José Luis Bardón
Mundakako eskola

Eskola txikiak, aniztasunaren gordelekuak

Busturialdeko eskola txikiak Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatuta gaude, bioaniztasunaren gordeleku bikainean. Bioaniztasuna ondarea da, horren barruan bizitza anitza, paisaiak, espeziek, ekosistemak eta abar baitaude.

 Bioaniztasun horren adierazletariko bat dauden nitxo ekologikoak dira; bada hezkuntza munduan eskola txikiak nitxo ekologiko-pedagogikoak dira, babestu eta indartzeko eremuak, beren beregiko ezaugarri propioak gordetzen baitituzte eta, eskola txikiek  nitxo ekologikoek legez, ekarpen baliotsuak dakarzkigute.

Naturan gertatzen den legez ekosistema txikiekin, gure eskolak ere  ekosistema txikiak izanda, malguagoak dira, aldaketarako prestuagoak; erraz eta azkarragoak moldatze aldera.

Landa eremuan kokatuta daude, herri edo auzo txikietan, eskola publikoak; gela berean maila ezberdinak, homogeneotasuna ez dugu eta ez dugu bilatzen, aniztasuna da gure ezaguera propioa, aniztasun horren onarpena nahitaezkoa da eskola inklusiboa lortze aldera. Gure herri txikietan eskolak laguntzen die umeei komunitatean integratzen, haurra eskolan integratzen denean, herrian integratzen da. Lagun berberak izango ditu eskolan eta kalean. Atsotitz afrikarra “Ume bat hezteko tribu osoa behar da”. Gure eremutan errazago hezurmamitu daiteke horren xedea, izan ere, hezkuntza-komunitatea, herria, familiak, lagunak, ikasleak, irakasleak; eskolarekin txertatzeko prozedura erraz, hurbil eta bidagarriagoa da hirietan baino.

Gure eskoletan dugun aniztasuna ez dugu traba bezala ikusi behar, aukera baino, estrategia egokiak bilakatu behar dira talde ezberdinen artean sortzen diren interakzioaz aprobetxatuz eta era naturalean berdinkideen ikaskuntza-irakaskuntza sortzen da, eta sinergi hori bideratu berdinkideen tutoretza ahalbidetzeko, talde kooperatiboak eta ikaskuntza kooperatiboa, taldekatze eta ordutegi malguak antolatuz. Izan ere, propio dugun egitura hori, adin ezberdinetako umeak aldi berean espazio komun batean, pedagogi mugimendu batzuek bilakatzen dute, hala nola: Amara Berri sistemak edo nazio artean erreferentea den Reggio Emilia eskolen sistemak.

Gure eskoletan ikasleek lortzen duten autonomia maila nabarmentzekoa da eta ikerketa ezberdinek agerian utzi dute errealitate hori.

Gure eskolak, eskola graduatu osoekin alderatuz gero, desberdinak dira; horregatik tratamendu desberdin izan beharko lirateke eta Irakasle-eskola fakultatean eskola horien ezaugarrietan erreparatu beharko zaizkie; izan ere, praktiketan etortzen zaizkigun ikasleei gure gela multigradoak arrotzak eta ezezagunak egiten zaizkie, eurek gela gradu bakar bateaz moldearekin baitatoz eta errekurtsorik ez dute. Horretan ere Catalunyan dagoen dinamikan erreparatzea aberasgarria delakoan nago. Lehendabizi Magisteritza eskoletan eskola multigradoari buruzko formazioa landu egiten da eta horren inguruan lan handia egin du GIER taldeak ( Grup Interuniversitari d´Escola Rural).

Nekazaritza eremuetan hezkuntza politikak bideratzeko 2007.urtean Observatori de l´Educació en l´ Món Rural de Catalunya sortu zen eta erakunde horren bultzatzaileak izan ziren Secretariat d´Escola Rural de Catalunya  eta Grup Interuniversitari d´Escola Rural.  Secretariat horretan Berrikuntza pedagogikako mugimenduen irakasleak batzen dira eta Grup horrek Catalunyako Magisteritza ikasketak dituzten unibertsitate guztien (publikoak zein pribatuak) irakasleak batzen ditu.

Gure erkidegoan edota Nafarroan dauden maisu-maistren koordinazio egiturak oso ezberdinak dira lurralderik-lurralde eta urteetan aldakorrak, baina gaur egun Gipuzkoan bakarrik sustatuta dago eskola txikien koordinatzaile irakaslea zeinek Lasarteko berritzegunean lanpostua duen. Gainontzeko lurraldetan, nik dakidana behintzat, dagoen koordinazio egitura eskualdekoa da, esaterako Nafarroan Baztan eta Xareta; Bizkaian Arratia edo Busturialdean.

Busturialdeko kasuan, koordinazio horren emaitzak ugariak izan dira, urteen zehar hainbat lan komun egin ditugu eremu ezberdinetan: Administrazio dokumentutan, hezkuntza aplikazioak, ikaskuntzako proiektu bateratuak, emanaldiak eskoletan, irteerak elkarrekin, egonaldietarako eskaera bateratuak, bisita gidatuak, korrespondentzia, lanen aurkezpenak, materialen trukaketa eta urtero Busturialdeko eskola txikien jaia antolatu. Aipatu ditudan esparruak eta gehiago irakasle koordinatzailea izanez gero baietz etekin askoz handiago aterako geniola koordinazioari, bide berriak urratu eta sakondu, eta, emandakoak  sendotu eta hobetu. Dena dela, jalgi hadi plazara bai euskara baita gure eskola txikien jaia ere eta urte askoan jarraipena izan dezan.

Recherche