriekin nahastu ditu, dena gauza bera balitz bezala. Izan ere, inertziak, zoritxarrez, osasun globalari baino, osasun biologikoari begira jarri gaitu eta, ondorioz, umeak, gazteak, adinekoak, gaixotasun kronikoak abandonaturik ditugu, debekuen putzuan murgilduta, inolako alternatibarik eskaini gabe, hau alternatiben eta sormenaren garaia izan beharko litzatekeenean. Komunitatean, sarean aritzeko garaia, alegia, gauzak beste era batera egiteko, baina, antza, errazagoa omen da debekua konfiantza eta erantzukizun partekatua baino.

Eta agian ez da ezta hori ere. Agian atzean dagoena kirolaz dugun kontzeptu mugatua da. Eta premiazkoa da begirada aldatzea, kirol sistemak kirolari begiratu beharrean kirolariei, pertsonei begira diezaien. Kirola ez baita lehia. Kirolarien begiradatik hasi behar da lanean eta ez kirolaren sustapenean.

Ildo horretan, eskola kirolak bidea errazten zuen, lehia alboratuta, ikastetxeetan burbuiletan egin genezakeelako, baina hor dago 125/2008ko Eskola Kirolaren Dekretua, orain arte Gipuzkoan soilik garatu dena. Beraz, orain batez ere gure haur eta gazteak pairatzen ari diren ondorioak ez dira berriak; covid-19ak zegoena besterik ez du agerian utzi eta, noski, larritu egin du.

Kontsumoaren ardatzetik kanpo geratzen diren herritar eta eremuak osasun begiradatik ikusteko zailtasunak izaten ari gara. Eta luze joko duen osasun larrialdian gai izan beharko genuke «Ez, ezin da» esatetik «Bai, baina horrela egingo dugu» esatera pasatzeko, hori baita behar dugun jarrera eta jokabidea. Osasun premiagatik.

Beste baterako utziko ditugu osasun etxeetan orientazio zerbitzuen bidez garatzen ari diren programak, adinekoen eta kronikoen bizitza osasuntsu baterako bidea egiten ari direnak, bakardadeari aurre egiteko, komunitatea indartzeko... Esanguratsua izan da nola pare bat hilabete aski izan diren urteetako lana bertan behera geratzeko, inoiz baino beharrezkoagoa zenean. Gipuzkoan udalen militantziari esker hogei orientazio zerbitzuak mantentzea lortu da; Bizkaian, ordea, hamaika zerbitzutik sei baino ez dira geratu.

Baina egia da baita ere inoiz baino ageriago geratu dela gure herrietan ditugun osasun aktibisten lana. Goraipatzekoa klubek gazteekin egin duten lan soziala, entrenamenduak mantenduz, jarduera fisikoa sustatuz, komunitatean lan eginez, eraikiz eta elkar zainduz. Hori herrigintza da, osasuna da eta, gazteak kriminalizatu ordez, Jaurlaritzak jakin beharko luke kirol lehiaz gain badagoela eremu seguruetan taldean osasuna sustatzerik, badagoela gure txikienak ikastetxeetan jolasaz gozatzeko espazioak ahalbidetzeko aukera, badagoela gure adinekoak “Tipi-Tapa” programekin jarraitzeko bestelako alternatibarik. Non hobeto kalean eta espazio irekietan baino osasunaz eta mugimenduaz gozatzeko.

Recherche