Garazi Goia
GAUR8

Espero duguna

Ez dakit zer gertatzen den munduko hainbat lekutan. Ez dut uste sekula albistegietan Tegucigalpari buruzko berri bat entzun dudanik. Badaude horrelako lekuak, inoiz bertara joatea kontzienteki planeatuko ez dudan horietakoak. Baten batzuk aipatzearren, Djibuti, Txad, Timor, Kiribati edo Liechtenstein.

1996. urtean izan nintzen Liechtensteineko hiriburuan, Vaduzen. Ezer berezirik ez zuen, baina zerbaitegatik memorian iltzatuta daukat jatetxe hura, mendian ikusten zen jauregi hura, laku haren inguruan emandako paseoa. Herri txiki bateko lasaitasuna jabe zuen hiriburu atipiko hura. Urruzuno literatura lehiaketan irabazle suertatu ginen dozena bat lagun iritsi ginen hara, Suitzatik Alemaniara bidean egindako geldialdia izan zen; Beck-en abestiak entzuten genituen autobusean; gauean hotelean gelditzen ginen istorioak kontatzen (akaso hara eraman gintuen kreatibitatea ustiatzeko betebeharra genuela pentsatuko genuen); Pragako geldialdian orduko berrogei pezeta balio zituen garagardoa edan genuen lokal ilun hartan; Kafkaren etxe kanpoan argazki bat atera nuen eta Bohemiako kristalezko potoa (oraindik ere gordetzen dudana) erosi nuen souvenirdenda hartan.

Ana Malagon idazleak argitaratu berri duen “Lasai, ez da ezer gertatzen” liburuaren harira egindako elkarrizketa batek ekarri dit akordura Liechtensteineko egun hura. Izan ere, Ana Malagon ere han zegoen nirekin duela hemezortzi urte. «Aurkitu dugun bizitza eta gizartea ez da espero genuena, eta, batez ere, ez da hamarkada luzeetan sortuz joan diren itxaropen horiei erantzuteko gai», erantzuna eman dio Malagonek kazetariari. Orain dakiguna jakin izan bagenu orduan, Malagonek dioen nahigabearen kartografia horretako biztanleak izatera ez ote ginen iritsiko?

Antzeko hausnarketa egin nuen pasa den asteburuan, testuinguru ezberdin batean. Duncan Dhuren kontzertura joan ginen Londresen. Berrogei urte inguruko audientzia zen gehiengoa, azkenengoz taldea kontzertuan ikusi zutenean baino hogei urte zaharragoa, arrazionalagoa, fanatismo lotsatiagoz abestiak gogoratuz saltoka zebilena. Han ikusi eta entzun zutena espero ote zuten? Eta, han aurkitu zuen giroa espero ote zuen abeslariak? Zerk bultzatzen du norbait bigarren aukera baten bila irtetera? Lehenengo saiakeran aurkitu ez zuen zerbaiten itxaropenak? Lehenengo eta bigarren aldiaren arteko etapa behartuan espero ez zuten zerbait sentitu izanak? Edo, fase horretan aurkitutako sentsazioak uxatzeko beharrak: galdera berriak, ezinegona, bakardadea, desilusioa.

Bigarren bueltak ez direla eraginkorrak edo konstruktiboak pentsatu izan ohi dut. Ihesaldi bortxatuak baino ez dira askotan. Ordu luzeak eman ditut azkenaldian, bikotea utzi eta beste zerbaiten bila dabilen lagun baten entzule lanetan. Berrogeita bost urte ditu eta konturatu da ez dagoela asebeteta, bizitzaren erdia pasa dela eta hutsune bat sentitzen duela; baina, ez da ausartzen orain arte eraikitako guztia atzean uzten, bertigoa ematen dio berriro zerotik hasteko perspektibak. Beste batekin maitemintzen hasi dela ez du onartzen. Ezinezkoa delako, zailegia, konplikatuegia. Beldurra ematen dio akats berdinak egiteak, epaitua izateak “normala” den horren erregelak jarraitzen dituztenengatik. Nik esan diot ez dela zerotik hastea. Esan nahi nion beste ilusio batzuk berreskuratzera irits daitekeela, benetan espero duen hori aurkitzeko bidaian murgiltzeko atrebentzia izan behar duela. Baina ez diot hori esan, nire posiziotik oso erraza da-eta horrelako aholkuak ematea. Espero ez genuena aurkitze hori askotan hau izan daiteke: arauak aldatzeko gai ez garela onartzea; hutsaren itxura duten uneetatik hasteko koldarkeria gainditzeko indarrik ez izatea. Askotan errazagoa da aurrera jarraitzea, arazorik ez dagoela geure burua konbentzituz; gainerakoek ere hori egiten dutela eta hain gaizki ez dagoela pentsatuz, kontsolamendu ahula lagun dugula. “Zergatik izan zoriontsu, normala izan zaitezkeenean”. Jeanette Wintersonen liburuaren izenburu probokatzailea.

Recherche