Joseba Barriola

Ezagutzen al duzu Lynn Margulis?

Lynn Margulis-i egindako elkarrizketa batean galdetu zioten: «Zer da sinbiosiaren teoriatik jendeari gustatzen ez zaiona?». Eta hauxe erantzun zuen: «Femeninoa dela, kooperatiboa eta ez lehiakorra».

Askorentzat ezagunak izango dira Galileo, Kepler eta Newton. Agian ez hain ezaguna Giordano Bruno, zientzilari aparta, 1600ean, Erroman, Inkisizioaren aginduz sutan asesinatua.

Askorentzat ezagunak Einstein eta Borh eta fisika kuantikoaren sortzaileak.

Eta askorentzat ezaguna izango da Darwin, eta are ezagunagoak darwinismo soziala, patriarkala, arraziala eta linguistikoa.

Baina apenas de ezaguna Lynn Margulis, EST (Endosinbiosi Seriatuaren Teoria) teoriaren formulatzailea eta James Lovelock-ekin batera Gaia hipotesiaren sortzailea.

Hala ere, Paco Puchek idatzitako "Sinbiosia. Lynn Margulis-en kosmobisioa" liburuaren bigarren edizioaren hitzaurrean, Carlos de Castro Carranzak, Valladolideko unibertsitateko fisika eta sistemen dinamikaren irakasleak, esaten du: «Por aquella época yo decía a mis alumnos que Lynn Margulis era nuestro último científico genial (lo pongo en masculino para remarcar que abarco a todos los hombres también). Ahora les pido a mis alumnos que me nombren algún genio de la ciencia y no son capaces. Y les doy la razón. Desaparecida Lynn, ya no nos quedan genios».

Izan ere, duela hamar urte, 2011ko azaroaren 22an zendu zen Lynn Margulis. 1938 urtean jaio zen Amerikako Estatu Batuetan. Unibertsitate irakasle izan zen hainbat unibertsitate eta herrialdeetan. 1998 ezkeroztik Masachusetts-eko Unibertsitatean, Amherst-en irakaslea izan zen. USAko Zientzietako Domina Nazionala eman zioten eta hainbat unibertsitateetan (tartean Valentzian eta Barzelonan) doktor honoris kausa izendatu zuten. Baina bere semeak, Dorion Sagan-ek, amaren omenez 2014ean egindako liburuan dioen bezala: «ez zioten merezi zuen Nobel saria eman». Lynn Margulis-i egindako elkarrizketa batean galdetu zioten: «Zer da sinbiosiaren teoriatik jendeari gustatzen ez zaiona?». Eta hauxe erantzun zuen: «Femeninoa dela, kooperatiboa eta ez lehiakorra». Amherst-en bizi zela Emily Dickinson poeta handia bizi izandako etxearen ondoan bizi zen. Diotenez, etxeko lanak egiten zegoen bitartean, gogokoa zuen Dickinsonen poemak, buruz zekizkienak, ahots goran errezitatzea.
Zein da bada emakume genial honen ekarpena? Hiru puntu aurreratuko ditut:

a) Neodarwinismoa hankaz gora jarri zuen. Honela laburbiltzen zuen Margulisek, eta gogoratzeak merezi du: «Bizitzak ez zuen planeta konkistatu gatazken bidez, kooperazioari esker. Bizitza formak biderkatu ziren eta konplexuagoak egiten joan ziren elkarrekin asoziatuz, eta ez elkarri hilez» (Margulis: "Una revolución en la evolución", 2002 Unibertsitat de València. Argitalpenak).

Darwinengan Inglaterrako kapitalismoak izan zuen eragina bere liburu famatuaren izenburuan agertzen da garbi: «Espezien jatorria hautespen naturalaren bidez, edo existentziaren borrokan arraza hoberenen iraupena». Kapitalista hoberenak, arraza hoberenak, genero hoberenak, bizitza forma hoberenak (antroposak, noski).

Lynn Margulisen ekarpen handia da bizitzaren aniztasunaren garrantzia azpimarratzea, bizitzak bizitzeko baldintzak sortzean (Gaia) izan zuen garrantzi zentrala azpimarratzea, bizitza simbiosis eta kooperazioz garatzen dela azpimarratzea.

Horregatik gure gogamenaren bateriak kargatzen dizkigu bizitza duinaren aldekoei, bizitza erdigunean jarri nahi dugunoi, biodibertsitatea eta oreka klimatikoa landu nahi dugunoi, gizakion arrazionalismo arroputza bazertu behar dela sentitzen dugunoi.

b) EST teoria. EST Endosinbiosi Seriatuaren Teoriaren akronimoa da. Bizitzaren hasieratik (3.000 milioi urte) orain arte eboluzioak hainbat urrats eman ditu Lur planetan. Hainbat jauzi ebolutibo eman ditu. Jauzi horien seriea eta jauzi horietan sinbiosiak izan duen eginkizun zentralaren teoria da.

Zein jauzi?

1. Bizitza lehen bakterioekin hasi zen, molekula oso konplexuen eta birusen arteko sinbiositik. Denbora luzez (milaka milioi urte) bizitza anaerobikoa zen, oxigenoa hilgarria zen lehen bakterioentzat. Bakterioak nukleoarik gabeko zelulak ziren.

2. Bakterioen sinbiositik sortu ziren lehen zelula nukleodunak. Hauetako batzuk gai izan ziren oxigenoa ekoizteko eta oxigeno horretatik bizitzeko. Bizitza aerobikoa martxan jarri zen eta gaur egungo bizitzaren parterik handiena (ez dena) oxigenorik gabe ezin da bizi.

3. Zelula nukleodunen sinbiositik sortu ziren izaki bizi plurizelularrak.

4. Modu berean, sinbiosi bidez, sortu ziren izaki bizidunak, geroz eta konplexuagoak: bakterio nukleoa gabeak, bakterio nukleodunak, honttoak, landareak, arrainak, animaliak (eta hauen artean gu gizakiok, bizitzara iritsitako azken gonbidatuak).

5. Bizidunen erreprodukzioa, sexu bidezkoa edota beste modukoa izan, sinbiosi bidez egiten da. Adibidez, gure geure sorkuntza bera.

6. Planeta sinbiotiko liburuaren kapitulu baten izena, hain zuzen, hauxe da: "Sinbiosia nonnahi". Beste kapitulu batean ankaz gora jartzen du bizitzaren sailkapen antropozentrikoa (gizakiak eta gainontzeko forma guztiak), sailkapen animalozentrikoa (animaliak eta landareak), eta eskeintzen du bost erreinuko sailkapena (bakterioak, protoktistas –nukleo duten zelulak–, honttoak, landareak, animaliak). Beste kapitulu baten izenburua da "Sexu Animala", eta animalien sexualitatea kokatzen du aipaturiko bost erreinuen erreprodukzio moduen (beti indibiduazioa inkorporazioen bidez) panoramaren barnean. Parte baten aipamena egin dut. Badago gehiago. Bizitzaren ibilbide apasionagarri hau, pasioz eta umorez, irmotasun, ikerketez eta zehaztapenez idatzia dago aipatu liburuan.

c) Gaia hipotesia. Liburuaren azken kapituluak "Gaia" du izena. Izan ere Lynn Margulis beste ekarpen izugarria izan zen Hipotesi Gaia-ren formulazioa, James Lovelock-ekin batera egin zuena. Lovwelock hasi zen eta Lynn Margulis-ek eskeini zion hipotesiaren elementu funtsezko bat. Nola esplikatu daiteke Lurraren atmosferan O2-ak duen proportzioa? Oxigeno gutxiagorekin ezingo genuke bizi, oxigeno gehiagorekin dena kiskaliko zen... Nondik sortu da oxigeno hori, eta nola mantendu da milaka milioi urtetan proportzioaren oreka? Hipotesia zen. Bakterio batzuk oxigenoa ekoizten asmatu zuten eta gero horiek beraiek oxigenotik bizitzen ikasi zuten. Hor dago esplikaziorako elementu giltzarri bat.

Gaur egun Gaia Hipotesia zenak jauzi bat eman du. Gaur egun ez da Gaia eztabaidatzen, beraren izaera baizik. Honetaz argi gehiago nahi duenak has daiteke Carlos de Carlos Carranza, Valladolideko irakaslearekin. Honek defendatzen du ez jada Gaia Hipotesia, Gaiaren Teoria Organikoa baizik. Azken honen liburu batek izenburu hau dauka: "Gaia berriro hartuz. James Lovelock eta Lynn Margulisen bizkarren gainean". Baina azken gogoeta hauek Lynn Margulisen ondorengoak dira.

Bere ekoizpen intelektual (artikuluak eta liburuak) ugaria izan da. Azpimarratuko nuke "Planeta Sinbiotikoa. Eboluzioari buruzko ikuspegi berri bat" liburua, txundituta utzi ninduelako pandemiaren garaian irakurri nuenean. Eta lagun batzuei entzunda, bere seme Dorian Saganekin batera idatzitako bi liburu: "¿Qué es la vida?" eta "¿Qué es el sexo?" (Biak Tusquet editores argitaratuak). Bestalde, Paco Pucheren liburuaz gain, Carlos de Castro Carranzak badu liburu bat izenburu honekin: «Gaia berriro hartuz. James Lovelock eta Lynn Margulisen bizkar gainean».

Aipatu ditudan liburuetatik hiru (“Planeta Sinbiotikoa”, Lynn Margulis, eta “Sinbiosis. Lynn Margulisen kosmobisioa”, Paco Puche) eta orain berriki aipatu dudan Carlos de Castrorena, euskaraz aipatuak izan dira. Izan ere, nire ezagun baten ordenagailuan bait daude euskarara itzuliak, argitaratuak izateko desioz, baina momentuz argitaratu ezinik. Nire ezagun hori prest dago interesatuei emailez bidaltzeko.

Recherche