Euskadiko lankidetza arloko murrizketen ondorio «ikusezinak»
Azken urteotan murrizketa gogorrak ikusten ari gara Euskadiko politika sozialetan eta, horien barruan, garapenerako nazioarteko lankidetzarako aurrekontuetan. Erakunde publikoek lankidetzarekin daukaten konpromisoa ezberdina da lurralde eta kolore politikoaren arabera.
Nazioarteko lankidetzara zuzendutako portzentaje gehienek lurra jo dute (Eusko Jaurlaritzan, Arabako Foru Aldundian, Bilboko Udalean eta Bizkaiko Foru Aldundian). Kasu batzuetan (Gipuzkoako Foru Aldundian eta Donostiako Udalean) bere horretan mantendu dira, eta beste batzuetan berriz (Gasteizko Udalean) gobernuaren konpromiso ezak ezegonkortasun handia sortu du lankidetzako politiketan, alderdi politikoen itunen mende geratu delarik erakundearen aurrekontuak onartu ala ez. Errealitate horrek urrundu egiten gaitu (eta nola!) harako %0,7 (70 zentimo 100 euro bakoitzeko) historiko hartatik, zeinaren arabera herrialde aurreratu bakoitzak bere Errenta Nazional Gordinaren portzentaje hori nazioarteko lankidetzara bideratu behar baitzuen, Nazio Batuetako akordioaren arabera. Baita ere urratzen da Legebiltzarrak 2007an onartutako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Legea, helburutzat zeukana portzentaje hori euskal erakundeetan %0,7raino hurbilaraztea.
Nazioarteko lankidetzako politika publikoek bermatzen dute herrialde pobretuetan pobrezian eta ezberdintasun egoeran bizi diren milioika pertsonaren eskubideak betetzen direla esparru anitzetan, hala nola hezkuntzan, osasunean, gizon-emakumeen arteko ekitatea bultzatzeko ahaleginetan, gai publikoetako parte-hartzean, edateko ur eta saneamenduko azpiegituretan, gosearen aurkako borrokan… Aukera ematen dute, baita ere, gure inguruan burutzen diren ekimen guztien bitartez euskal gizartea sentsibilizatzeko mundu justuago bat lortzeko beharraz. Hain zuzen ere giza eskubideak defendatzea dute helburu lankidetza deszentralizatuko politika horiek, gobernu autonomiko, foru aldundi eta udalek garatutakoek. Beraz, gure betebehar etiko eta morala da politika horiek mantentzea.
Erakunde publikoak 2015erako aurrekontuak prestatzen ari diren une honetan, alderdi politikoei eskatzen diegu har dezatela garapenerako lankidetza benetako politika publikotzat eta sar dezatela politika sozialen barruan ezinbesteko tresna bat bezala, tresna horren bidez bermatzeko kohesio soziala, aukera berdintasuna, ongizatea eta gizartearen eta bertan bizi garenon duintasuna. Egungo murrizketekin atzerakada gogorra eragiten ari zaie jadanik lortuta genituen lorpen askori, lorpen horiek euskal gizarteak berak gauzatu baititu konpromiso irmoa hartuz bere baitako pobrezia eta milaka kilometrora gertatzen diren bidegabekeriak borrokatzeko. Ez dezagun ahaztu Euskadiko lankidetzako politika publikoak erreferentzia izan direla Estatu osoan azken 25 urteotan, ez bakarrik erakunde publikoek lankidetzara bideratu duten diruarengatik, baina baita ere, eta bereziki, aplikatu diren politiken kalitatearengatik, epe luzeko politikak izateagatik eta emakumeen eskubide, genero ekitate eta jabekuntzaren alde duten konpromisoarengatik.
Garapenerako GKE-ok ongi dakigu gizarteak zailtasun ekonomiko handiak bizi dituela, gu ere gizartearen parte garelako eta, beraz, ikusi, sentitu eta nozitu egiten dugulako hiritarren eguneroko bizi-ezina. 2010-2013. urte bitarteko murrizketen inpaktua zein izan den ikusteko, azterlan bat egin dugu erakundeko kide guztien artean. Atera dugun ondorioa da murrizketek inpaktu gogorra dutela herrialde pobretuetan egiten diren lankidetzako proiektuetan: Koordinakundeko kide diren garapenerako GKEen diru-sarrerak %35,5 jaitsi dira guztira, eta ondorioz %25,4 murriztu behar izan dute Hegoaldean egiten duten proiektu kopurua. %59,6k ez dute gehiago lanik egiten Hegoaldeko garapenerako GKEekin batera abiatuak zituzten proiektuetan eta erabat moztu dute 143 erakunderekin zituzten lankidetzako harreman guztiak. Gainera, eremu geografiko jakin batzuetan lan guztiak geratu dira.
Murrizketek eragina izan dute baita ere Euskadin garatzen diren sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntza ekintzetan. Epealdi horretan garapenerako GKE kide guztien sarrerak %17,1 jaitsi dira. Hala ere, ikusten dugu hiritar partikularrek ez dutela elkartasuna baztertu nahi. Erakundeen oinarri soziala ez da murriztu, aitzitik, hazi egin da erakundeekin lan egin nahi duten boluntarioen kopurua: erakunde kideek guztira 5.614 boluntario dituzte, gehienak emakumeak. Bazkide kopurua ere apurtxo bat gutxitu da eta emaileen kopurua apur bat handitu.
Ikusten denez, beraz, krisiak baditu bere ondorioak lankidetzan, diru aldetik makal baina oinarri sozialean sendo dagoen sektore honetan. Ondorio horiek ez dira agertzen egunkarien azaletan eta ez dira beste sektore batzuetakoak bezain nabarmenak, baina horrek ez du esan nahi mingarriak ez direnik, pertsona kalteberenak direlako berriro ere min gehien hartzen dutenak. Uste dugu posible dela, gogoa eta konpromisoa izanez gero, kontu publikoak zerora koadratzea, lankidetzarako partida gainerakoak baino murrizketa haundiagorik ez dezan izan.