Ez dadila ezjakintasunaren ikur ere bihurtu, arren
Nelson Mandela hiltzera doa, epe motzean, ziur asko. Areago, baliteke letra hauek argitaratu orduko mundu osoko borondate oneko herritarrak eta zurrul politiko guztiak dantzan dituen berria gertatu izana. Hala bada, Amandla! Hau izan da hegoafrikar askatasunaren aldeko borrokaren oihu nagusia, bai guda garaian bai bake garaian. «Amandla» hitzak «boterea» esan nahi du, baina hegoafrikar testuinguruan hitz horren esanahia ez da mendebaldean den bezain zitala.
Alegia, europar agintari bat «boterea!» oihukatzen imajinatze hutsak hotzikara eragiten du. Hitz berberek testuinguru desberdinetan esanahi desberdina izan badezakete, nola konparatu ahal izango ditugu gurea eta haiena bezain errealitate desberdinak? Ez, ezin da. Edo, gutxienez, ez da baldarki egitea komeni.
Honen harira, Madibaren heriotza dela medio, nire burua zinismoaren zeremoniarako prestatzen ibili naiz azkenaldian. Honetarako txertorik ez dagoela konturatu naiz, ordea. Borondate txarreko jendea albo batera utzita, haien motibazioak nabarmenak direlako, auzi honetan nire kezka jende ezjakina da. Badakit ez dela bateraezina, alegia, Angela Murillo epailearen kasuan bezala, motibazio gaiztoak (kasu horretan auzitegiek beraiek onartu dituztenak) eta ezjakintasuna guztiz bateragarriak direla. Honezkero ez dakit ziur zein ote den historiaren motorra (klase borroka, botere-gosea, dirua… denbora librea?), baina munduaren galga nagusia ezjakintasuna dela sinesten hasia nago, fede ilustraturik gabe bada ere. Horrexegatik, bere bizitzaz ez bezala Mandelaren heriotzaz itxaron dezakeguna ezer gutxi denez, Hegoafrikako askatasunaren aldeko borrokaz zerbait gehiago jakiteko balio izatearekin konformatzen naiz. Baliatu dezagun gertaera hau Madibaz, bere herriaz, bere alderdiaz… zerbait ikasteko, ideologikoki txertatzeko.
«Boterea» «amandla»-ren beldur
Behin baino gehiagotan aipatu dut hemen politika eta erlijioa nahasteko joera kezkagarria. Nola ez, jainkotasunaren alderdirik gizatiarrenaren adibide izan den Mandelaren kasuan, fenomeno hau hein batean naturala da. Izan ere, paradoxikoki, Nietzsche hil eta mende batera, orain bai, «hil da jainkoa» esan daiteke. Beste aukera Zaratustra hil izana da, baina hau beste eztabaida bat da. Nolanahi ere, kontua zera da, Mandela errealaz, menpeko jaio eta aske hilko denaz, gezurra kontatu nahi digutela eta ezin dela permititu. Mandela mesianiko ideal horrek ez du zerikusirik Mandela lider politikoarekin.
Aldi berean, Mandela erreal hau erreibindikatu nahi dutenek lan handia dute zinismoaren zeremonia honetan beren hitzak egoki ulertarazten. «Botereak», ez «amandla»-k baizik eta besteak, Mandela pertsona gisa, are pertsona entzutetsu gisa, bere borrokaz disoziatu nahi du. Pertsona gisa, are pertsona entzutetsu gisa, Madiba bakarra da, baina banakotasun hau borroka kolektibo baten baitan soilik da ulergarria, egiazkoa, benetakoa. Hartara, erreibindika ditzagun aldi berean gizon handiaren bakantasuna eta hain bakan egin duen borroka kolektiboa.
Eta, horretarako, saia gaitezen demagogian ez erortzen. Aurretik esan bezala, konparazioak oso zailak dira, gehienetan gorrotagarriak dira eta batzuetan, gainera, beste batzuetan baino gorrotagarriagoak. Adibidez, antzekotasunak antzekotasun, Mandela eta Otegi parekatzea akatsa da, ez horrenbeste historikoa, baizik eta politikoa (ilegalizazioak eta apartheida parekatzea zen bezala). Baina Hegoafrikako nazio-askapen borroka «eredu» gisa hartuta, guk gurean sobera Joe Slovo, Chris Hani, Mac Maharaj, Oliver Tambo, Walter Sisulu eta Ronnie Kasrils ditugu. Borroka kolektibo horri buruz gehiago dakigun heinean, zinismoaz eta benetako demagogiaz kontzienteagoak izango gara eta horiek konbatitzeko tresna gehiago izango ditugu. Guk ere ez baitugu mesiasik behar. Baina gure liderrak borroka kolektibo honetan duten tokian kokatzea garrantzitsua da. Han eta hemen.