Iñaki Soto
GAUR8

Eztabaidatzea gauza ederra da

Azken asteotako zenbait gertakarik –Fagor, Euskaltel, Kutxabank…– zenbait gogoeta piztu dizkidate. Fama txarra duen arren, eztabaidatzea gauza ederra da. Jakina, bizitza sozialaz ari naiz, ez partikularraz.

Norbaitek esan dezake hobe dela ez eztabaidatzea. Ados egotea ados ez egotea baino hobe dela adierazi nahi bada, ados gaude (ñabardurekin, baina ados). Baina, nire ustez, bizitza sozialean eta politikoan fikziozko adostasuna baino kaltegarriagoak diren gauza gutxi daude. Jakina, guztiok uste dugu arrazoia dugula; ez dago joera hori baino gauza naturalagorik. Baina, logika horri eutsiz, gainontzekoek ere berdin pentsatzen dutela ulertzea (alegia, desberdin pentsatzen dutela ulertzea) logikoa izan beharko litzateke. Ez da, ordea.

Herri honetan eztabaidatzeko ohitura zeharo galduta edo are perbertitua ere badugula esaten ausartuko naiz. Eztabaidatzea ez baita inolaz ere bakarrizketen segida bat. Ezta beste nonbaiten beste norbaitek hartutako erabakiak berrestea ere. Hori iritzia ematea da, eta ondo egon daiteke, baina ez da eztabaidatzea. Erabakiak pertsonalak ez baldin badira, erabakiak hartzea eztabaidaren ondoren dator, ez aurretik. Gaur egun eta hemen, jende askok, erakunde askok, ez dute eztabaidatu nahi baldin eta aldez aurretik emaitza zein izango den ez badakite. [Adi, badira toki murriztuetan hartu behar diren erabakiak, baina hori ez da araua, baizik eta salbuespena.] Dialektika sintesira murriztu nahi da, tesi eta antitesirik gabe. Dena oso premarxista, idealista hutsa eta zentzu batean erlijiosoa, nire uste apalean.

Izan ere, zenbaitek politikaren ikuspuntu erlijioso hori hobesten dute. Adibidez, diziplina obedientziarekin nahastea oso komuna da gure artean. Diziplina erabaki-marko batera sartu, zure ideiak bertan defendatu eta emaitza zilegia «onartzea» da. Gerta liteke bilera hipotetiko horretan iritziz aldatzea, baina ez da ohikoena. Zure iritzia ez bada gailendu, alternatibak ospa egitea edo hurrengorako eztabaida irabazteko maniobratzea dira. Ez duzu zertan erabakitakoarekin bat egin beharrik, baina horixe erabaki dela onartu behar duzu. Arau sinplea da. Obedientzia eskema batean, ordea, adostasuna exijitzen da, alegia, erabakitakoa propio egitea, ez erabakia modu egokian eta eztabaidaren ondorioz hartu delako, baizik eta egia delako. Ondorioz, zenbaitek beti egingo dute erabakitakoarekin bat, ados egon edo ez. Egia berri horretara konbertituko dira, sarri marka guztiak hautsiz.

Hari horretatik tiraka, desadostasun oro disidentzia gisa ulertzen da. Era berean, ikuspuntu horretatik, komunikazioa diskurtsoaren kontrol bihurtzen da; zer ez den esan behar kontrolatzea, ez zer esan behar den asmatzea. Eskema horren beste ondorioetako bat arduragabekeria da: eztabaidatu ez dutenek ez dute ardurarik, erabakiak beste norbaitek hartu baititu; eta erabakiak hartu dituenak, ordea, fikziozko eztabaidaren tramitea bete denez, bere ardura ere lausotu egiten du.

Eztabaidatzeko baldintzetako bat aukerak egotea da. Aukerarik ez dagoenean eztabaidatzea alferrikakoa da-eta. Politika mailan, uneotan, lan nagusietako bat aukerak mahai gainean jartzea dela esango nuke. Agertokiak aurreikustea, bide posibleak markatzea, alternatiba desberdinak aztertzea… eta, nahi bada, horietatik batzuk hobestea, autoritatea eta argudiaketa lagun. Hortik aurrera, demokrazia, bere adiera guztietan.

Batek baino gehiagok zertaz ari naizen galdetuko dio bere buruari. Ia-ia guztiaz, esango nuke nik: azpiegiturez, hizkuntza politikaz, publikoa/pribatuaz, finantza sistemaz, sinboloez, enpresa ereduez… Alor horietan guztietan, baita beste hamaikatan ere, herri akordioak behar ditugula esaten da, eta egia da. Ez dago akordio horietan sinisterik baldin eta ez bada eztabaidarik ematen. Gurean negoziazioa ondorioen transakzio huts bihurtu da; gutxi batzuk aurretik ezarritako premisen eta emaitzen orekatze mugatua, ezer gutxi gehiago.

Desadostasuna ez da tragedia bat, eztabaidaren baldintza da, erabakien aurrekaria. Tragedia gezurrezko ahobatezkotasuna da, epe motzera edo erdira paralisia baitakar.

Recherche