Larraitz Ugarte
Abokatua

Euskal herritartasuna

Identitate sentituak eta legalak konkordantzia izatea ezinbestekoa da. Euskal herritartasun berri baten baitako nortasun eta legeria marko propio bat: «Basque identity, basque law»

"Law and identity”. Hori zuen izenburu legeak ematen dizun izateari buruz duela urte batzuk irakasle kaliforniar hark eman zidan ikastaroak. Nazioarteko adopzio erregularrak eta Argentinako diktadurako haurren bahiketa eta adopzio-emate faltsuak ikergai, legeak norbanakoen identitatea nola determinatu zezakeen kontatzen zigun. Somalian jaio arren, Suediako familia batek adoptatuz gero suediar bilakatzen zara, nahiz eta horrek eragin dezakeen barne gatazka hainbatetan handia izan, Suedian beltza izatean beste norbait ere bazarela senti dezakezulako. Edo lapurtutako haur argentinar batek, bere identitate biologikoa ezagutu ondoren, ez du agian bere lege identitatea alboratu nahi, kanpotik ikusita egoera erabat injustua iruditu arren.

Harrezkero maiz pentsatu dut horretan, antzeko gertatzen baitzaigu euskaldunoi. Legeak identitate bat eman digu (espainiar baskongado, espainiar nafar edo Akitaniako frantses), eta gutako euskaldun askok barne gatazka bat dugu, identitate legalak ez baitu bat egiten gure identitate sentipen benetakoarekin. Estatu bat dutenek ez dute gehienetan gure barne gatazka hori ulertzen, berdin zaie, munduko hiritar diren heinean. Nork ez du Granadako, Meridako edo Madrilgo gazte progre batekin elkarrizketa hau izan, nor zaren eta zure zergatia pazientzia handiz esplikatu behar hori, zure identitate benetakoaren eta legalaren artean dagoen aldeak sortzen dizun ezinegona azaldu beharra, jakinda inoiz ez dizula ulertuko, saiakerarik ere ez duela seguruenera egingo? Eta nola ez, horien gainetik, hain progreak ez diren eta estatu inperialistentzat lan fina egin duten eruditu, jakintsu edota akademikoak, euskal kulturarik ba ote dagoen, euskarak zerbait balio ote duen eta abar euskaldunoi etengabe eztabaidatzen.

Herri honetan izan diren gerra eta gatazka armatu zikloek izan dute funtzio pedagogiko hori: herri bat badagoela munduari erakutsaraziz, konpondu gabeko arazo politiko bat dagoela mahaigaineratuz, legeak ezarri edo inposatutako identitate horrek ez duela bat egiten herritar askok bizi eta sentitzen dugun identitatearekin azaleratuz. Bidean, baina, konplexuz betetako eztabaidak gure ezberdin sentitzearen ingurumarian. Euskararen eztabaida eternoa, supremazismoaren susmopean beti, euskal folklore eta tradizioak modernitatearen kontrakoak eta beraz, guztiz bateraezinak ei dira...

Nazioa, nortasuna eta kultura ezbaian eta kolokan jarri dira, espainiar eta frantziar inperioek eta estatuek mende luzez egindako lanari esker, eta, hein batean, bertako euskaldun askok, Espainian bederen, hartu nahi izan duten posizio aldebiko fiktizio eta pribilegiatua eduki nahiagatik. Horri gehitzen badiogu gainontzeko euskaldunon artean gure nazio nortasunaren defentsa eta sustapenerako akordio eta kontratu sozial zabal bat egin beharrean konplexuz beteriko eztabaida eta atzera-egite etengabean egon garela, gure posizioak galtzea ez da ondorio harrigarria. Joxe Azurmendiren hitzetan Euskal Herria gizarte-zirriborro bat bihurtu da. Eta dena ez da globalizazioaren errua. Jada independentzia kontzeptu gisa ere ezbaian jartzen hasiak dira disimulurik gabe hainbat arduradun politiko esanguratsu, Urkullu tarteko, Estatuaren presentzia biderkatu duen pandemia honen bezperetan.

Errealitate honen aurrean eztabaida estrategikoagoak ere badira independentismoaren baitan,  independentismo berria eduki programatikoen baitan oinarritu beharraz hain justu. Ezkerreko balioetatik euskal identitate berri bat sortu ote daitekeen abertzaletasun klasiko, kontserbadore, foruzale eta modaz pasatakoaren aurrean. Logika interesgarria ikusten diot ikuspuntu horri. Halere, eszeptikoki ikusten dut abertzaletasun gabeko independentismoa; abertzaletasunetik haratago bai, baina ez hura barik. Sentimenduak politika baino lehen izan baitira beti eta, Estaturik ez dugun bitartean, nazio sentimendurik gabeko herri proiektu bat eraikitzea oso zaila iruditzen baitzait.

Uste dut herri honen azken urteotako historia berrikusi eta nazio eraikuntzan eman diren atzerakadei erreparatu beharko geniekeela, nondik aurrera egin pistak jasotzeko eta konplexurik gabeko abertzaletasun moderno eta inklusibo edo ez baztertzaile baten berpizkundeari ekiteko, herritartasun berri baten bueltan.

Zergatik garen garena edo sentitzen dugun sentitzen duguna esplikatu beharrean herri honen gehiengoak euskal herritartasun sentipen hori partekatzea lortzean datza gakoa. Eta nago, gauzarik sinpleenetara, herritartasunaren erroetara, ez ote dugun jo behar horretarako. Erriberan Errigora bezalako proiektu herritarraren arrakasta edota, adibidez, aste honetan frantziar Asanblada Nazionalak hezkuntza publikoan euskararen irakaskuntza onartzea bezalako neurriak ospatu beharrekoak iruditzen zaizkit.

Selekzioak, ikurrina, Aste Santuak jango ez duen Aberri Eguna, euskararen bultzada, gure herriaz harro egoteko motibo bat edo andana, eta etorkizunerako ilusioz beteriko amets konpartitu bat. Hori guztia eta gehiago edo horietako batzuk bederen behar ditugu, eta urgentziaz gainera, herri honek existitzen jarraitu nahi badu.

Azken Aberri Egunak benetan sentsazio gazia utzi dit, light-a, batere zentzu politikorik gabea... Eta uste dut ez gaudela besterik gabe «ospakizun» protokolario soil bat egiteko moduan. Gure sentimendu kolektibo, nortasun nazional horren existentzia aldarrikatu eta, noski, gure nortasun sentitu horri izaera juridikoa emango dion aitortza formala exijitzeko momentuan gaude. Identitate sentitua eta legalak konkordantzia izatea ezinbestekoa baita; hain oinarrizkoa eta hain beharrezkoa, ezen ezin baikaitezke, nire ustez behintzat, bidean entretenitu. Euskal herritartasun berri baten baitako nortasun eta legeria marko propio bat: Basque identity, basque law.

Recherche