Estetika erabakiak
«Eta nire kasuan, estetikari buruz aurreiritzi asko izan baino lehenagotik nuela nire belarriak zegokiena baino handiagoak zirenaren ustea dirudit. Ondorioz erabaki hau irudipen pertsonaletan oinarritzen dela iruditzen zait. Baina galdera estetiko garrantzitsuena, aldaketaren oinarria baino, aldaketaren beharrean datza nire ustez.»
Ebakuntza estetiko bat egin aurretik egin ohi den gogoeta egin gura nuke idatzi honen bidez. Halako erabakirik hartzera zerk eraman nauen inoiz ahantzi ez dezadan alde batetik eta argudiaketaren bidez erabaki onena hautatzearren bestalde. Badira bi urte belarriak aldatzeko ebakutza estetikorik badela jakin nuenetik. Delako ebakuntzaren berri izan nuenetik nire iritzia aldekoa izan da orokorrean. Baina nire buruan nonbait ebakuntza ez egiteko ideirik ere bada. Bi hauen artean bat hautatzeko garaia iritsi zait. Eta zuekin banatu nahi nuke nire gogoeta. Ebankuntza egitera bultzaten nauten arrazoien artean, hasteko ebakuntza oso ziurra eta arriskurik gabekoa dela dago. Hori diote behintzat erakunde eta informazio-iturri gehienek, eta prezioari dagokionez, ordaindu nezakeen kostua du gainera. Gaizki joanez gero beraz, aurreztutako diruaren zati handi bat galtzeaz gain, ebakuntzak ez lidake galera sakonik ekarriko, orain arte bezala belarriak estalita eramaten jarraituko nuke besterik gabe. Arrazoien artean, ebakuntzak ekarriko lizkidan ondorioak daude. Ondorio onena ebakuntzak emango lizkidan erosotasuna eta askatasuna izango litzateke nire kasuan. Ez bainuke belarriak ezkutatu beharrik izango, eta horrek libreago egingo ninduke. Ebakuntzaren beste ondorio bat, agian ona izan litekeena, zera litzateke, neure burua onartzeko laguntza behar izan dudalaren kontzientzia, dena neuk bakarrik ezin egin izateak dakarren apaltasun kontzientzia. Eta ez da bat batean hartutako erabaki bat, esan beharrean nago. Belarriekiko dudan lotsa oso zaharra da nire kasuan, dozena bat urte nituenetik batak biari aurrea hartu dion arte izan dut lotsa hau, gaur arte. Ez da bada, momentuko zoraldi bat. Baina ebakuntzaren aldekoak ez diren arrazoiak ere baditut gogoan.
Sinpleenetako bat zera da, ebakuntza gaizki joanez gero hasierako egoera berean egongo nintzatekeela baina 2000-3000€ gutxiagorekin. Bestalde, ebakuntzaren kontra izatera bultzatzen nauten ideien artean estetikaren ideiena da. Alde batetik ebakuntza egitea gizarteak inposatutako ederraren kontzeptua onartzen dudala esatea litzatekeelako, eta horrek gizabanako orok izan dezakegun iritzi pertsonal oro ezabatuko lukeelako. Eta ez dut hori baieztatu nahi. Baina, ez dut uste nire ebakuntza erabaki honen jatorria gizartearen estetika ereduen ondorioa denik. Nire edertasun kontzeptuaren ondorio denaren susmoa dut.
Egungo dilatadoreen inspirazio iturri izan den kultura salbuespen, ez dut ezagutzen belarri handiak edertasunaren eredu den kulturarik (izango da halere halakorik) eta aldi berean, belarri haizemaileak herrialde gehienetan ez dira edertzat jotzen, aerodinamikaren printzipio oro desafiatzen dutelako agian edo minoria direlako bestela. Edo agian edertasun kontzeptu unibertsal bat badelako, askok defendatzen duten gisan, formen proportzio eta orekan oinarritzen dena. Eta beste askok bezala, nik baietz uste dut. Eta nire kasuan, estetikari buruz aurreiritzi asko izan baino lehenagotik nuela nire belarriak zegokiena baino handiagoak zirenaren ustea dirudit. Ondorioz erabaki hau irudipen pertsonaletan oinarritzen dela iruditzen zait. Baina galdera estetiko garrantzitsuena, aldaketaren oinarria baino, aldaketaren beharrean datza nire ustez. Halakoak edo bestelakoak izanda ere, zergatik aldatu beharko nituzke nire belarriak? Errespetatzen al du nire etika erabaki honek? Hain zuzen ere, galdera hauen erantzunean datza ebakuntzaren alde edo kontra dudan benetako zalantza. Guraso eta inguruarengandik jaso dudan iritzia zera izan da, ez dela ez etikoa ez morala, baina inoiz ez dut arrazoik entzun, nork bere itxura onartzearen aldekoa. Hau ikusi dudalako, hau sinetsi dut, baina froga faltan zalantzak hartu nau, eta jada ez dut ideia hau defendatzen.
Eta horrek eman dizkit arazo gehien estetika erabaki honekin. Zer dute txarra ebakuntza estetikoek? Non dago muga, ebakuntza fisiko eta eguneroko apaindura fisikoen artean? Zergatik ez letorke ebakuntza estetiko bat nire etikarekin bat? Ebakuntzen eta bestelako aldaketak banatzen dituen marra estua dela oso azpimarratu nahiko nuke. Kohla, zimurrak kentzeko kremak, argaltzeko kremak, hortzak lekuz aldatzeko burdinak, ebakuntzak… Sailkapen garbi bat izan dut nik, bisturirik behar dutenak onargarriak direla eta bisturidunak ez direla hain onargarriak direla esaten didana. Ebakuntzaren arriskuak handiagoak izan ohi dira, baina gogoeta gutxirekin egiten ditugun beste aldaketa batzuek, hortzak lekuz aldatzea adibidez, ere hausnarketa bat merezi luketela gogorarazi nahi nuke, hauek ere erabaki estetikoak baitira, eta beraz estetikak geure bizitzan zer pisu duen, edo nahi dugun pisua duen galdetu beharko genioke geure buruari noiz behinka.
Azken urteetan nire inguruan ebakuntza estetikoak izan dituzten jendeen adibideak ikusi ditut. Eta honek ebakuntza estetikoen inguruan nuen iritzi-espektro mugatua zabaldu dit, ongiaren eta gaizkiaren inguruan nituen arrazoitu gabeko zenbait ideiei buruz hausnartaraziz. Pare bat ditut gogoan, ebakuntzak positiboak izan diren kasu batzuk: ebakuntzak egin dituztenek segurtasun gehiago dute orain, lehen zuten lotsa delako lotsa iturri bat galdu dutelako. Orain, ordea, ez dut balio moralik ikusten erabaki batean edo bestean, bata bestea bezain ona iruditzen zait. Edonola ere, nire ideiekin bat egiten duen erabakia hartu nahi dut. Ebakuntza estetiko batekin nire belarriak aldatzea nire ideiekin bat al dator? Hau da gehien beldurtzen nauen galdera. Hau da nire erabakiaren erraietan dagoen funtsezko egia, eta erabakiaren ondoren azaleratuko dena. Dudanaren onarpenak ba al du baliorik? Ez al da esker txarrekoa al da eman zaidan zerbait aldatzea? Edertasun estetikoa daukadanaren onarpena baino garrantzitsuagoa al da niretzat? Laister adieraziko dizuet erabakia. Hartzen dudan erabakia hartzen dudala, epaiketa asmorik gabe, erabaki ona izango dela pentsatu nahi dut.