Xaquin Garcia Sinde eta beste 200 Estatu mailako sindikalistek

Estatu mailako sindikalisten manifestua Euskal Herriko urtarrilaren 30eko greba orokorra babestuz

Greba honek argi utzi behar du datorren Gobernuak ez duela txeke zuririk izango

Azpian sinatzen dugunok, Estatu osoko sindikalistak eta langileak, gure babes irmoa adierazi nahi diogu urtarrilaren 30eko greba orokorrari eta gure elkartasun guztia eskaini nahi diegu Euskal Herriko langile klaseari eta gazteriari. Era berean, adierazi nahi dugu gure erabaki tinkoa, greba hori gure lantegietan ikusgarri eta ezagun egiteko eta gure erakunde sindikalei grebari babesa eman diezaioten eskatzeko.

Datorren urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herriko langile klasea eta gazteria greba orokorrera deituak daude. 'Lan, pentsio eta bizitza duina' leloarekin eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta –bertan parte hartzen dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek besteen artean– greba honetara gehitu dira jada hainbat ikasle eta gazte erakunde, Ikasle Sindikatua, Ernai eta Eragin eta ehunka erakunde sozial.

Abiapuntu gisa pentsionisten mugimenduaren eredua eta irmotasuna hartuta, 'Batak ala besteak gobernatu, pentsioak defendatu' leloaren izpirituan, greba hau aurrerapauso garrantzitsua da Euskal Herriko eta beste lurraldeetako kaleak bete dituzten mobilizazio handiak elkartzeko bidean.

Patronalaren eta bankuen irabaziak loditzeko helburuz, gehiengoa pobretu duten murrizketen eta austeritatearen amaiera eskatzeko greba da, politika horiek jarraitzen baitute zehazten EAJ-PSOEren Eusko Jaurlaritzaren eta Estatu mailan egon diren gobernuen agenda. Kontrarreforma guztiak (pentsioak, lana, hezkuntza) indargabetzeko eta gastu soziala benetan handitzeko greba da. Estatuaren deriba autoritarioaren aurrean eskubide demokratikoak defendatzeko greba da, Altsasuko gazteak eta preso politiko guztiak askatzearen alde eta errepublikaren aldeko borrokatzen duen Catalunyako herriari gure babes osoa adierazteko.

Greba honek argi utzi behar du datorren Gobernuak ez duela txeke zuririk izango. Azkenean, PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernua osatzen bada, Euskal Herriko eta gainontzeko lurraldeetako langileok eta gazteok ez dugu onartuko politika kontinuista bat Ibex 35a, CEOE eta Europar Batasuna asebetetzeko. Negoziazioko sekretismoak eta Podemoseko buruzagi askoren adierazpenek, PPren kontrarreformak ez dituztela indargabetuko eta ez dutela gastu soziala handitzeko, abusuzko alokairuekin amaitzeko edo errepresioarekin amaitzeko ezinbesteko neurriak hartuko esanaz, jada bagenekiena konfirmatzen dute: ezinezkoa da langileen eta sektore xumeenen alde gobernatzea kapitalismoaren arauak errespetatuz.

Hori dela eta, Podemosek eta EAJk Jaurlaritzan erdietsi duten aurrekontuen akordioa oso albiste txarra da: hori da kaleko borrokari uko egin izanaren, ezkerreko oinarri sozialari bizkarra emanaren eta botere ekonomiko handien aurkako konfrontazio programa, politika instituzional antzuenarengatik ordezkatzearen emaitza. Aldi berean, gure aurkakotasun irmoena adierazi beharrean gara CCOO eta UGTko zuzendaritzek hartu duten jarreraren aurrean, greba honen aurka egin baitute, hain ondorio tamalgarriak dituen bake soziala eta desmobilizazioa bermatzeko duten estrategia berretsiz. Tamalez, CCOO eta UGTren ezkerrera dauden beste sindikatu batzuek ere –CGT-LKN adibidez– greba deitzeari uko egin diote, mugimendua zatitzeko bakarrik balio duten argumentuetan eroriz.

Euskal Herriko urtarrilaren 30eko grebak bidea zein den erakusten du, Estatu frantseseko klaseko burkideak egiten ari diren bezala, Macronen gobernuaren pentsioen erreformaren eta langileen kontrako politiken aurkako greba orokorrarekin. Langile, ekintzaile eta gazte guztiak manifestu honekin bat egitera eta ahalik eta gehien zabaltzera dei egiten diegu. Kendu dizkiguten lan eskubide eta eskubide sozial guztiak berreskuratzeko eta gure bizi baldintzak hobetzeko, borroka da bide bakarra!

Recherche