Galtzaileak, irabazleak eta erabakitze eskubidea
Irabazteak eta galtzeak ez dute zertan beti antonimo izan; irabazle eta galtzaile nor den definitzea askotan ez baita hain erraza. Eskozian, herritarrei beren etorkizuna erabakitzeko galdera egin diete eta galderaren emaitza ezetza izan da. Erreferendumaren emaitza ezetza izanda, asko dira «ezetzak irabazi du, baietzak galdu du» dikotomia errazeko irakurketa egin dutenak. Baina analisi sakonago bat eskatzen du Eskozian hilaren 18an gertatutakoak. Ezetzak irabazi du, hori ez dut ukatuko (nahiz eta bestela izatea nahiago nukeen). Baina beste hainbat irabazle ere izan dira Eskoziako prozesuan.
Lehenik, eskoziarrak. Eskoziarrak dira irabazle nagusiak. Galdeketaren emaitzatik harago, prozesua bera baita azpimarratu behar duguna. Eskoziarrak beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatu dutelako dira irabazle. Beren etorkizunaren jabe egin dira beren eskubidea egikarituz. Bigarrenik, independentziaren aldekoak izan dira irabazle. Galdeketan ezetza gailendu bada ere, argi dago azken urteotako lanari esker, independentzia egarria lehen lerrora eramatea lortu dutela. Herri oso bat altxatu da burujabetzaren norabidean, lehen urratsa egin du eta independentziara eramango duen bidea zabalik utzi du.
Garrantzitsua deritzogu, ordea, irabazten irten den beste sektore bat aipatzea; gazteak ere garaile irten dira prozesu honetan. Gazteoi ahalik eta beranduen onartzen zaigu erabakitzeko ahalmen juridikoa, badakitelako aldaketaren motorra gu garela. Egungo eredua iraunarazteko, erabaki eskubidea ukatzen zaigu, eraldaketarako grinak, gure irudimenak eta beldur ezak independentzia eredu aldaketarako eta bizi hobe baterako aukera dela ulertzera garamatzalako. Eskozian, ordea, 16 urtetik gorakoen subjektu politiko izaera onartu dute. Gazteok, baditugu herri ereduaren inguruko ideia garatuak. Horren alde antolatu eta lan egiten dugu eta herri oso baten etorkizuna iraultzeko gaitasuna dugula argi erakutsi dugu. Arrazoiak ere ez zaizkigu falta; emantzipatu nahi dugu eta egungo ereduak menpeko izatera kondenatzen gaitu. Horren adierazle izan da Eskoziako erreferenduma bera ere, bozen emaitzak eta adina erreparatuta, nabarmena da gazteok markatu dugula aldaketa; gazteen boto tendentziak erakutsi du aldaketa beharra badagoela eta independentzia egarria nagusi dela gazteen artean.
Munduko herri zapalduak ere irabazle irten gara. Eredugarria da herri zapalduontzat eskoziarrek lortutakoa. Herrien burujabetzaren aldeko olatua indartzea eragin du, gainerako herrien askapen prozesuei bultzada emanez. Inork gutxik ukatuko du nork bere bidea egin behar duela, baina egiten den urrats txiki bakoitzak ekarpen izugarria egiten du batzen gaituen borrokan. Atzo Eskozia izan zen, estatuarekin adostutako prozesu baten bidez. Bihar Katalunia izango da, estatuarekin enfrentamendu zuzenean desobedientziarako dei eginez. Etzi Euskal Herriaren ordua helduko da.
Euskal herritarroi dagokigu gure bidea egitea. Ereduak hartu, gainontzeko herrien bultzada baliatu eta burujabetzara eramango gaituen bidea ibiltzea. Gure herria eta gure bizitzaren inguruko erabakiak geure esku hartu behar ditugu. Espainiar zein frantziar estatuen eredu kapitalista patriarkalaren gainetik, milaka arrazoi ditugu independentzia aldarrikatzeko. Bestelako eredu sozioekonomiko bat eraikitzeko, lanaren eta bizitzaren arteko harremana birdefinitzeko, herri parekide eta anitza eraikitzeko, gure gorputzen jabe izateko, gure bizitzen etorkizuna gure eskuetan izateko, gure baliabideak gure beharren arabera kudeatzeko. Finean, geure buruen jabe izateko; burujabe izateko.
Aldaketa bidean da; herriak bizirik, zutik eta lanean. Eta ezetzaren garaipenaren diskurtsoaren atzean ezkutatzen direnak ohartzen ez badira ere, hemen irabazten ari den bakarra herria da.