Iñaki Dorronsoro
Eusko Ikaskuntzako lehendakaria

Eusko Ikaskuntza 2018: ekin… denok elkarrekin

Euskal Herriaz (eta Euskal Herriarentzat) hausnartzeko, eztabaidatzeko eta ikertzeko esparru bat artikulatu behar dugu

“Ekin”, egiteko bati lehiaz lotu, lehiatsu jardun edo saiatu.

XVIII. Eusko Ikaskuntzaren Kongresua amaitutzat eman berri dugu. Eusko Ikaskuntzaren ibilbide luze eta oparoan mugarri izandako kongresua izan da: mendeurreneko kongresua eta, hortaz, mende berrira begira aurrea hartu nahi izan diona.

Euskal Herriaren etorkizuneko ikuspegi eraberritu bat garatzeko eta garaian garaiko gakoei aurre egiten laguntzeko, irtenbide ausart eta kementsuak emateko erakunde bat bezala sortu zen 1918an Eusko Ikaskuntza. Eta berriz ere, orain dela bost urte, gaur egungo eszenatokiari atxikiz, indarberrituta berreskuratu genuen zeregin hori.

Azken urte hauetan zehar Eusko Ikaskuntzak gaurko problematikak eta etorkizuneko erronkak aztertu ditu, euskal herritarron pentsamendu irekia eta independentea egituratu, eta prozesu horren emaitzak joan den azaroaren 23ko Kongresuaren itxiera saioan, zuzenean gizartearen aurrean azaldu genituen. Horrela, euskal gizartetik abiatuz eta etengabe gizartera jariatzen den ikaskuntza kolektiboaren ziklo motz bat amaitu du.

Atzean geratzen da zalaparta handiko XX. mendea, zeinetan gure herriak ezagutu baititu gertakari odoltsuak –gerrak, bortizkeria eta sufrimendua– eta baita ere kulturaren loratzea, garapen ekonomikoa eta aurrerapenak berdintasun sozialaren bidean. Baina, mende berriak munta handiko erronkak eta ziurgabetasunak dakarzkigula oharturik, lan ildo jakin batzuetan aurrera egin behar dugula uste dugu.

Unea heldu da hausnarketa partekatua eragiteko Euskal Herriko hiritarren eta lurraldeen artean, herri ikuspegitik erantzuteko ondoko galdegaiei: non eta nola kokatuko garen munduan, nolako harremanak nahi eta behar ditugun Europarekin eta estatuekin (Espainia eta Frantzia), nola demokrazian sakondu eta nola bultzatu euskal lurraldeen arteko kohesioa eta elkartasuna.

Horretarako, Euskal Herriaz (eta Euskal Herriarentzat) hausnartzeko, eztabaidatzeko eta ikertzeko esparru bat artikulatu behar dugu. Esparru horrek ahalbidetu behar du egitasmo komuna sendotzea, harreman egonkor eta egiturazkoak finkatuz gizarte, kultura, politika eta ekonomia eragileen, udalen eta erakundeen artean, berdin esparru materialean zein sinbolikoan, konfiantza sareak sortuz.

Identitate partekatua eta komunitate egitasmoa eraikitzeko, hiritartasun kontzeptuan sakonduz eta itun sozial berri baterako bidea bilatuz, aniztasuna onartuz. Ezagutzaren gizartea eta eztabaida soziala batuta, herritarren partaidetza aktiboa oinarri izango duen identitate solidarioa eraikitzea, euskara eta euskal kultura ardatz ditugula, horretarako modu aktiboan erabiliz hezkuntza sistema, kulturarena eta komunikatiboa.

Gure aburuz, Herri proiektu nagusia eta Herriaren barne egituraketarako tresna garrantzitsua da gizarte babesaren eredu zabal, eraginkor eta iraunkorra garatzea Euskal Herrian. Lankidetzako ekonomiaren esparruan, funtsezkotzat jotzen dugu produkzio ehunak kalitateko enplegua eta aberastasuna sortzea, hitzarmena eta elkarrizketa oinarri izango dituen lan harremanen esparru egonkorra ahalbidetuz.

Euskal hiritar guztien bizitza duina bermatze aldera, beharrezko ikusten dugu bere erabaki ahalmena sendotzea –gainontzeko herrialdeekin elkartasunezko harremanean– eta berau garatzea, gobernantza demokratikoan sakonduz, pertsonak gai izan daitezen adostasun zabalak eraikitzeko, eta saihestu ezin diren desadostasunak kudeatzeko.

Duela ehun urte Oñatiko Kongresuak asmo handiko agenda finkatu zuen –hein handi batean bete egin da–, eta orain guri dagokigu utopia hura berritzea. “Liburu Zuria”-ren Oinarriek jasotzen dute gaurko ekinbidea.

Batzuentzat «ohorea» izan da lanean aritzea, baita «ardura» galanta ere. Baina hiru urte hauetako eskarmentuaren ondoren garbi azaldu da «ilusio» terminoa ere, bestelako kontzeptuen gainetik. Lankidetza estuan, erakunde publikoekin, udalekin, eragile politiko eta sozialekin, unibertsitateekin eta herritarrekin –«denok elkarrekin»–, ohorez, arduraz eta ilusioz gaurko ekinbide horiei lehiaz lotu eta lehiatsu saiatzeko unea da orain.

Eragile horien guztien babesa, konfiantza eta lan egiteko konpromisoa behar ditu Eusko Ikaskuntzak agenda berri hori ekintza bihurtzeko, orain ehun urte bezala. Asmoz eta Jakitez.

Recherche