Garazi Goia
GAUR8

Galderak eta trenak

Zer sentitzen duzu deserrian bizi eta euskaraz lanak argitaratzean? Edo, zer esaten dizu hor, zure inguruko jendeak? Adibidez, zure lankideek ba al dakite euskaraz idazten duzula?

Galdera antzekoak jende askok egin dizkit. Ia errepikakorra bihurtzen ari den erantzun berdina ematen diet beti (pentsatzen hasia nago originaltasun gehiagoko beste zerbait asmatu beharrean naizela). Nire kultura eta hizkuntzarekiko sentitzen dudan erantzukizunaz hitz egiten diet; herria eta deserriaren arteko distantziarekin dudan harremanaz; distantzia mozteko egiten dudanaz (euskaraz musika entzutea, Eitb Nahieran atariko saioak); “han” eta “hemen” kontziliatzeko dileman ematen didan laguntzaz; ematen didan asetasunaz; nire bizitzan ematen didan orekaz. Eta, pazientzia gehiago daukatenentzat bertsio luzeago bat ere badaukat, guztiok egin dezakegun ekarpen apala eta euskal literaturaren egoera aipatuz. Eta, oraindik pazientzia gehiago badute, nik idatzi ditudan gauzez hitz egiten bukatzen dugu.

Hala ere, askotan elkarrizketa lehenengo zatia eta gero bukatzen da; ez nire argumentuak guztiz konbentzigarriak direlako bereziki, baizik eta ez dutelako ulertzen zergatik euskara aukeratu dudan gazteleraren aurretik, beraien adimen sinplean irakurle gehiago lortuko nituzkeenean. Beste batzuek jarraitu egiten dute eta politika sartzen dute elkarrizketan. Ia gehienetan, identitatearen eta telebistako goiburuetan oinarritutako politika ezjakintasunaren nahasketa inkoherenteez betetako bakarrizketa hutsala izaten da. No conversation esaten zaio hemen. Baliorik gabeko hitzak. Orduan, une horretarako ere badut nire estrategia bat definitua beste norabide bat hartzeko edo aitzakiaren batekin itzuri egiteko. Finean, denbora preziatuegia da.

Aurreko astean, lanaren inguruko ekitaldi batean nengoela, idazle bat ezagutzeko zortea izan nuen. Ingelesa da bera baina gazteleraz idazten eta argitaratzen du; Andaluziarekin maiteminduta dago eta Afrika iparraldeko immigrazioaren historiaren jarraitzaile sutsua da. Komunean dugun lagun batek aurkeztu zidan, «iruditzen zait konektatuko duzuela», esanez.

Zer sentitzen duzu zure herrian bizi eta zure ama hizkuntza ez den hizkuntza batean idaztean? Nik galdera hori egin nion; noski, ez nintzen lehenengoa, baina gustura sentitu nintzen behingoan galdera egiten duenaren paperean egoteagatik. Perspektiba ez-ohiko bat eman zidan. Kanpotarraren perspektiba ezberdin bat. Benetako pasioa aipatu zuen. Kuriositateak bultzatuta hasitako bidaiaz hitz egin zidan; maitemintzeaz; beste mota bateko erantzukizunaz. Objektibotasunez egindako hausnarketez, identitatea ukitu gabe.

Lehenengo enkontrua izanda eta gainera jende gehiagorekin geundenez, ez nuen eremu pertsonalegian sartu nahi izan eta gai xaloagoetara pasatu ginen hurrena: non idazten genuen, zein ordutan eta antzekoak. Trenean idazten zuela esan zidan. Egunero bi orduko bidaia zeukala lanera joateko (bi ordu norabide bakoitzean), eta hura zela bere introspekziorako bidaia, bere inguruan zituen estresatutako bidaiariei entzungor eginez. Nik ere atsegin dut trenean idaztea.

Trenean idaztetik, Errusia eta Mongolia trenez zeharkatzeko genuen ametsera pasatu ginen (eta hura egiteko “zahartu” ginela konturatzera); hurrena, tren geltoki deigarriak izan genituen mintzagai, eta 60ko hamarkadako Ameriketan bukatu genuen; 50eko hamarkadako konformismotik ihes egin nahian amets libertarioekin limurtzen zebilen jendeaz ere hitz egin genuen; “Mad Men” telesailarekiko zaletasunaz; Madison Square mitikoko etxe orratzen inguruan ibiliko ziren Don Draper bezalako gizon perfektu eta (ustez) sofistikatuez; Pennsylvania geltokiak iradokitzen zigun erromantizismoaz; Ferlinghettiz; New Yorkeko Bryant parkeaz; Caffe Reggioko kaputxinoez (agidanez Ameriketan kaputxinoak egiten hasi zen lehenengo kafe-etxea). Arrazoia zuen gure lagunak. “Konektatu” genuen.

Hurrena ikusten dudanerako galdera prestatuta daukat: zer da okerrago, zure hizkuntza sentitu gabe zure hizkuntzan idaztea; edo, beste hizkuntza batean idaztea zure hizkuntzan sentitzen ez duzulako? (Behin idatzi nuen galderaren ildotik: zer da hobe, deserritik herria ez faltan botatzea edo herrian zaudela herria sentitu gabe egotea?).

Recherche