Rebeka Ubera
EH Bilduko Euskara idazkaria

Euskara araugintzan: itzulpen-hizkuntzatik sormen- eta lan-hizkuntzara

Lan handia izango da oraindik, gazteleraz jarduteko antolatuta dagoen egituran ohiturak eta azturak aldatzeko

Iragan ekainaren 30ean arreta mediatiko handirik piztu ez zuen Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren Legea onartu zen Legebiltzarrean aho batez. Goiburuak adierazi bezala, lege honek Legebiltzarreko legegintza prozesua arautzea eta arauen kalitatea hobetzea du xede. Bide horretan oso kontuan hartu beharrekoak dira legeek izan ditzaketen ondorioen aurretiazko analisiak bultzatzea, aurretiko kontsultak balioan jartzea, prozeduran zehar herritarren parte-hartzea indartzea eta bultzatzea edota legeen ebaluaketa sustatzea, bai aurretiaz, bai ondoren, araudiaren berrikusketa arrakastaz egiteko informazioa izateko. Baina arauen kalitatea bermatzeko, bada oso kontuan hartu beharreko beste elementu bat ere: hizkuntza eskubideen errespetua eta euskararen presentzia.

Legebiltzarraren berrogei urteko ibilbidean gaztelera izan da legegintza alorrean lan- eta sorkuntza-hizkuntza. Jaurlaritzatik abiatzen den prozeduran, lege aurreproiektu eta bere txosten gehigarriak eta baita gero Legebiltzarrera bidali izan diren lege proiektuak ere denak gazteleraz sortuak izan dira. Euskara itzulpen hizkuntza soila izan da azken lau hamarkadetan legegintzan bai Jaurlaritzan eta baita Legebiltzarrean ere. Gazteleraz sortu eta landutakoa euskarara itzultzea izan da araua eta egiteko modua.

Xedapen Orokorrak egiteko Prozeduraren aurreko legea 2003an onartu zen. Arauak egiteko prozeduran erabili beharreko hizkuntza ez zen behar bezala garatu orduan eta aurreko hogei urteetako inertzia berak mantendu ziren praktikan: gazteleraz landu eta euskarazko itzulpen oso kaskarra Legebiltzarrera igortzea, gaztelerazko bertsioak eta euskarazkoak bat ez egitea –jatorrizkoa eta balio zuena gaztelerazkoa izanik–, euskarazko bertsioa maketatu ere egin gabe Legebiltzarrera igortzea, euskarazko legearen bertsioan artikuluen zenbaketa jatorrikoarekin –gaztelerazkoa noski– bat ez etortzea, lege proiektuekin batera igortzen diren txosten gehigarriak gaztelera hutsean bidaltzea, euskarazko txosten gehigarriak hainbat egun edo aste beranduago bidaltzea eta abar luze bat. Hizkuntza bien asimetria eta elkarrekiko menpekotasuna, alegia, gaztelerarekiko menpekotasuna nabarmena izan da. 2022ko ekainaren 30eko osoko bilkuran onartutako Jarduera Fisiko eta Kirol Arloko Lanbideetan Jarduteari buruzko lege proposamenaren izapidea adierazten ari garenaren adibide esanguratsua izan da; aurkeztutako lege proposamena, ponentzian, Legebiltzarreko itzultzaile, teknikari eta langileen ekarpenarekin zuzendu behar izan delarik.

Errealitate honen jabe izanik, eta eremu honetan zegoen gabeziari aurre egiteko helburuarekin, Euskal Herria Bilduk euskararen normalizazioan aurrera urratsa egiteko aukera ikusi zuen 2013an, Legebiltzarreko lantalde bat osatzeko proposamena eginez. Lantalde horren baitan ez da azken urteetan aurrera urratsik egin, beste hainbat kasutan bezala, sortu arren garapenik izan ez duelako.

Indarrean dugun legealdi honen hasieran, onartu berri den Xedapen Orokorrak egiteko Prozeduraren Legearen izapidetzearekin hastearekin bat, Euskal Herria Bilduk aukera berri bat ikusi zuen, batetik, arauen kalitatearen eta erregulazio onaren printzipioak finkatu eta argitzeko eta, bestetik, prozesu legegileak eta hizkuntza eskubideak uztartuz jauzi kualitatibo bat egiteko. Lege proiektua Legebiltzarrera ekarri zenean, aipatutako bi helburu horiek uztartuz hamasei zuzenketa egin genizkion.

Jaurlaritza osatzen duten alderdiekin iritzi trukaketa eta negoziazio prozesu emankor baten ondorenean adostasuna erdietsi genuen. Adostutako zuzenketa horiekin Legebiltzarrean araugintza prozesuak aro berri baten aurrean jartzeko atea parez pare irekita geratu da. Euskara itzulpen hizkuntza izatetik lan- eta sorkuntza-hizkuntza izatera igaro da. Legeak euskaraz idatzi behar direla jasota geratu da, noranzko bakarreko (gazteleratik euskarara) itzulpenaren dinamikari muga jarriz.

Erabaki honek eragin zuzena du legegintzaren prozesuan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten hainbat gizon eta emakumerengan; besteak beste, Jaurlaritzako teknikari eta langile, Legebiltzarreko zerbitzu juridikoetako langile, legebiltzarkide eta, modu orokorragoan, legeak aplikatuko zaizkien herritarrengan ere. Legegintza prozesuetan euskaraz lan egin nahi duten profesional eta legebiltzarkide ugarirentzat beren eguneroko lan hizkuntza euskara izatea ahalbidetzen du onartu berri den lege honek. Zehazki, hizkuntza berdintasuna eta idazketa elebidunean sakontzeko artikulu berria sartu da testuan, araugintza prozeduran bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna bermatzeko eta, era berean, herritarrekiko zein haien elkarte-ehunarekiko harremanetan euskararen erabilera sustatuz.

Lege honek XXI. mendeko euskal gizarte euskaldunari erantzun behar dio, euskara, gizarte eta egitura instituzional osoan, lan-, sorkuntza- eta harreman-hizkuntza izatea ezinbestekoa delako. Orain artean euskarazko sorkuntza oso mugatua izan den esparru honetan bide berriak irekitzen dira. Baina horrek ez du esan nahi lege onarpenaren bultzada hutsak azken berrogei urteetako inertziak egun batetik bestera gaindituko dituenik. Lan handia izango da oraindik, gazteleraz jarduteko antolatuta dagoen egituran ohiturak eta azturak aldatzeko. Bide hori urratzeko, erabaki politikoak eta hauen gauzapena, langile eta legebiltzarkideen konpromiso pertsonala eta legearen erregelamenduzko garapen egokia beharko da. Eta denbora, zalantzarik gabe. Baina denbora tarteko epe eta helburuetan zehaztuko da, gaur oraindik nahi baino urrunago ikusten dugun eguna, zeinean jarduera legegilean euskara hizkuntza nagusia izango den, errealitatea izan dadin. Ireki den atea zeharkatu eta bide berriak irekitzea izango da gure konpromisoa, orain artean Euskal Herria Bildutik aurkeztu izan ditugun lege ekimen guztietan bezala, euskara legegintzan ere lan- eta sormen-hizkuntza izan dadin.

Recherche