Martin Rezola, Gerardo Luzuriaga eta Jonjo Agirre
Eusko Jaurlaritzako langileak

Euskaraz jardutea garesti Eusko Jaurlaritzan

Usteak erdia ustel, eta beste erdia garesti samar. Zerga «normalizatzailea» ezarri digute euskaldunoi, baita Eusko Jaurlaritzan ere! Jaurlaritzak erantzun dizu bertako interpretazio zerbitzua erabiltzeko ordaindu egin behar dela, nahi eta nahi ez. Majo ordaindu, gainera.

«Interpretazioa» esaten diogu, normalean, aldibereko ahozko itzulpenari, kabina eta kaskoen bidez itzulpena zuzenean helarazten duenari, oso gutxi erabiltzen den baina euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna bikaina izan daitekeenari.

Demagun sindikatu abertzalea zarela eta euskararen aldeko jarrera duzula. Eta langileen batzar bat antolatu nahi duzula, adibidez, Eusko Jaurlaritzan, Lakuan, langileen lan-baldintzen inguruan. Eta euskaraz egin nahi zenukeela, baina badirela euskaraz ez dakiten langileak…Zera, Eusko Jaurlaritzak baditu interprete (bikain) gutxi batzuk; azpiegitura eta tresnak ere bai... Tira, animatu zara eta Jaurlaritzari eskatu diozu zerbitzua, pentsatuz «kontsentsuaren aroan» sindikatu baten euskararen (euskaldunen) aldeko urrats batek erraztasunak eta laguntza baino ez dituela jasoko, eta zerbitzua (publikoa) erabiltzeagatik ez dizutela sosik eskatuko (horixe bakarrik behar genuen: hizkuntza eskubideak bermatzeko ahalegina egiteagatik pagatu?). Txalorik ez duzu espero, ezta behar ere. Konformatzen zara, trabarik jartzen ez badizute edo «ordainsaririk» kobratzen ez badizute. Horrekin pozik.

Baina usteak erdia ustel, eta beste erdia garesti samar. Zerga «normalizatzailea» ezarri digute euskaldunoi, baita Eusko Jaurlaritzan ere! Jaurlaritzak erantzun dizu bertako interpretazio zerbitzua erabiltzeko ordaindu egin behar dela, nahi eta nahi ez. Majo ordaindu, gainera. Bestela esanda, batzarrean euskaldunek euskaraz normaltasunez jarduteko aukera izan nahi baduzu, kutxatik pasa eta zerga «normalizatzailea» ordaindu beharra duzula: 120 euro ordubeteko zerbitzuaren truk, eta bikoitza baino gehiago bi ordukoarengatik, eta abar...

Ez da fikzioa. Benetan gertatu da. Eta sindikatu horrek ordaindu egin behar izan dio Eusko Jaurlaritzari («Normalizazioaren», eta Euskaraldiaren, eta Euskararen Aholku Batzordearen amari berari) Jaurlaritzako langile euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzen saiatzeagatik! Jaurlaritza barrutik ezagutzen ez dutenei, sinesgaitz gertatuko zaie hona ekarritakoa: euskaraz jardun nahi duenari erraztasunik ez ematea... Hizkuntza-eskubideak bermatzeko profesional bikainak eta tresnak eskueran ez jartzea...

Interpretazioa (aldibereko itzulpena) tresna bikaina da euskararen normalizazioaren alde. Agintea, dirua, makinak eta eskumena dituztenek (erakunde publikoek) interpretazioa bultzatzeko plangintza serio bat landu behar lukete (interpreteen prestakuntza, tresneria, zerbitzua erabiltzeko aukera elkarte eta erakunde orori ematea gainkosturik gabe...). Oraingo egoera absurdoa da; mingarria ere bai. Inor ez gaude behartuta batzar bat euskaraz egiteko arriskua geure gain hartzera. Erosoagoa da ele bitan edo «como-decía-en-euskera» formatuan egitea, kasurik onenean, eta euskaldunon kaltetan. Baina, hara, norbaitek erabakitzen duenean teknologiaz baliatzea euskaraz duin jarduteko, inoren hizkuntza-eskubideak zanpatu barik, zergatik ordainarazi behar zaio apustu hori? Ez litzateke alderantziz izan behar? Horrela saritzen da euskararen aldeko konpromisoa?

Eusko Jaurlaritzak kanpaina asko egiten ditu euskararen alde. Kanpaina horien «irisgarritasuna» badaezpadakoa iruditzen zaigu askotan. Hementxe dauka aukera bikain bat, egunez eguneko jardunean sektore askok erabil dezaketena, ohitura linguistikoak aldatzeko makina indartsu bat, emaitzak zuzenean, istantean erakusten dituena. Borondaterik baldin badu…

Recherche