Jose Luis Erdozia

Euskara eskubide, gaztelania betebehar

«Where do you come from?». Eta berak: «I come from Pamplona!». Erabat harriturik nik, ea nola den posible Iruñeko neska gazte batek (25-30 urte ingurukoa) ingeleseko oinarrizko esaldi bat ulertzea eta euskarakorik berriz ez.

Garilaren 7a, larunbatarekin, artifiziozko suak bukaturik dagoeneko eta kuadrillan azken aurreko tragoa (inoiz ez omen da azkena hartu behar, badaezpada ere) hartzeko zorian bakoitza bere kabira biltzeko. Eta, jakina, tragoa hartzeko norbait mostradoreraino iritsi behar zerbitzaria libratzen denean hari eskatzeko. Eguna umoretsu, patxadatsu eta anai-arrebatasun ederrean pasatu ondoren, horditzerakoan gertatzen den modura (beti azken tragoak izaten omen du errua), tabernako azken solasaldiarekin zertxobait ozpindu zitzaidan eguneko balantzea. Neu mostradorean bertan zerbitzariak noiz begiratuko zain eta aldamenetik neska batek zerbait esan zidan. Ez nion ulertu esandakoa eta ohi dudan moduan euskaraz: «Zer esan duzu, neska?». Berak, orduan: «¡Sólo te he entendido ‘chica’!» zerbait ulertzen zuelakoan, atzera berriz nik: «Nongoa zara?». Berak, oraingoan, aurpegiko keinuarekin ez zuela ulertu adierazi. Jarraian nik: «Where do you come from?». Eta berak: «I come from Pamplona!». Erabat harriturik nik, ea nola den posible Iruñeko neska gazte batek (25-30 urte ingurukoa) ingeleseko oinarrizko esaldi bat ulertzea eta euskarakorik berriz ez.

Hortxe, hain zuzen ere, hasi zen nire egun ederraren balantzea zertxobait zakartzen. Hark bere gurasoek ez ziotela transmititu gaztelania baino. Nik, berdin zela, heldua izanik eta nahi izanez gero, ikas zezakeela gure arbasoen hizkuntza. Berak nahikoa zuela bere ama hizkuntza den gaztelaniarekin eta ingeles apur batekin. Nik, orduan, pertsona eta hizkuntzekiko errespetua beharrezkoa dela, bere ama hizkuntzan hitz egiten errespetatzen nuen moduan nik, ezin zuela berak ni maila berean errespetatu. Berak, ez zuela onartzen esatea ez ninduela errespetatzen. Ezetz, ez zela errespetu orokorreko kontua, hizkuntzarekikoa baizik. Berak hizkuntzak komunikatzeko baino ez direla, nik komunikazioaz gain identitatearekin eta eskubideekin ere badutela lotura, batez ere kontuan izanik Iruñeko bi hizkuntza berezkoetariko bat dela euskara. Eta, orduan, euskararen «egoera idilikoa» islatzen duen egia berdaderoa bota zidan berak: euskara erabiltzea eskubidea da, gaztelania betebeharra. Eta «Moisesen tauletan» tokia mereziko lukeen esaldi horren ondoren, are gehiago borobildu zuen euskararekiko bere «idilioa», altxor bat bezala kalifikatuz gure hizkuntza. Hizkuntza guztiak bezala, nik. Ezetz berak, gaztelania ez omen da altxorra. Jakina, arrazoi osoa atzera berriz, altxorrak museoan gorde behar dira eta ez ditugu «erabiltzen». Oso noizbehinka bisitatu eta kitto, bermatua eskubidea. Gaztelania, aldiz, ez da altxorra, eguneroko tresna ezinbestekoa baizik.

Momentu horretantxe etorri zen solasaldiaren amaiera, euskarak bere egoeran, aldameneko hizkuntzekiko ezberdintasunik handiena inoiz estaturik eduki ez izana zela aipatu nionean. Solaskideak, orduan, politika ez zuela gustuko, are gutxiago politikari buruz hitz egitea. Ez zuen jarraitzea merezi.

Recherche