Afrika Jimenez, Ana Perez Perez, Amaia Zubieta eta Marga Mosquera
STEE-EILASen Emakume Idazkaritza

Gabonak ez sexistak!

Orain dela aste batzuk Durangon ospatu zen azoka aprobetxatuz, jende askok musika eta literaturako azkeneko berrikuntzak ezagutzeko aukera izan dugu. Gabonak gertu ditugun momentu honetan non kontsumitzeko eromenean ez erortzeko komeriak izango ditugun, joko, jostailu eta liburuek duten garrantziaz hausnartzea oso garrantzitsua da.

Haurtzaroan jakintza, ezagutza eta adierazpena jokoen eta jostailuen bitartez garatzen dituzte umeek. Jokoetan neskek eta mutilek gertuko bizipenak eta aukerak adierazten dituzte, portaerak, jokabideak eta trebetasunak ikasten dituzte eta etorkizunerako nortasuna ere eraikitzen dute. Haurrek jokoen bidez bereganatzen dituzten baloreak eta ahalmenak jostailuek sendotzen dituzte.

Irakaskuntzan aritzen garenok aukeraketa ona egiteko momentuan zenbat oztopo topatzen dugun jabetzen gara. Publizitateak, komunikabideek eta gure irudikari kolektiboan erabat errotuta dauden estereotipoek berdintasuna, errespetua eta elkartasuna bezalako baloreak transmititzeko izugarrizko trabak jartzen baitizkigute.

Horregatik irakaskuntzako langileak garen heinean eta irakaskuntzako ildo nagusietariko bat hezkidetza izan behar dela defenditzen duen sindikatu bezala, harrituta gelditu gara argitaletxe ezagun batek “neskatoentzako ipuinak” arrosaz, eta mutikoentzako ipuinak” urdinez, komertzializatu dituela ikusi dugunean eta oraindik gehiago harritu gaitu jasotako kritiken aurrean emandako erantzunak.

Lerro hauetatik aipatutako argitaletxe horren kontrako kanpainarik egiteko asmorik ez dugu, bai berriz hausnartzeko deialdia egin. Beste lurraldeetan horrelako liburu bildumak saltzen direla edota amek eta amonek neskei printzesen mozorroak eta liburuak erosten dizkietela eta mutikoek soldadutxoekin jolasten dutela argumentu giza erabiltzea ez zaigu onargarria iruditzen.

Ipuin eta literaturari buruzko ehunaka ikerketa egin dira non emakumeei egin dien mina agerian gelditzen den. Kontakizunak non emakumeak eta neskatoak menpeko egoeretan islatzen diren, babesaren bila, autonomiarik gabeko etxeko andre ahulak bezala eta non gehienetan beraien kabuz pentsatzeko arazoak dituzten. Kontakizun hauek botere sexistako harremanetan oinarrituta daude eta desberdintasuna transmititzeaz aparte estereotipo sexistak indartzen dituzte.

Argitaletxe batek salmentak igo nahi izatea ulertzen dugu, baina merkatua ere hezi daiteke. Horregatik defenda ezina dena defendatzeko antzinean erabiltzen ziren argudioak erabiltzen jarraitzeak kezkatu, tristetu eta haserretu egiten gaitu.

Hori dela eta, urtez urte mezu berbera errepikatzeko behartuta gaude. Publizitatean agertzen diren jostailuek, gehienetan, berdintasun harremanak, errespetua eta elkartasuna bultzatu beharrean, sexismoa, indarkeria eta horrelako baloreak bultzatzen dituzte.

Neskatoentzako eta mutikoentzako jostailu egokia aukeratzeko, kontuan izan behar ditugu horren kalitatea eta umeen adina, noski, baina batez ere jarrera eta balore positiboak lortzeko laguntzen duten ala ez. Beraz, jostailua aukeratu baino lehen ondoko hauek kontutan hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu:

-Neskek zein mutilek erabili ahal izatea,

-Eredu sexistak eta indarkeria ez bultzatzea,

-Berdinen arteko harremanak eta komunikazioa bultzatzea eta sendotzea,

-Kooperazioa eta laguntasuna sustatzea,

-Jolasaren edo jokoaren helburua ondo pasatzea izatea,

-Edozein umek erabili ahal izatea, hau da, trebetasunik ez izanda ere inor baztertzeko aukerarik ez ematea,

-Dibertigarria eta jolasteko gogoa piztea,

-Jakin-mina eta sormena garatzen laguntzea, horretarako jostailuak erreza izan beharko du,

-Jolasteko aukera berriak ematea, hau da, errepikakorra ez izatea

-Pentsatzeko ahalmena eta arazoei aurre egiteko baliabideak topatzen laguntzea.

Eta ezin dugu ahaztu haur eta gazte literatura, liburuek ere ideologia eta baloreak transmititzen baitituzte. Neskek eta mutilek liburuetan islatzen diren pertsonaiekin eta egoerekin bat egiten dute, beraz edozein liburu edo ipuin aukeratu baino lehen kontuan izan behar ditugu ondorengo hauek:

-izenburuetan, marrazkietan, eta ekintzetan emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka dagoela,

-hizkuntza, jarduerak eta estereotipo sexistarik ez daudela,

-eta rol klasikoak, (mutila ausarta … eta neska menpekoa …), ez dituela transmititzen, hau da, gizonezkoak etxeko lanetaz eta besteen zaintzetaz aritzen direla, neskek erabakiak hartzen dituztela eta abar.

Jolasek, jostailuek eta ipuinek garrantzi handia dute umeen baloreen transmisioan, beraz, gai honi arduraz heldu beharko diogu, oraingo umeak etorkizuneko gizarteko protagonistak izango baitira. Hezkidetza da bidea, beste jendarte eredua posiblea baita!

Recherche