Espetxe-onurei eta bidesari politikoei buruzko gauza gehiago
Horixe da, hain zuzen, Sortu bidean azaltzen ez dena. Bertan, etsaiaren ildo politikoa onartzea proposatzen da, independentziarako bidearekin bat egin eta laguntza emateko, horrek dakartzan ondorioak aipatu gabe, eta aurrez aipatzen ez bada, ezkutatzen dela esan nahi du.
Azken artikuluan, sei eguneko espetxe-baimena eskuratzearren, ETAkide gisa atxilotutako euskal preso batek esan eta egin zuenaren aipamena (beste gauza batzuen artean) egiten genuen. Genioen, era berean, hura eta oraindik are gauza gehiago direla gaur egun euskal preso politikoei exijitzen zaiena. Gaurkoan, ordea, txanponaren beste aldea erakutsiko dugu, predeterminazioz ezkutatzen bada ere, azkenean azaleratu egiten dena.
Komunak garbitzeko destinoa onartzea exijitu egin zion kartzelako zuzendaritzak euskal emakume preso politiko bati. Baina euskal emakume preso politikoak uko egin zionez, hilabete batzuk daramatza isolamendu egoeran. Haren eskualdeko militanteek oso modu argian ulertu dute hor planteatzen den kontraesana.
Alegia, nola da posible kartzelariek halako lana inposatzea, dagokion estatus politikoa aldarrikatzen duen euskal emakume preso politikoaren gogoz kontra izanik? Edozein kasutan, zer dela eta uzten da bazter batean gure presoen estatus politikoaren aldeko aldarrikapena?
Horixe da, hain zuzen, Sortu bidean azaltzen ez dena. Bertan, etsaiaren ildo politikoa onartzea proposatzen da, independentziarako bidearekin bat egin eta laguntza emateko, horrek dakartzan ondorioak aipatu gabe, eta aurrez aipatzen ez bada, ezkutatzen dela esan nahi du.
Hots, baten batzuek sinestarazi nahi digute Euskal Herriaren arazoak konpontzeko panazea aurkitu dutela, eta zertan datza halako kontua? bada, esku hartzeko ildo «eraginkorrak» eta aldebakarrekoak garatzean. Era berean, borroka eza eraginkorra dela sartu nahi digute gure odolean. Baina inozoenek ere ondo dakite borrokarik gabe mendetasuna dagoela. Hau da, etsaiaren exijentziak onartzea arnasa hartu ahal izateko, besterik ez. Aldebakartasunak errendizioarekin zerikusi handia du, aldebakarreko errendiziorako hautua egiten baitut, hain zuzen ere.
Aldebakartasuna errendizio hutsa dela jabetu da jende andana, horretara, halakoa ikusitakoan, aldebikotasuna estatuen arteko afera dela solik argudiatzen dute, eta lasai baino lasaiago gelditzen dira. Gezurretan segitzen dute eta edozein zentzugabekeria esateak balio du. Halaber, umekeria da esatea gatazka batean aldebikotasuna estatuen arteko afera dela soilik, arrazoi asko direla medio: politikoak, ekonomikoak, militarrak eta abarrak.
Gure mendetasun maila egiaztatzeko asmotan, lan destino zehatz bat onartzea exijitzen diguten bezalaxe, bestelako umiliazio ugariz gain, geuk egindakoa delitu gisa onartzera behartuko gaituzte, bai eta, geure jarrera politikoak ere.
Azken kontu hori ez da gauerdiko ahuntzaren eztula, gai garrantzitsuak eta larriak dakartzalako berekin. Izan ere, baldin eta neuk egindakoa delitu gisa onartzen badut, guri ezarritako kondenak onartzea ere esan nahi du eta, horrenbestez, poliziaren eta epaien aurrean egindako deklarazioen aitorpena egiten dugu. Dantza honetan etsaia dugu musika eta letraren egilea, eta gauza guztien aitorpena egitera derrigortzen gaitu, hasieratik amaiera arte.
Kontua ez da horretara mugatzen. Bada, atxilotuaren gogoa makurrarazteko asmotan, presioaren, tratu txarren edo torturaren bidez, bigarren eta hirugarren pertsonen inguruan ateratako deklarazioak (izenak eta abarrak) eta salaketak baliozko bihurtzen dira. Haien bideari argi berdea emanez gero, beste batzuk kondenatzen ari garela onartzen dugu, gure benetako nahia ez bada ere. Torturatzen gaituzte, izenak bortxaz ateratzen dizkigute edo, bestela, asmatu egiten dituzte eta, edonola ere, halakoak onartuz gero, beste batzuk kondenatzen ari gara. Ez dugu halakorik egin nahi, baina horixe da bidea onartzeak dakarkigun ondorioa. Nahikoa izango dute halako «delazioarekin» (nahi gabe egindakoa) edo gauza gehiago exijituko ote dute?
Estatu faxistek muturreko krudelkeria darabilte, eta erabateko mendetasun pean jarri nahi dituzte haien etsaiak. Beraz, borrokatu nahi duten belaunaldi berriek jakin bezate sufrimendu handia jasan beharko dutela. Men egiten duenak bere burua desegiten baitu nolabait, eutsi egiten dionak, aldiz, sufritu egiten baitu.
Hartara, borroka izan da euskal herri langile gisa bizirik irauteko elementu nagusia. Aurrera beti!
(Artikulu hau aurreko hiru hauen jarraipena da: «Izaera politikoa galtzearen gainean. Damuaren gainean. Garraztasunik gabeko termino politikoetan», «Damua dela eta ez dela» eta «Espetxe-ildoaren exijentziak, onurak eta bidesariak»)