Josu Iraeta
Idazlea

Europarren lotsa

Egia da, hiri barrutik emandako begiradak erakusten du, jantziak bakarrik ez, gizartea ere asko aldatu dela azken mende erdian. Baina herritarren arteko ohiturak aldatuz badoaz, badira bere baitan mantentzen ditugunak. Ez dira nolanahikoak, begirada batez sumatzen direnak, baina hor gordeta ditugu.

Asko beste zerbait sinestarazten saiatzen bada ere, begirada luzeak ematen duen laburbilketa, denboran ateratako ondorioa, zera da, alegia, euskaldunok mugatuta jarraitzen dugula «benetako erlijio bakarra», oraindik gizarte kontrolerako teknika gisa.

Gurea bezalako jendartean, ustez ongi egituratua dena ikuspegi nazionaletik zein erlijiosotik, belaunaldien arteko lotura beti izan da, garrantzitsua eta kontrolatua izanaz batera, emotiboa.

Horregatik, gazteak ez dira bakarrik arbasoen ondare eta baliabideen oinordeko, haien ideiak ere jasotzen dituzte. Herentzia emotibo-ideologiko honek baditu bere arriskuak ere, iritzi soil gisa ernetzen dena erantzunik gabeko egia, ia dogma hutsa, bihur baitaiteke denborarekin.

Gure egoera ez da beraz asko aldatu sasoi bateko Francoren Azor entzutetsuak, buian lotuta, Donostiako badia osoa husten zuen garaietatik.

Asko dira oraindik dikotomia gaizto eta kaltegarri batez, delitua-bekatua, mugatuta bizi diren euskaldunak.

Ez dira, halere, euskaldunak bakarrik bizi euren ondarearen gatibu. Hortaz, nahikoa da espainolen presidentearen esanak eta ibiliak behatu edo irakurtzea, diodana ulertzeko. Egia da bere konbikzioen ahuleziak pertsonaia kontraesankorra bihurtzen dutela; fidagarritasun eskasekoa eta heldutasun mehe nabarmenean, baina bere erabakiak Espainiako Gobernuko presidentearenak dira.

Hainbesteraino da honela, ezen gobernuaren aitzindaritzan urteak bete arren, inork -ez behintzat euskaldunok- ez baitu uste Pedro Sánchez jauna, gai izango denik, bere inguruan ongi sustraituta dagoen inposizio erreakzionariotik urrunduko diren irizpideak abian ezartzeko.

Erreakzioaren indarrez blai eta era berean mugatuta baitago inguru hori, hau da, lurraren «jaunak»; Eliza intolerantea, gerrazalea eta atzerakoia; banketxe eta multinazionaletan gizendutako burgesia, denak ere PPren barne txertatutako lunpen ultraeskuindarraren babesean, horiek direlarik, berez, Espainian izan diren diktadura zibil eta militarren ondarea mantendu eta bultzatzen duen motorra.

 Erreakzioaren argazki bizia dira, egungo Estatu espainolaren «gurasoak», edozein berrikuntzaren aurka beti erne, euren iragan beltz eta ankerra ezkutatuaz, zeren eta euren historia zabaltzen duten liburuek aipatzen ez badute ere, gaurko Estatu espainolaren marrazkia, azpikeria dinastiko eta gerra lapurreten ondorio zuzena da. Beti ere urrun, oso urrun, herriek euren etorkizunaren jabe izateko duten eskubide eta borondatetik.

Kasta erreakzionario hau, bera baita Franco diktadorea hil zenetik estatua kudeatzen duena. Bereziki trebea azaldu da goi funtzionarioen elite bat garatzeko, gezi punta gisa jokatzen duena eta sistemarentzat berebizikoa bihurtu dena.

Gezi punta hori osatzen dutenak gehiegikeria nabarmenak, ez bakarrik hitzezkoak, burutzen dituzte, lotsaz edozein gorritu beharko luketenak, baita eurak bezalako kidego korporatibista. Zein urrun diren beren funtzioari dagozkion ariketa lasai eta orekatutik, botereen arteko tartea mantenduaz.

Fundamentalismo ultraeskuindar eta erreakzionario espainiarraren zorabioen betetzaile otzanak bihurtu dira. Euren lanbidearen izaera zizelkatu dute eta formalismo demokratikoaren aktore bihurtu dira, jakinik euren bulegoetan babesa ematen zaiola instituzio europarretan eta estatukoetan lortutako gainbalioari, mehatxua eta diru beltzaren uzta, «presio diplomatikoaren» ezkutalekuan mozorrotuta, hori bai.

Eurak dira, gehiegikeria irrazionalekin «larritasun soziala» eragiten dutenak. Hain zuzen, kontzeptu hau, bere erabilpen interesatu eta iruzurtian ateratzen duten etekinaren garrantziagatik, aztertu eta kolokan jarri beharko litzateke, baita ere jardun juridiko-politikotik ezabatu.

«Larritasun soziala» deitutako hori izan daiteke gaur iritzi publikoaren gogoaren egoera neurtzeko alea, alegia, azken garaietan zenbaitek zigor legearen gogortzearen aldeko sentsibilitatetzat jotzen duena. Horretarako lehen urratsa izaten da zenbait hedabidetatik landutako presioa, eta, bigarrena, «neurri zehaztugabearen» ezarpena, epaileak ontzat ematen duena.

Horrela jorratzen da boterearen interesetara egokitutako justizia malgu eta harkor. Frankismoak ere erabili zuen bere garaian. Orduan beste helburu batzuekin, baina nazionalismo espainolak moldatu egin du fronte eta hasiera desberdinetatik; prentsatik epaileetara, gobernuetatik ere pasata.

Horiek guztiek, batzuek zein besteek, ugazaba eta morroiak, burugabekeria eta arrazoi eza besarkatuz jarraitzen duten bitartean, kiratsez beteriko ondare beltzaren hartzekodun bakarrak, Espainia zaharraren gehiegikeriaren jalkina, izango dira, zalantzarik gabe Europaren kiratsa eta pentsamendu demokratikoaren lotsa. Denentzat kaltegarri.

Recherche