Alaitz Calle eta Shaila Pérez
BDZ Bizkaiako kideak

Ez dugu Israelen Armada Euskalgymean nahi

Euskalgymek, ospe handia lortzearekin batera Giza Eskubideak alde batera utzi dituela dirudi. Bizkaiko BDZa osatzen dugun talde eta norbanako guztiok ardura handiz ikusten dugu Israelen presentzia Euskalgymean.

José Luis Tejedor Vicente, Euskal Gimnastika Federazioaren Lehendakariarekin, eta Euskalgym-eko antolakuntzan zaudetenekin kontaktuan jartzen saiatu gara pasaden urtetik, bai posta elektronikoz bai posta arruntaz, baina ez dugu inolako erantzunik jaso. Hori dela eta, komunikabideetan ondorengoa argitaratzera behartuta gaude.

Azken urteetan Euskalgym ekitaldi famatuan ematen ari diren giza eskubideen urraketen inguruan gure ardura adierazi nahi dugu Bizkaiko BDZ taldetik (Israeli, honek nazioarteko legeria bete arte, Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak sustatzen dituen plataforma).

Euskalgym 2006. urtean sortu zen Durangon, Durangoko Uztai Taldearen eta Euskal Gimnastika Federazioaren eskutik. Hasiera xumea izan zuen. Baina urteak pasa ahala lehiaketa, eta batez ere Gala, oso famatuak bihurtu ziren Estatuko eta atzerriko punta-puntako gimnasten presentziagatik. Honek, ikusle kopurua asko handitu zuen, Durangoko Landako Polikiroldegia txiki geldituz. Horrela, Euskalgym Bizkaiko eta Arabako pabiloi handienetan ikusi ahal izan dugu. Zentzu honetan, Bizkaiko BDZ taldetik zorionak eman nahi dizuegu egiten duzuen lanarengatik.

Hala ere, eskutitz honen hasieran azaldu bezala, Euskalgymek, ospe handia lortzearekin batera Giza Eskubideak alde batera utzi dituela dirudi. Bizkaiko BDZa osatzen dugun talde eta norbanako guztiok ardura handiz ikusten dugu Israelen presentzia Euskalgymean. 1948.urtean Israelgo Estatua sortu zen. Honek bakea ekarri beharrean, Palestinako lurren okupazioa geroz eta bortitzagoa izatea ahalbidetu zuen. NBEren esanetan okupazioa guztiz legez kontrakoa da. Horrela, Amnesty Internazionalek azpimarratzen duen bezala, sortu zenetik, Israelek 50 urte dihardu Palestina ilegalki okupatzen eta beste 10 urte Gaza ilegalki blokeatzen, egunero eta sistematikoki palestinarren Giza Eskubideak urratuz: umeen atxiloketa ilegalak, palestinarren zirkulazio askatasunaren urraketa, jazarpenak, mehatxuak, torturak eta tratu txarrak (adin txikikoei barne), erailketa ez-legitimoak, arrazakeria, adierazpen askatasunaren eta bilerarako eskubidearen urraketa, palestinarren etxebizitzen eraispena eta kanporaketa behartuak, nazionalitatea eskuratzeko ezintasuna, gerra krimenak eta exekuzio ilegalak, etab. Honekin, Israelgo estatuak, besteak beste, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna eta Osloko Itunak urratzen ditu.

Israelgo Estatuko ordezkariek Israelen krimenak ezkutatzea dute helburu, propaganda sionistaren bidez Estatu modernoa eta aurrerakoia dela erakutsiz. Baina aipatu bezala errealitatea gordina da, eta Israelgo ordezkariak gonbidatzen dituzuen erakundeek, askotan nahi gabe, okupazio eta apartheidaren konplize zuzenak bihurtzen zarete. Gaur egunera arte, hiru dira Euskal Gimnastika Federazioak, Euskalgymeko galan parte hartzera gonbidatu dituen gimnastak: Irina Risenzon, Neta Rivkin eta Linoy Ashram. Hirurak Israelgo ejertzitoan egondakoak dira dira, Linoy Ashramek egun bertan jarraitzen duelarik. Gainera, Neta Rivkin eta Linoy Ashram, sare sozialetan publikoki Israelgo Armadari babesa erakutsi diote, beraien praktikak goraipatuz.

Azpimarratu behar da, oso mingarria egin zitzaigula azken Euskalgymean gertatu zena. Israelgo Estatuak 50 urte bete zituen horretan eta Itzuleraren Martxa Handia sortu zen urte horretan, Euskalgymeko gala azaroaren 24ean ospatu zen BECen. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela eta, antolakuntzak indarkeria mota hau gaitzetsi zuen. Ezin dugu ulertu, nola gaitzespen honen ondoren Israelgo ordezkariak gonbidatu zenituzten. Izan ere, Ayelet Shaked Israelgo Justizia Ministroa zenak, emakume haurdun palestinarrak hiltzeko deia luzatu zuen, hauek, bere esanetan, “etorkizuneko terroristen amak direlako”. Deialdi honek bere efektua sortu zuen eta 2015ean inoiz baino emakume palestinar gehiago hil zituen Israelgo ejertzitoak. Gainera, 2018. urtean Estatu sionistak 39 umetik gora hil ditu.

Guzti honek, Giza Eskubideen aurka egiteaz gain, hainbeste maite dugun gimnasia erritmikoaren baloreen aurka egiten du; laguntasunaren aurka, errespetuaren aurka, maitasunaren aurka, bizitzaren oinarrizko balioen aurka...

Irailaren 20an azaroaren 16an BECen izango den XIV. Galaren sarreren salmenta hasi zen. Oraindik Gala horretan parte hartuko duten gimnasten zerrenda ez da atera. Bizkaiko talde sozialen, sindikalen eta kulturalen laguntza eta babesarekin garatutako Bizkaiko BDZ taldetik, espresuki eskatzen dugu, Israelgo Federazioa ez gonbidatzea. Ez ditugu Israelgo Ejertzitoko ordezkariak gure etxean izan nahi. Ez dugu euskal gizartearen diruarekin Israelgo krimenak garbitzen lagundu nahi.

Eta horrela bada, Israelgo ordezkariak gonbidatzen badituzue, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Euskadi Basque Country-ri, Bilboko eta Barakaldoko Udalei, Euskal Kirol Federazioa Batasunari, Laboral Kutxari, Metro Bilbaori, Euskal Trenbide Sareari, Eitb-ri, Euskotreneri, Basque Team-eri eta Euskalteli diru laguntza eta babesa emateari uko egitea eskatzen diegu.

Recherche