Josu Iraeta
Idazlea

Etorkizunari mintzo

Gogoan daukat, nola «preu» bukatu ondoren, maiatza-ekainaren artean, udara ikaragarri luze baten aurrean, jartzen gintuzten gazteak, baina etxekoek tita batean, aspertzeko denborarik gabe, aitaren fabrikara eraman zidaten. Han marrazkigile artean, mahai luze baten tokia egin, eta han igaro nuen ia udara osoa... Ez nintzen batere aspertu.

Hasiera honek, nire inguruko gazte askoren egoera jartzen dit begi bistan eta hortik sartuko naiz.

Lehen orain baino askoz gehiago, baina tarteka, idazlea orri zuriaren aurrean biluztu egiten dela esaten dutenak, oraindik badira eta baliteke egia izatea. Nolabaiteko hutsunea nabaritzen baita, hori egia da, eta zalantzak sortzen dira egin beharrekoaz.

Beste behin ere barruan dagoena zintzotasunez kanporatu, ikusten eta entzuten dena adieraziz, sinesten den horren alde eginez, edota, sormena; fikzioa eta metafora jorratu.

Gaur, euskal gazteari begira jarriko naiz, zuena da nire lanaren rol nagusia. Neska gazte bat, eskolatik fakultateraino jauzia normalizatu nahian, dena zalantzan jartzen duena. Bere ideiak konfiguratu eta garatzeko asmoa duena. Inguratzen duen munduaren taupadak bitartekaririk gabe ulertu nahian dabilena, inolako manipulaziorik gabe.

Neska gazte hau ohartzen da, bera parte den gizartea, erakunde politiko nahiz erlijiosoen «ikusmen lausoa» eta kolaboratzailea, agerian egon arren, liskar gogor eta latz baten efektuen mende dagoela –aitonak hainbat aldiz aipatutako liskar hura-, eta oraindik ez dituela ondorio praktikoak behar bezala metabolizatu.

Ez da gai sentitzen bere aitonak aipatzen zituen ehunka mila euskaldunek defendatu zuten ideia errepublikazale eta abertzalea azpiratua izatearen ondorioak, behar bezala neurtzeko. Baina badaki, Francok eta bere euskal, zein ez-euskal «kolaboratzaileek» beldurra eta harrapakeria inposatu zituztela frankismo luzean zehar.

Iraganean murgildu nahian egia jakiteko asmoz, ikusten du euskal klase politikoan, batzuek frankismoaren egungo «adarkadura demokratikoari» aurre egiten dioten bitartean, beste batzuek –dagoeneko zortzi hamarkada luze igaro diren arren– etsi egiten dutela, eta onartu Madrilgo nagusikeria.

Neska gazte unibertsitario honek, bertsio, helburu eta interes desberdinak dauzkaten baina arrazionalki elkarrekin bizitzera behartuta dauden bi munduren artean bizi da. Nolanahi ere, egia «adimentsuaren» bilaketan, bere erradikaltasunak onartzen du, zaila dela bere bizi proiektua garatzea –buruari leial izanez– bai inguratzen duen gehiengo gizarte, zein familiako egungo belaunaldiarekin.

Jakin badaki, gaur egungo nukleo familiarra sortu zutenak garaituak izan zirela eta garaituen tratua jaso zutela, eta haien ondorengoak –bake eta elkarbizitzaren izenean– erregimen horretan babes hartu dutela, baina ez «burua makurtu gabe”.

Aukera bat da, beste aukera bat, makurragoa litzateke bakarra izatea. Neska gazte unibertsitarioak, aitonak gogoan zituen gudarien jokabidea inbidiaz gogoratzen duen bitartean, argi eta garbi ikusten du beste batzuk nola mugatzen diren bizitzaren onurekin amestera.

Kontakizunaren protagonistak, gogoeta egiterakoan , konturatzen da zaila dela gaur-gaurkoz, nahiko «motel» ikusten duen kausa baten alde modu adimentsuan egitea. Nor den jakin nahi du, egiaz nolakoa den eta non dagoen, eta ez du inork adierazterik nahi. Berak bakarrik aurkitu beharra dauka, bere kabuz.

Ezin hobeto daki erreferentzia bere aitona dela. Bere aitonaren memoria gogora ekartzean, gizon zuzen bezain jator bat ikusten du. Etxea, familia, herria eta herrialdea defendatzera behartuta egon ziren belaunaldietan murgildua, baina garaitua eta frustratua.

Neska gazte unibertsitario hau buruargia da, zalantzarik gabe, baina gaztea, eta, tarteka, zalantzatia ere bai. Behar bada, prestakuntza ikastetxe erlijiosoetan jaso izanak, kontraesankor samarra izatea darama, eta –esponja baten gisa lan egiten duen garunaren jabe denez– tarteka nahiko «iragazkor» jotzen du bere burua.

Bere prestakuntzari dagokionez, inoiz ez du ikasketak eta kirola uztartzeko arazorik izan, eta horrek nolabaiteko segurtasuna ematen dio helburu akademikoak ahalegin handiegirik gabe lortu ahal izateko.

Arazoak beste batzuk dira. Ez du beste batzuek interpretatzen dutenaren ikusle izan nahi. Berak protagonista izatea erabaki du. Ahaleginak egin nahi ditu, hamarkadaz hamarkada «kastitate demokratikoa» eta inposaturiko errealitatera egokitzea predikatzen jarraitzen dutenen gainean. Nagusitasun-plano batean kokatzea du helburu, baina badaki, aitak askotan esaten dioen bezala; zerbait izatekotan, lehen ikasi, gero lan egin eta azkenik, burua hornituta dagoenean, erabaki.

Neska gazte unibertsitarioak iritsi egin nahi du, ez du amore ematen. Ez du «praktikoa» izan nahi, ez baitu benetako irizpide eta duintasunik gabe bizi nahi. Ez du «duintasun kontzertatua» onartzen, egia bilatzen du, errealitatea.

Gaztea da, oso, baina sistemaren eguneroko kontraesanek erakutsi diote «errealitate ofiziala» garaileek asmatzen dutela, eta komeni zaien modura erabili. Hortik eratortzen dira, gero, ondorioak. Ondorio politiko, sozial eta ekonomikoak. Eta ondorio horiek erabakigarriak izan dira, ez bakarrik aitonaren iragana zehazteko, baita euskaldunen belaunaldi askoren oraina eta geroa bideratzeko.

Hainbat urteko demokrazia omen baina, «garaileek» oraindik ere, garaituen agintari eta gainera demokratak. Marka duk gero.

Neska gazte euskaldun, jatorra eta buruargia, zorterik onena erabakietan, zure esku baitago gure herriaren etorkizuna.

Recherche