Pepe Turrillas, Martxel Toledo
ESAITeko kideak

Euskal Selekzioaren etorkizuna

Abendua eta Gabonak iristearekin batera, mutilen euskal selekzioa izaten dugu irizpide, 2008 eta 2009ko urteak kenduta, azken 20 urteetan, bere lagunarteko partiduak jokatu dituelako. Nesken selekzioak aldiz, ez du aukera gehiegirik izan horretarako eta soilik, 2006an, 2007an, 2008an, futbol federazioak antolatuta eta 2012an, ESAIT, EH Kirola eta Kontseiluak elkarlanean antolatuta aritu da.

Gaur, berriro, Garmendiko futbol zelaian, Euskadiko futbol federazioaren eskutik, Irlandako selekzioaren aurka arituko da. ESAITek argi dauka, aspalditik ari da hori esaten, euskal selekzioen ofizialtasuna lortzeko, lagunarteko partidatik haratago joan behar dela, alegia, beste urrats batzuk eman behar direla, urtean behin lagunarteko bat jokatzea eta nesken kasuan ezta hori ere, ez delako nahikoa. Ez dugu ukatzen hasieran, aldarrikapenaren barruan, lagunartekoak bere lekua izan zezaketela eta izan dute, baina gaur egun eta hainbat urte ondoren, azkeneko urteetan ikusi ahal izan dugun modura, hainbat motibo ezberdinegatik, urtetik urtera indarra galtzen joan dira. Eta hori begibistakoa da.

Horregatik, ez diogu zentzu handirik ikusten, lagunartekoak antolatzea soilik antolatzeagatik. Eta hori esan genion iaz azaroan Euskadiko futbol federazioari Peruren aurka abenduan jokatu behar zuen lagunartekoaren aurrean egindako bileran, alegia, denon artean beste estrategia berri eta ausardiago bat finkatu behar genuela, nahi badugu nazioartean euskal selekzioak ofizialki onartua izan. Eta hori da helburua ezta?

Apirilaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak ‘Euskal kirol selekzioen ofizialtasuna: bideragarritasun juridikoa’ txostena aurkeztu zuen eta konklusio nagusi batera iritsi da, alegia, Espainiako legediak ez du debekatzen euskal selekzioek nazioartean modu ofizialean lehiatzea, mugatu baizik. Eta ondorioz, nazioartean euskal selekzioak ofizialak izateko hiru aurrebaldintza eman beharko liratekeela dio, lehenengoa, euskal federazioek nahi izatea, bigarrena, nahi horri, Espainiako federazitik oztoporik ez jartzea eta hirugarrena, Nazioarteko federazioetan, eskaera onartzea. Ez dut uste, ondorio honetara iritsita, inor ilerik gabe gelditu zenik, zeren guztiz, aspalditik jakinekoak dira, alegia, begi bistakoak.

Ikusi ahal izan dugun modura, euskal herritarren gehiengo batek euskal selekzioaren ofizialtasunarekin bat egiten du eta gustatuko litzaieke, ahalik eta azkarren, nazioarteko lehiaketetan bere selekzioa ikustea. Zentzu horretan, euskal kirol federazio gehienetan ere, guztiak ez esateagatik, nazioartean ofizialki aritzeko aukera hori izatea begionez ikusiko lukete. Zer esanik ez kirolarien aldetik, finean beraiek direla, bere selekzio propioarekin aritzeko ukazioa pairatzen dutenak. Beraz, hori horrela izanda, non dago arazoa aipatu dudan estrategia berri eta ausardiago bat martxan jartzeko?

Espainiako futbol federazioak orain gutxi erabaki du, 2020ko Eurokopa jokatzeko ‘bere’ egoitza, alegia Espainiako egoitza San Mames izatea. Laster, irailean UEFA ( Europako Futbol Federazioak ) aurkeztutako egoitza guztien artean erabakiko du zeintzuk izango diren onartutakoak eta ziurrenik, San Mames ere aukeratua izango dela.

Testuinguru horretan, ESAIT hainbat eragile politiko eta sozialekin elkartu ondoren, erabaki du Euskal Herriko Udal guztietan, ekimen modura, bi puntutako mozioa aurkeztea. 1.- Euskal selekzioak ofizialki nazioarteko txapelketetan gainerako selekzioen baldintza beretan lehiatu dezan aldarrikatzen du eta 2. hori ahalbideratu ahal izateko, UDALAK, Espainiako Futbol Federazioari, Euskal Selekzioari ezarritako betoa kendu eta nazioarteko txapelketetan parte hartzea ahalbidera diezaiola eskatzen dio.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txosten juridikoak dionaren harira, nazioartean ofizialki aritzeko, aurreikusi daitekeen oztopo nabarmenena eta begi bistakoena, Espainiako Federazioen aldetik badator, uste dut logikoa ere badela, aipatu mozio horietako puntuetako bat Espainiako Futbol federazioari eskaera hori ‘presio’ gisa egitea, finean bera delako nazioarteko federazioaren aurrean ofizialak izateko euskal herriak duen aukerari bidea mozten dioena.

Zentzu horretan usten dugu ESAITek martxan jarritako ekimen instituzional horiek garrantzitsuak direla eta Euskal Herriko Udal ezberdinetan aipatu mozioak onartzea aldarrikapen modura baliagarriak izan daitezkeela. Espero dugu euskal selekzioaren alde dauden alderdi politiko guztiek horretaz jabetzea eta beraien babesarekin aurrera egitea.

Bukatzeko esan, gure animuak eta babes guztia dutela gaur Azpeitian, euskal selekzioa ordezkatuz arituko diren guztiak, kirolariengandik hasita, argi bai daukagu, egiten dutena baino gehiago egitea beraien esku ez dagoela, guztion esku baizik, Euskadiko federaziotik abiatuta, hainbat aldiz jokalariei beraiei zuzenean azaldu diogun modura.

Zentzu horretan, Euskadiko futbol federazioari eta beste federazio guztiei, berriro ere gure eskuak elkarlanerako prest daudela esatearekin batera, Jaurlaritzak ateratako txosten juridikoaren ildotik eta estrategia berri eta ausartago baten bidetik urratsak ematera animatu nahi genituzke. Eta horretan, orain arte bezala, gure laguntza eta babesa, xumea bada ere, izango luketela adierazi. Beraz, animo eta aurrera.

Recherche