Itsaso Nabaskues Lasheras

Eskola kirola: ostikada batez hezkidetza jokoz kanpo

Oiartzualdean egindako ikerketan talde mistoak behatuz identifikatu dute neskek bazterkeria jasaten dutela, espazio txikienak okupatuz edota aitorpen postuetatik urrun geratuz.

Eskola kirola pil-pilean dagoen gaia dela aprobetxatuz, eskola kirolean “Neska eta mutilek elkarrekin ala banandurik jokatu behar dute?” gaiaren inguruan “Argia” astekariak 2017ko urriaren 1ean argitaratutako elkarrizketaren ildotik zenbait puntu argitzeko beharrak pentsamenduak hitz bilakatzera bultzatu nau.

Hasteko, Ainhoa Azurmendik argitaratutako txostena goraipatu nahiko nuke. Eskola kirolak eredu misto bat sustatzeko baliabiderik ez duela argudiatuz, neska-mutilek banandurik jolasteko gomendatzen du. Izan ere, Oiartzualdean egindako ikerketan talde mistoak behatuz identifikatu dute neskek bazterkeria jasaten dutela, espazio txikienak okupatuz edota aitorpen postuetatik urrun geratuz. Ez, ez da kasualitatea; hezkuntza, gizartearen ispilu. Hartara, nesken kirol-uztea saihesteko eta ahalduntzea sustatzeko asmoz, gaur egun (eta momentuz) eredu banandua egokiena dela ondorioztatzen dute.

Bestalde, neska-mutilak bereizteko kategorizazio sinplista eta tradizionalaren erabakia hartzen duten kideek argudio ezberdinak plazaratzen dituzte beren erabakiak justifikatzeko. Hain zuzen, onenen eta txarrenen taldeak, edo kasurik onenean, talde parekatuak osatzeko kezka handia da. Kasu gehienetan, asmo txarrik gabeko erabakia izaki, «Eredu mistoa ala ez?» kezka berak, eskola kirolean (er)reproduzitzen dugun ereduaren egokitasuna kolokan jartzen du.

Haurren arteko abilezia ezberdinak kontuan hartuz, denontzako eredu egokiena zein izango litzatekeen eztabaidatzen jardun beharko genuke, neska-mutilek elkarrekin jolastu behar duten ala ez eztabaidatzen aritu beharrean. Bestalde, bidea ekitera goazela oztopo ugari horma bilakatzen dira; besteak beste, zurrunbiloan esklabo gaituen egunerokotasunak, guraso eta instituzioen presioak, gure lanpostua galtzeko beldurrak, gure sinesmen ezkutuek, baita eredu alternatiboak irudikatzeko ezintasunak ere. Antidoto bikaina, ameslarien bide alternatiboak eteteko. Bestalde, eta zorionez, hausnarketa kritikorako gaitasunak bizirik manten gaitzake. Hurrengo lerroetan zurrunbilotik atera eta gure mugen errora bidaiatzeko gonbita egiten dut:

Norentzako eskola kirola sustatzen ari gara: eskubaloi, futbol eta saskibaloian trebeak direnentzako? Eskola kirola zertarako? Mugimenduaren gozamenerako, ala herriko kluben harrobi? Kasualitatea al da parte-hartzaileen gehiengoa mutilak izatea, ala gizartean maskulinitatearekin lotutako kirolak proposatzearen ondorioa da? Nor da jokalari ona? Azkarra eta baloiarekin trebea dena, ala lidergoaz eta besteekin enpatizatuz denekin jolasteko gai dena? Abilezia ezberdintasuna kudeaketarako arazo ala taldearentzako aberasgarri? Denek elkarrekin jolasteko jarduerarik planteatzeko gai gara? Zein jarduera mota ote da egokiagoa «onak» eta «txarrak» elkarrekin jolasteko, arau zorrotzez eta lehiakortasunez beterikoa ala kooperazioa eta arau flexibleagoak bermatzen dituena? Orkestra gidatuko duena, entrenatzaile edo hezitzaile, autoritario ala gidari?

Abilezia gora eta abilezia behera; baina abila izatea garrantzitsua al da eskola kirolean? Literaturaren arabera abila eta baloratua sentitzea ikasteko ezinbestekoa da. Bestela pentsa dezala bakoitzak bere buruan: «Txarren» taldean kokatzen zaituen edo parte-hartze esanguratsua eskaintzen ez dizun aisialdiko jarduera batera astean hirutan joateko prest egongo zinateke? Tamalez, gaur egungo ereduan, haur askok «abilak ez direla», (eskola) kirola «haientzako gauza ez dela», ikasten dute, abila eta ez-abilaren arteko aldea sozialki eraikitako ikuspegi tradizional eta biologiko batean errotuta dagoela jakin gabe. Hain zuzen, eskola kirolean indarrean dagoen abileziaren diskurtsoa problematikotzat aitortzen dugunok kirol-errendimenduaren lelopean diharduela kritikatzen dugu, hezkidetza eta inklusiotik ostikada batez aldentzen gaituena. Hau esanda, abila izateak sexu ezberdintasunak baino garrantzi handiagoa duela esatera ausartuko nintzateke.

Gertuko adibide bat jartzearren; «Patata tortilla egiteko arrautzak eta patata erabiltzen ez baditugu, emaitza ez da patata tortilla izango». Beste hitz batzuetan esanda, eskola kirolean hezkidetza sustatu nahi badugu, beharbada osagaiek ez lukete eredu hegemoniko, normatibo eta kirol errendimenduaren diskurtsoetan oinarritzen direnak izan beharko. Edo hobeto esanda, eta metaforarekin jarraituz, ingrediente horiek kozinatzeko era aldatu beharko litzateke emaitza (gure kasuan, sortzen dugun biztanle mota) ezberdina izatea nahi badugu behintzat. Hala, isilpean baina indarrez manejatzen gaituen munstroaren interesek eskola kirolaren eredua erabat distortsionatzen dute.

Ez dut dudarik eskola kirola tresna aproposa dela abilezia ezberdinak dituzten haurrei elkarrekin jolas daitezkeela erakusteko, aniztasuna errespetatzea eta kide ezberdinen artean kolaboratzea zer den ikasteko. Hori ikastea ezinbestekoa dela aitortuko duzue, baina non ikasten dugu arraza, sexu, funtzio aniztasun, adin, erlijio eta abilezia ezberdinak dituzten pertsonekin harremantzen eta jolasten? Eskola kirolean, askok, ez behintzat. Hartara, galdera gehiago dantzan:

Eskola kiroleko lantaldeak gai al gara ezaugarri ezberdinak dituzten haurrek batera jolasteko saioak (ez entrenamenduak) eskaintzeko? Hezkidetza kirolaren eta jarduera fisikoaren bitartez sustatzeko gai gara? Eskola kirolaren esparruan lan egiten dugunoi unibertsitatean, zein bestelako ikastaroetan, eskaintzen zaigun formakuntza aproposa da eredu inklusiboago bat sortzeko?

Sentitzen dut, baina galdera hauen erantzunak ez dira buruz behera testuaren bukaera aldean ageri. Izan ere, galdera horiek erantzuteko pozoi magikoa bide alternatiboak sortzeko asmoa dugunon hausnarketek eraikiko dute. Irakurle mota guztien lasaitasunerako azpimarratu «saltsa» honekin ez dugula inoren bidea oztopatu nahi, aukera berdintasuna bermatu baizik. Beraz, egon lasai guraso, entrenatzaile eta federazioko kideak. Poltsikoak beteko dizkizuen futbolari profesional bakan horrek izango du bere bidea egiteko aukera, baina ez diezaiegun uka eskola kirol bide hori egin nahi ez duen gehiengoari.

Beraz, laburbilduz eta nire uste apalean, galdera ez da ea neskek eta mutilek eskola kirolean elkarrekin jolastu behar duten, «arazo» horrek iceberg-aren punta besterik ez du eta irudikatzen. Hezkidetza eta inklusioa badira gure hezkuntza sistemako helburu nagusiak, eskola kirolean trinko dirauten kirolen egitura hierarkikoa eta txapelketa sistemaren (ez)egokitasuna eztabaidatu beharko genuke. Berdina egiten edo petatxuak jartzen jarraituz gero, emaitza ezberdina lortzea zaila izango da eta.

Erantzun baino galdera gehiago eskaintzen dituen idatzi hau ixten joateko, eskola kirola haur guztien heziketa integralerako baliabide izan daitekeela indartu nahiko nuke. Ez da kirola helburua, erreminta baizik. Kirolak alde ilunak dituela aitortuz, ondo erabili behar den tresna dela ahaztu ohi dugu. Izan ere, kirolak gizarteko estereotipoak, genero, gorputz zein abila eta ez-abilaren inguruko diskurtsoak erreproduzitzeko ere balio baitezake. Hala izanda, eskola kirola justifikagarria den ala ez eztabaidatzera irits gintezke. Horregatik, kirola eta jarduera fisikoa era hezitzaile batean erabiltzeko formakuntza jaso dutenen espazioa aldarrikatu nahiko nuke, kirofano batean mediku batek opera gaitzala exijitzen dugun bezalaxe.

Hartara, eskola kirolaren esparruan profesionaltasuna aitortu ezean, dokumentu ofizialetako hitz panpoxo eta ameslarion eredu utopikoetara hurbiltzea sasiz beteriko bidea izango da, «batzuentzako» eskola kirola deseraiki eta guztiontzako bat eraikitzeko asmotan. Ainhoa Azurmendik aipatutako baliabideak direla medio, utopia izaten jarraitu beharko duela aitortu ordez, gure mugak gainditzeko osagai ezberdinen bilketan jarraitzeko erronka plazaratuz amaitu nahiko nuke. Indarrean dagoena deseraikitzeko erronka horretan hezkuntza-helburuetatik urruntzen diren interes ezkutuen kontra egin behar dela kontuan hartuz, horma eskalatzen indarra xahutu ordez, eskola kirolaren esparruan eredu alternatiboak eraiki nahi dituzten ameslarien bidaia-lagun izaten jarraitzea nahiago.

Recherche