Xabi Iraola Larraia, Maialen Kortabarria Zabala, Asier Zamorano Arri eta Oihane Agirre Ulaiar
Sorturen Nazio Idazkaritzako kideak

Euskal Herrian posible da: martxoak 17, greba orokorra!

Berriki 50 urte bete dira 1976ko martxoaren 3ko sarraskitik. Urtemuga berezi honetan, beste behin, milaka herritarrek Gasteizko kaleak bete ditugu Espainiako Poliziak hildako bost langileen memoria bizirik mantentzeko, erantzukizunak argitu daitezela eskatzeko, eta justizia aldarrikatzeko. Frankismoaren osteko Euskal Herri hartan gure herriaren askatasun nahia eta bizitza duinagoen aldeko borroka elkarri lotuta garatu ziren. Mende erdi igarota, atzo bezala, gaur, horiek biek jarraitzen dute izaten gure herria aurrerantz bultzarazten duten erregai nagusiak.

Ordukoarekin alderatuz, egungo mundua eta gaurko Euskal Herria zeharo ezberdinak dira, baina Martxoaren 3ko espirituak eta orduko borrokaren hariak bizirik dirau; horren adibide da martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian gehiengo sindikalak lanbide arteko gutxieneko soldata propioaren alde iragarritako greba orokorra.

Hamaika dira greba orokor horren deialdiarekin bat egiteko arrazoiak. Nazio askapen prozesuarentzat duten garrantziagatik, horietariko lau ekarri ditugu lerro hauetara:

Lehenengoa: greba orokor honek gure herriak duen burujabetza beharra agerian jarri du. Izan ere, gaur-gaurkoz ez daukagu lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzeko botere, gaitasun eta eskumenik. Horregatik diogu lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezarri ahal izatea ez dela neurri ekonomiko hutsa, burujabetzarekin zerikusi zuzena duen eztabaida baizik; gure errealitate sozioekonomikoaren neurriko soldatak eduki ahal izatea proposatzen duena. Ez gehiago, ez gutxiago.

Munduan zehar injerentzia eta gerraren bidez subiranotasuna balio erreakzionario, baztertzaile eta atzerakoietan oinarrituta eraikitzeko joera gailentzen ari den garaiotan, Euskal Herrian guztiz kontrako norabidea elikatzen ari gara; lehen bezala, orain. Milaka herritarren konpromiso eta lanari esker Euskal Herria bizitza duinen alde borrokatzeko eskala bilakatu da. Horrela, geroz eta gehiago dira burujabetza gure herriak dituen erronka erraldoiei erantzun baikor eta justuak emateko eta herritar ororen bizitzak hobetzeko bide gisa ikusten dutenak. Gure herriaren taupada abertzalea, ezkertiarra, feminista eta inklusiboa baita, hemen bizi eta lan egiten duten pertsona guztiekin konprometitzen dena. Eta mundu osora bakearen aldeko eta inperialismoaren aurkako mezua zabaltzen duena; orain 40 urte «NATOri ez!» eta «Euskal Herriari bai!» esan genionean bezala.

Bigarrengoa: gutxieneko soldata propioa kohesio soziala eraikitzeko funtsezko tresna da. Ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren mundualdi honetan, botere-interesek gidatutako gerra eta krisiak herritar guztion bizitzak (nagusiki, zaurgarrienenak) arriskuan jartzen ari dira. Elite ekonomikoak bizitzeko oinarrizko ondasunekin espekulatzen ari dira; besteak beste, euren etekinak biderkatzeko elikagaien edota etxebizitzaren prezioak etengabe puztuz. Bien bitartean, Ipar Hegoa Fundazioaren datuen arabera, Euskal Herrian bost langiletik batek 1.500 euro baino gutxiago kobratzen du,; emakumeak, pertsona migratuak eta gazteak direlarik egoera hori gehien pairatzen dutenak. Bistan da, beraz, patronalaren ereduari jarraitzeak jendartearen pobretzea areagotuko lukeela. Herritar eta langile sektoreak babesgabe uzten ditu, eta bidenabar, diskurtso erreakzionario eta antipolitikoei alfonbra gorria jartzen die. Testuinguru honetan, soldatak hobetzea eta aberastasuna banatzea herritar guztion duintasunerako bermea da; inor atzean ez uzteko eta gutxieneko babes sozialerako ezkutua eraikitzeko tresna. Euskal Herri askea kohesio sozialaren eskutik eraiki behar dugu. Ezin gara besoak gurutzaturik geratu.

Hirugarrengoa: greba orokorrak elkarlana sustatu eta ezberdinen arteko batasunaren indarra aktibatzea du helburu. Ezberdintzen gaituen horretan baino, gure herriak behar duenean eta batzen gaituen horretan indar egin, eta adostasunak josteko ariketa praktikoa da. Gure herriaren borroka historiak, grebaz greba eta mobilizazioz mobilizazio harilkatzen joan garen hari gorri ikusezin horrek, erakusten digu eskubideen defentsak eta konkista sozial berriek gehiengoen artikulaziok behar dituztela derrigor. Hala eskuratu ditugu egun ditugun eskubide sozial eta politikoak, eta datozenak ere bide beretik etorriko dira. Borrokak egin duen herria da gurea. Borrokak egiten duena eta egingo duena. Gehiengoen artikulazioa eta borroka, beraz. Hori da bidea.

Laugarrengoa eta azkena: greba orokorra patronalen eta horien interesen meneko agertu diren alderdi eta gobernuen jarrera antidemokratikoari plantoa da. Greba orokor honen atariko, gehiengo sindikalak Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroa Garaian hainbat bide jorratu ditu lanbide arteko gutxieneko soldata propioaren beharra azaleratu eta negoziaketari bide emateko; bai negoziazio kolektiboaren bidez, bai bide instituzionala jorratuz. Baina Confebask eta CEN patronalek negoziazio mahaiari hirutan uko egin diote, eta EAJk, PSEk eta PSNk Herri Ekimen Legegilearen eztabaida bera eragotzi dute. Ukazioaren eta itxikeriaren aurrean, greba orokorraren deialdia nahitaezko iniziatiba bilakatu da. Jarrera harroputz eta antidemokratikoen garaiarekin amaitu beharra dago. Jarrera horien ondorioak herritar guztiok pairatzen ditugulako, eta gure herriaren etorkizuna kaltetzen dutelako.

Arrazoiak sobera ditugu, beraz, datorren martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egin, lantokiak hustu, eta kaleak betetzeko. Hala egingo dugu Sortuko kideok ere, milaka herrikiderekin batera. Horrela, beste behin, martxoaren 3ko langile borroka haren oroitzapena bihotz-buruetan, Euskal Herri askeago eta duinago baten aldeko borrokari jarraipena emango diogu.

Recherche