Isidro Esnaola
GAUR8

Europako ekonomiaren ahuldadeak agerian

Gure gizartean zientziak izugarrizko pisua du. Edozein gauzari ‘zientifiko’ izenondoa jarriz gero, kritikarik gabeko onarpena jasoko du. Indar handi horren oinarrietako bat, hain zuzen ere, honakoa da: hainbat arlotan zientziaren aurkikuntzek izandako gauzatze praktikoa. Satelite bat orbitan jartzeak inpaktu handia du guregan. Ez dakigu zehatz-mehatz nola lortzen duten, baina begi aurrean ikusten dugu emaitza eta irudi horrek indar handia du.

Fenomeno hori hainbat arlotan ematen da. Ekonomiarekin lotutako kontuetan, aldiz, hori ez gertatzen. Ekonomiak zerikusi handia du pertsonen baloreekin, kulturarekin, motibazioarekin, finean, giza ezaugarriekin. Norbanakoekin eta gizartearekin lotutako eremuetan gauzak ez dira hain zehatzak, neurtzeko zailak dira. Gehienez ere ohitura batzuk antzeman daitezke. Horietako bat portaera taldekoia da; «eguzkia nora, zapiak hara» esan ohi da. Eta horrekin joera batzuk antzeman daitezke, baina, hortik harantzago, ezer gutxi. Hala ere, ekonomialariak, instituzio ekonomikoetako goi mailako arduradunak, politikariak eta antzeko profesio edo ardurak dituztenak behin eta berriz saiatzen dira euren funtzioei nolabaiteko oinarri zientifikoa ematen. Horretarako, modelo matematiko konplexuak erabiltzeaz gain, izugarri gustatzen zaie interes tasaren inguruko gogoetak egitea. Eta banku zentral bateko arduradunak baldin badira, interes tasa igotzen eta jaisten ibiltzen dira. Aldi bakoitzean, puntu laurden bat gora edo behera. Eta, horrela, ekonomiaren gain eragiten ari diren sentsazioa sortzen dute. Nonbait gauzak moteltzen, azkartzen edo zuzentzen ari dira. Horrela bada, zergatik puntu laurden eskas bat aldi bakoitzean? Zeinek kalkulatu du kopuru zehatz hori? Zeinek erabaki du beti puntu laurden bera erabili behar dela? Kopuru horrek, zientifikoa baino gehiago, mistikoa ematen du.

 Errealitatean, kasu askotan, itxura besterik ez da egiten; beste kasu batzuetan, aldiz, bilatzen dena ez da inolaz ere aditzera ematen dena. Azken adibidea orain dela hamar bat egun izan dugu. Europako Banku Zentraleko burua den Mario Draghik interes tasa puntu laurden jaitsi zuen. Interesa inoiz izan duen kopuru baxuenean utzi zuen: %0,25. Dirudienez, erabaki horren atzean deflazioan erortzeko arriskua dago, hau da, espiral bat sortzea prezioak jaistearekin batera kontsumoa jaitsiz herritarrek prezioak are gehiago jaitsiko direla uste dutelako. Deflazio egoerak, baina, zerikusi gutxi dauka interes tasarekin: orain interes tasa oso baxua da baina inortxok ere ez du krediturik lortzen. Aurreikuspenak onak baldin badira, jendeak kredituak hartzen ditu, baita interes tasa oso handiekin ere. Deflazioaren arazoak, berez, politika ekonomikoarekin lotura handiagoa du. Zorrak bueltatzea lehenetsi da, eta, horrek, izugarrizko zama jarri du pertsona, enpresa eta estatuen gainean. Pisu horrekin, guztiz normala da ekonomia deprimituta egotea. Beraz, esaten dutenaren aurka, erabaki horrekin ez da kredituaren jarioa handituko, enpresek ez dute finantzazio merkeagoa lortuko, eskaera ez da indartuko, eta abar.

Aldaketa horrekin irabaziko duten bakarrak bankuak izango dira. Kredituak interes tasa berdintsuarekin ematen jarraituko dute, baina, aldiz, bankuek eurek dirua merkeago lortuko dute Europako Banku Zentraletik. Bi interes tasa horien arteko diferentzia handitzen den neurrian, bankuen irabaziak ere handitu egingo dira. Beharbada, irabaziak beharko dituzte bankuek, eta handiak gainera, oraindik agerian jarri ez dituzten galerak berdintzeko. Kontuak kontu, erabakiaren eragina horretara mugatuko da.

Estatu espainolean ondo hartu dute interes tasen jaitsiera. Ondo baino hobeto datorkie PPren gobernuaren bigarren urtemuga honetan hobekuntza baten atarian gaudela saltzeko, baina, itxura guztien arabera, Estatu espainoleko ekonomiak putzuaren hondoa behintzat jo duela ematen du. “Hobekuntzaren” tamaina baloratzeko, aste honetan bertan Mario Draghi Europako banka komertzialaren ordezkariekin bildu da egin behar dituzten azterketei buruz hitz egiteko, eta, hemezortzi galderetatik hamalau, Espainiako bankuen ordezkariek egin dituzte. Atera kontuak!

Recherche