Josu Iraeta
Idazlea

Euskaldun pasiboa ala erdaldun aktiboa?

Euskaldun espainiarrak beraien sistema politikoa eredugarria balitz bezala defendatzen dute, baina egia oso bestelakoa da. Estatu espainoleko autonomiak, indarrezko konkista eta kolonizazioa ezkutatzen duten zatiketa abstraktua besterik ez da.

Ez da batere erraza hainbeste indar duen sistemari aurre egitea, eta are gutxiago, denboraren poderioz garatzen ditun sustrai beltz eta ilunei sega sartzea. Dena dela, eta ahal dugun denbora eta neurrian egurra –teoriko-politikoa noski– eman beharrean gaude. Ez baitira, huts hutsa, María Chivitek zuzentzen duen gobernuak edo Irungo Udalaren erabakien aurkako jarrerak euskararekiko, gure hizkuntzari egiten zaizkion erasoak.

Orain, gaur, sutan gaude bai, baino beste zerbait behar dugu. Ego Euskal Herriko Instituzioen ahuldadean, ezinean, baitugu arazo nagusia.

Nik gaur hemendik jotzeko asmoak ditut: estatuek betidanik erabiltzen dute bere hizkuntza tresna bezala. Horrela inposatzen dute eskola, hezkuntza eta bere inguruak, beraz tresna gisa, hizkuntza, menderatze sistema guztien eraikuntzarako, behar beharrezkoa dute. Hori horrela izanik, ondoko helburua argia da; desberdinak ahulduz desagertzea, nahiz bizitzen ditugun demokrazia modernoak beti uka. Laburbilduz; hizkuntza beti izan da eta izango da koloniaren zutabe.

Arlo honetan, Moncloa «berreskuratu» dutenek, eta batez ere hizkuntzarekin –harreman zuzena dutenen artean– urrats berriak emateko gogoz sartu direla diote. Dena dela, esandakoak ez dira hain berriak, badituzte aurrekariak.

Agian norbaitzuk ez dute pozez hartuko, baina gaur hizkuntzarekiko mahai gainean dauden erabakiak eta bihar lege izango direnak ikusiz, espainiarrentzat hain miresgarriak diren Isabel eta Fernando, «Errege Katolikoak», Estatu espainoleko demokraziaren gobernu guztien aitzindari eta «maisu» bilakatzen ari dira.

«Errege Katolikoek» Euskal Herria eta baita Galizia konkistatu zituzten garaian erabilitako metodologia berbera dute eredu gaur ere. Orduan –gaur bezala– herri bat konkistatzen zutenean, lehen begiratu beharrekoa zen, ea konkistatzailearen hizkuntza berdinekoak ziren ala ez.

«Errege Katolikoek» egindakoen arabera, desberdinekoa baldin bada, hauek hartu beharreko neurri batzuk: disidenteak desterratu eta espetxeratu. Pilaka kanpora bidali behar dira eta alderantziz, etorkin jende ahalik eta gehien bat eraman bertara bizitzea. Hau da inbaditu, kolonizatu egin behar da. Jakina, gainera noblezia burugabetu eta kanpokoak jarri eta abar luzea.

Hau da, besteak beste, «Errege Katolikoak» Euskal Herrian eta Galizian erabilitako metodologia, indarrez konkistatutako lurraldeak kolonizatzeko.

Poliki, poliki, lerro hauetan agertzen ari direnak baino hurbilagoko denborak, ezagutzak eta baita esperientziak ere sumatzen dira. Ez bai daude hain urrun Franco diktadorearen menpe, bizi eta ezagututakoak.

Galiziar txiki bezain gaiztoak, ongi ezagutzen zituen bera jaiotako lurraldean Isabel eta Fernando famatuak egindako sarraskiak. Beraz ez da batere harritzekoa, helburu berberak izanik, berak Euskal Herrian eta Galizian gauza bera egin izana. Beranduago eta galiziar «maisuari» omenduz, Afrikako iparraldean, Hassan II Saharan indarrez inposatutako kolonizazio berbera.

Ez du ezertarako balio egiari bizkar emateak. Aspaldidanik dakigu indarrez eraikitako estatuak, berez sortzen duten disidentziari, «separatista» edota «terrorista» deitzen duten tendentzia oso hedatua dagoela. Ez da berria, garai bateko Sobietar Batasunean, Ukrainiarekin hasi eta beste hainbat errepublika indar zentralisten eragina jasaten ari dira. Zenbat urte dira ba Sizilia berezitu zutenetik? Frantzian, Espainian, Ipar Irlandan, Belgikan, Kanadan eta beste lurralde gehiagotan, gatazka sozialek, dimentsio etnikoa dute. Hainbat «probintzia» eta «Autonomia» nazio agertzen dira, eta neurri batean edo bestean, estatu nazional bat bereganatu nahi dute.

Beraz ez dago luze begiratu beharrik, gaur egungo mugak menperatzaile diren klaseen interesei dagozkiela eta ez herrikoi diren nahiei. Horregatik, potentzia handiek harrokeriaz aldarrikatzen duten batasun horrek, etnien, nazio eta herri txikiagoaren zapalkuntza adierazten du. Eta nola ez, honek begi bistan edo gordeta dakarren bortxa errepresiboaren erabilera.

Ez da harritzekoa beraz, beti egia estali nahi izatea, eta horregatik maiz entzutea; sentiberatasun asko ditun gizarte berria eraiki beharrean gaude, berdintasunean bizitzen ikasi beharra dago, aipatzen dira behin eta berriro. Baita entzuten dira «euskaldun pasiboa» izaera aldarrikatu eta bermatzen dituzten hitzak. Baina euskaldunari –euskara duenari– «gaztelau pasiboa» izateko aldarria eta bermea ez dut oraindik entzun.

Ezagutzen ahal duzue planeta honetan, beste lurralderik, bertakoak diren herritarrei, beraien hizkuntza ez jakiteko eskubidea bermatzen duenik?

Beraz, berdintasun nahiko berezia saltzen ari zarete. Beste zerbait agertu ezean, –eta ez dut espero– hori inposaketaren beste aurpegia besterik ez dela uste dut, beste bat.

Euskaldun espainiarrak beraien sistema politikoa eredugarria balitz bezala defendatzen dute, baina egia oso bestelakoa da. Estatu espainoleko autonomiak, indarrezko konkista eta kolonizazioa ezkutatzen duten zatiketa abstraktua besterik ez da.

Edo ez?

Indarrez lortutakoa kudeatzen duen sistema demokrazia ote ba?

Ez zarete denak berdinak, hainbeste badakit, eta ongi jakin ere, baina ez al dizue lotsarik ematen hain demokrazia nazkagarriaren eredu izateak? Ze pena.

Recherche