Iñaki Idigoras Igartua

Eskubide penalak

Gure beharrak asetzeko, geure neurri eta erara antolatutako egiturak behar ditugu, menpekotasunik gabeak.

Anariren "Zure aurrekari penalak" eta Pettiren "Manipulazio estrategiak" itzelezko bi disko dira. Bata bestearekin kateatuz, saiakera honetan, eskubideak aurrekari penalak dituzten manipulazio estrategiak ez ote diren iradokitzen dut, beharrei dagokien lekua itzultzeko.

Eskutik doaz eskuburdina eta eskubidea. Batak ekarri zuen bestea. Gaztelako erresuma, Espainia izango zen inperioa eratzen ari zen, bostehun urte badirela. Amerika zein Nafarroa(ren beste zati bat) konkista bidez bereganatzen, jatorrizko herritarrak menpean hartuta.

Antza denez, bazen inperioaren baitan kontzientzia lasai ez zeukanik, errudun sentitzen zenik. Salamancako Unibertsitateko Francisco de Vitoria fraide domingotarra, kasu. Esklaboak animaliak bailiran eskuburdinekin lotuta zerabiltzatela jakitean hozka egin bide zion moral kristauak. Bere hausnarketekin, espainiarren Amerikako ekintzen zilegitasuna ezbaian ipini zuen. Egungo nazioarteko zuzenbidearen oinarriak ezarri zituen, eta horrela aitortzen dio NBEk Genevako kongresu gelari bere izena emanez.

Zuzenbideak eskubideez dihardu. Orduko esklabotza seinalatzen zuten eskuburdinen oinordeko ez al dira egungo eskubideak? Ez al ditu eskubide aldarrikatzeak egungo botere gabetuak seinalatzen? Biek ala biek, eskuburdina zein eskubide, ez al dute kontzeptu bera –menpekotasuna– adierazten? Ez al da bigarrena lehenengoaren aro modernorako bertsio leundua? Desiragarri egindakoa?

Gure beharrak asetzeko gai ez garenean, edo ardura hartu nahi ez dugunean, aldarrikatzen ditugu eskubideak. Horrela gabiltzan itxura hartzen diot kale, hedabide zein sare sozialetan erreparatzean: kontzentrazio, manifa, komunikatu, agerraldi, pegatina, pintaketa, eskaera, exijentzia... «adieraz penak», «aldarrika penak» fin batean. Zilegiak eta menpekotasunetik.

Botere gabeziak eramaten gaitu eskubideen «aldarrika penetan» makurtzera. Nekez ikusiko dugu botereduna eskubideen «aldarrika penetan». Eskubideak aitortzen dion hori lortzeko boterea badaukalako, gai delako bere beharrak bere kasa asetzeko. Botererik gabekoon kontua dira, beraz, eskubideak. Menperatzaile katolikoen erruduntasun sentimenduak eragindako errukiz asmatutako kontzeptu zuritzailea direlakoan nago. Aurrekari penalak dituzten, eta egun ere menpeko egiteko balio duten manipulazio estrategiak, beraz.

Kontua da espainiarrak Amerika eta Nafarroa konkistatzen ari zirela 1512aren bueltan. Beste kontinentekoen sufrikarioak mugitu zuen Vitoriaren kontzientzia. Ez dakit jakingo ote zuen, gurasoak euskaldunak izanda, Fernando Katolikoak penintsulan bertan konkistatu zituen bere anai-arrebek bazutela sutsuki defendatzen zuten zera preziatu bat: herritarren mendeetako elkarbizitza ohituretatik eratorritako Konstituzio propio bat, izan ere. Askatasunean mendez mende osatutakoa. Ahozko tradiziotik Foru Orokorrean idatziz jaso zutena, 1238an. Nafar estatuko ordezkariek, erregea aukeratzen zutenean, berau Foruei zin egitera behartzen zuten: nagusi baino, Foruaren araberako bizikidetasunaren defentsaren buru izendatzen zutela adierazteko.

Lagun Marianek esan zidan, Foru Orokorra osotasunean irakurrita, arreta deitu ziola «eskubide» hitza behin ere ez agertzeak. Forua pragmatikoa da: eskubidea aitortu baino, herritarren beharra nola ase zehazten du, baliabide komunalak erabiliz, sarri. Alegia, gure gosea asetzeko, jateko eskubidearen aitortza baino, janaria lortzeko lurra behar dugula. Eta hala bermatzen zitzaigula.

Gure beharrak asetzeko, geure neurri eta erara antolatutako egiturak behar ditugu, menpekotasunik gabeak. Eskubideek estali egiten dituzte duin bizirauteko beharrak. Beharrez gabe, eskubideez ari gara. Beharrez jabetu gabe, eskubideak aldarrikatzen. Nori, baina? Vatikanoak askatasun espiritualik emango ez digun bezala, NBEk ez digu askatasun politikorik emango. Beraien estatusa babesteko instituzioak direlako, eta ez dutelako han beste inor nahi.

Askatuko bagara, geure boterean behar dugu fedea. Geuk sentitu behar dugu. Kolonizatuta daukagun buruaz jabetu behar dugu, ekintzak beharrak asetzera zentzuz bideratzeko. Jabetzeko, baina, ohartu egin behar dugu lehenik, eta onartu ondoren, kolonizatuta gaudela. Boterekeriaz okupatuta daukaten gure etxeaz jabetzen garenean izango gara aske. Mendeetako menpekotasun penak atzean utzi eta gure komunitatearen behar eta desirak ase betetzeko. Bizirauteko.

Katolizismoak goraipatutako errukiaren erroak boterekeriak erditutako erruduntasunean daude. Amerikako konkistak eragindako minetik Salamancako hausnarketara, eta handik berriro Amerikara, NBEn eskubideak aitortuz. Inperiotik, inperioen zilegitzera. Zerua eskaintzea bezain merkea ez al da aitortza? Ez al du –protestaz haratagoko– ekintza ekiditen? Eskubideen zerumugak utopia dirudi, errealitate baino: «ondo legokeena».

Beharra, baina, lurrean bertan daukagu, etxean, gorputzean, buruan: okupatua gutxi ez, eta zatikatua ere badaukagu eta. NBEren atea jo aurretik, geure nazio batuaren erakundea berreskuratu beharra daukagu: Nor izan. «Aldarrika penez» inor baino, guk geuk eginez. Gu geu izanez.

Ez egina da ezina. Egitearen erregai, gogoa. Gogoaren pizgarri, zentzuetatik gogora ekarria. Zentzuz, gogoz eta ekinez. Nor bere bizi legez.

Recherche