Itziar Aizpurua
Ezker abertzaleko militantea

Euskarak egiten nau, euskaraz egiten dudan heinean

Victor Morenoren bi artikuluk, euskarari buruzkoak, ez naute hotz utzi, eta bai kezkatua eta guztiz minduta. Irakurri ditut Moreno jaunak jaso dituen bi erantzun Jonjo Agirre eta Joseba Alvarezen aldetik, guztiz aproposak bestalde, eta idazten ari naizen artikulua baino egokiagoak, zalantzarik gabe.

Hala eta guztiz ere, ezin dio nire euskaldun izaerak deus esan gabe utzi, euskararekiko horrelako gorrotoa adierazi duen irakasle eta idazle den norbaiti. Edozein irakaslek herriko jende xumeen gainetik dagoen norbait behar duenez izan, ezjakinak garenoi irakasteko prestatua, eta, gogoeta sakoneko pertsona idazlea den heinean, bada, Moreno jaunak GARAn agertu dituen adierazpenak kontuan izanik, kontrakoa erakutsi didate: Bat. Ezjakina dela euskara kontuetan, hau da, euskararen ibilbidearen berri ez duela, nahiz Bernard Etxeparek ‘Linguae Vasconum Primitiae’ 1545ean idatzi zuen, eta ordutik bada ere, euskara jaitsi zen hizkuntzen plazara besteen artean bera izateko nortasun osoz.

Bi. Euskararen historia, beste hizkuntza guztiena legez, herri bati lotua dago. Hasieran, taldeei, tribuei, eta aro modernoan, herriari, Euskal Herriari, euskara duen herriari, hain zuzen. Aro bakoitzak izan dituen lege, arau sozial zein politikoekin bizi izan da euskara, eta honek eramaten gaitu ezer baino lehen, euskararen lurraldeetan euskarak zein bizi baldintzak izan dituen jakitera, baita gaur bertan dituenak ere: euskal lurraldeen historia ezagutzera, gudak, bake denborak, aginteak, eta mendekotasunak, euskararen aldeko borroka, matxinadak, aro guztietan politika izanik goi mailako egitura, berak agindu du euskarak zein leku izan behar duen, inolako zalantzarik gabe.

Euskararen historia guztiz lotua dago lurraldeari eta lurralde horietan bizi zen eta den jendeari, bere esanahi osoarekin, egitura sozial eta aginte politikoari. Eta, hain zuzen, honen berri ez du islatzen Moreno jaunak bere artikuluetan, saihestu edo begien bistatik kentzen du. Gainera, ironiaz jositako hitz mingarriak erabiltzen ditu euskara hizkuntza «xelebre» gisa tratatuz, eta euskaldunok hamargarren arokoak... «Hable en cristiano» era modernoan esanda. Honek mintzen nau, baina, era handiagoan kezkatu, zeren Moreno jauna pertsona kulturalki prestatua eta jakituna izanik, noren eskuetan dago Euskal Herriko gazteek jaso behar duten irakaskuntza?

Espainiak zein Frantziak beren estatuen hizkuntza halabeharrez erabiltzera eramaten gaituzte, euskara jatorriz gurea dena mespretxatzera, baztertzera, eta ahal balitz betiko ahanztera bultzatzen gaituen mailan. Adibide gisa, nire bizitzako pasarte batzuk aipatu nahi dizkiot jaun horri barruan daraman euskararekiko erremina gozatze aldera.

Familia euskaldunean jaioa naiz; txikitatik eskolan zigortua euskaraz hitz egiteagatik; isilean lehen euskal hizkiak idazten ikasitakoa; euskaraz jaunartzea egindakoa (1950); euskaraz antzeztu, abestu; besteei, haur zein nagusiei, irakatsitakoa arduraz eta ilusioz; mojen ezinikusiak euskararekin nuen loturagatik, beti zigortua izandakoa; ETAn sartu nintzen euskararekin zeukan kezka eta konpromisoagatik, batik bat, ordura arteko erakunde historikoetan sekula ikusi gabea. 1967an ETAk hau zioen: «Euskarak izan behar du Euskal Herriaren adierazpenerako eta sorkuntzarako tresna». Euskara proiektu nazionalaren ardatz finkatzen zuen. Kide eta senar Jokin Gorostidirekin, gurasoekin, neba-arrebekin, ilobatxoekin kartzelako harremanetan hitz egin eta elkarri idaztea espainolez halabehartua, familia osoa zigortua eta samindua urteetan!

Moreno jaunak dioenez, diktadoreek hizkuntzei eman dieten garrantzia ez dietela beste inork eman hizkuntzak suntsitzeko; hizkuntza desagerraraziz herria hiltzen zutelakoan, ahaztuz herria hitz egiten duen hizkuntza baino askoz gehiago dela.

Egia da herria hizkuntza soilik baino askoz gehiago dela, baina euskararik gabe ez dugula Euskal Herririk «perogrulloren» egia borobila da. Beste herri bat izango da, «euskofrañola» edo dena delakoa, zeren euskarak egiten gaitu euskaldun, eta Euskal Herriko, eta ez beste ezein hizkuntzak. Euskaldunon nortasun edo identitatearen ezaugarri nagusiena da euskara. Egunerokotasunean ditugu adibide franko, diktaduran bezala sasidemokrazia honetan ere konturatzeko nora garamatzan kultura deitzen diotenaren eskutik espainol-frantses-ingelesen nahaste-borraste honek.

Eta egiari zor, hauxe: Euskarak egiten nau, euskaraz egiten dudan heinean. Horregatik nire hautua beti izan da euskaraz bizitzea euskararen lurraldeetan.

Garbi izanik Espainia zein Frantziaren menpe ez dugula euskaldun bizitzerik, Euskal Estatua antolatzea dugu ezinbesteko, ezkerreko baloreek eragindako subiranotasuna lortuz Euskal Estatu Independente Sozialista sortzeraino, gu bezalako beste herri menderatuekin bat egitea derrigorrezko hautua dugu. Eta zapaltzen gaituzten bi estatuekin konfrontazioa ezinbesteko tresna dugula oso kontuan izanik.

Recherche