Jexux Larrañaga Arriola

Euskara ardatz duen Hezkuntza sistema

Hezkuntzari buruzko Legeak hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa bermatu behar badu (B2 maila bigarren hezkuntzaren amaieran) eta behin ikusita indarreko egungo ereduek ezagutza hori bermatzen ez dutela hainbat ikerketek erakutsi duten bezala –doktorego tesiek, hezkuntza txostenek...–, pentsatzekoa da, atzera pauso larria dakarrela Lege akordioari emendakina jartzea ereduen sistema iraunarazteko; batetik, ez duelako gizarte koesioaren aurrerabiderik errazten, eta bestetik, hizkuntza plangintza ituntzeko oinarrizko printzipioa alboratu egiten duelako, hots: hezkuntza jauziaren eraldaketa sostengatzen duen marko teorikoari zein ikerketa aurrekariei muzin egiten die. Ereduak iraunarazteko saiakerak, ataka estuan jartzen du hizkuntza politika ituntzeko aukera, eta hezkuntzatik hasitako bidearen proiekzio estrategikoa argi ilunez betetzen du.

Izan ere, hizkuntza ereduen afera argitzeko, kontua da zeri ematen zaion lehentasuna: legeak ezartzen duen ikasleen hizkuntza-ezagutzaren helburuak bermatzeari, edota helburu horiek lortzeko orain dela 40 urte hitzartutako eredu-sistema agortuari. Eztabaidak gaia desbideratu baino ez du egiten, ondorioa bistakoa denean: ereduak iraunarazita ez da lortuko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eraginkor eta nahikorik Hezkuntza Legeak aurreikusitako hezkuntza amaierako helburuetan.

Hargatik, legeak ezartzen dituen helburuak erdiesteko bidean, harutzagoko beste urrats bat ematea beharrezkoa zaigu. Eta hizkuntza-uztarketako eredu orokor inklusibo baterako jauzia egiteko premia dago, non ikastetxe bakoitzak, duen testuinguru soziolinguistikoa eta artatzen duen ikasleriaren ezaugarrien araberan, premia gorrienean dagoen hizkuntzaren erabilera indartzeko neurri eraginkorrenak hartu beharko dituen, ikasleariaren eskola ibilbidea zehaztu eta bere euskalduntze ahalmen mugetara iristeko. Tokian tokikoari lotura eginez eta Ikastetxez Ikastetxe egin beharreko hezkuntza zereginari jarraiki.

Eskola zeregin horretan ulertzen da Ikastetxeko Hizkuntza proiektuen zentraltasuna eta derrigortasuna Hezkuntza Zerbitzua eskaintzen duten Ikastetxe guztientzat. Diru publikoa jasotzen duten Ikastetxeek, betebehar soziala baitute hizkuntza helburuei dagokienean: helburu horiek erdiestea, euskal hezkuntza sistemaren lehen mailako gizarte erronka da.

Euskara ardatz duen hezkuntza sistema, euskara hizkuntza propioatzat aintzat hartzen duen lege hitzarmenean zehazten da lehenik. Hau da, hizkuntza ofizialetako bat hizkuntza propioa da eta gainera diglosia egoeran dago; eta hizkuntza gutxituak bizi duen minorizazio egoerari inguruko hizkuntzen kultur eta hizkuntza aniztasuna gaineratzen zaio, eskola testuinguru garaikidea oso egoera konplexuan kokatzen duelarik.

Honezkero esan dezakegu, errealitate sozialak egungo ereduen sistema gainditzen duela, eta ereduen sistematik harutzago, eraldaketa marko teoriko berria zertzen da, hau da: euskara ardatz duen esparru eleaniztuna da hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren XXI mendeko marko berria. Eta horrek ondorio pedagogikoak ditu Ikastetxeko hizkuntzak artatzeko orduan.

Argi adierazia dago beraz, hiru hizkuntzak direla irakas-hizkuntza, baina euskara dela gure hezkuntza sistemaren hizkuntza nagusia. Hortan datza euskararen ardaztasuna. Haatik, hizkuntza gutxituaren presentzia eta erabilera areagotzeko, hezkuntza-eremu guztiak eta ikaskuntza-baliabide guztiak dira beharrezkoak, egoera zaurgarriagoan aurkitzen den Ikastetxe/ ikasleariari euskara gehiago emanez.

Egungo eskolak hiztun gaituak sortzeko bidean euskararen nagusitasuna izango duen ikasteredu indartua beharrezkoa du: egungo D ereduak, D eredu indartuak bihurtuz; B ereduak, D ereduetara bihurtuz; eta A ereduak desagerrarazita; bide hori, hizkuntzen didaktikan eta estrategia soziolinguistikoetan beharrezko aldaketak eraginez egin beharko da, eraldaketa prozesala gauzatuz.

Horrez gain, hiztun gaituak izateko beste alderdi eta gaitasunak gehiago landu beharko dira, bai hizkuntzarekiko jarreran, atxikimenduan, begirunean eta motibazio kulturalean. Jakinda, motibazio kulturala, hizkuntza gaitasun osoa bereganatzeko balio motibatzaile nagusietako bat dugula, erreferentziazko mundu kulturala, munduera baten erregai sinboliko beharrezkoa baita.

Eskola paradigma berri baten diseinuak, gutxienez, hiru alderdi hauek haintzat hartu beharko ditu: bat, berezko hizkuntzaren ezagutza eta gaitasun nahikoa, eroso bizi ahal izateko gutxieneko hizkuntza gaitasuna bermatuz eskoladiaren amaieran; bestea, Currikulum berriaren dimentsio kulturalaren garapena eta transmisiorako ahalmena, hizkuntza irakasteaz gain, zentzu mundu bat jariatzeko ahalmena eskolatik ere landuz; eta hirugarrenik, arrazoibide soziolinguistikoa landuz, hizkuntza egoera konplexu batean bizi garenez gero, bertako hizkuntzaren hiztun gisa kokatzeko baliabide nahikoak eskolatik eskeiniz.

Recherche