Pello Urizar Karetxe
EAko Idazkari Nagusia

Gatazkaren konponketa trabatzea helburu

Azken egun hauetan gertatutakoaren aurrean, berriz ere agerian gelditu da Espainia eta Frantziako gobernuek ez daukatela euskal gatazka konpontzeko borondaterik.

Bere inguruan ustelkeria eta korrupzioa besterik ez daukan PPk berriz ere euskal gatazkaren euskarriari heldu dio bere salbazio taula gisa. Euskal Herria berriz ere Madrileko dianan beraien kaka estaltzeko helburuarekin.

Azken saiakera ‘preso politiko’ terminoa kriminalizatzea da. Gatazkaren unerik larrienetan ere erabili diren hitzak ilegalizaziorako argudio bilakatzea da helburu. Arantza Quiroga Gasteizko legebiltzarreko mahaiburu izan den legegintzaldian gutxienez 20 osoko bilkuretan normaltasun osoz erabili diren hitzak orain ez dira onargarriak, orain legez kanpo jarri gaitzakete.

Bagenekien PPrentzat adierazpen askatasunak ez daukala balore haundirik, eta beraz, gatazkaren oinarri politikoa ezeztatzeko mezu politikoa mugatzea bilatzen du, adierazpen politikoak egiteak delitu bihurtu behar baditu ere. Izan ere, Estatu espainiarrak oinarri politikoei die beldur, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubideari dio beldur eta horregaitik argi izan behar dugu PPk bultzatutako ekimen guzti hauetan gure herriaren eskubideak murrizteko ahaleginak daudela.

Biolentzia izan da argudiorik onena iraganean Estatu espainiarrak eta frantziarrak eskubideak uka ditzaten. Bai herri bezala dagozkigun eskubideak eta baita ere giza eskubideak.

ETAk giza eskubide oinarrizkoenak (edo oinarrizko eskubideak) bortxatu ditu bere ekimen armatuarekin eta Eusko Alkartasunaren ustez ez dago hori justifikatuko duen helbururik, baina gizartearen zerbitzura dauden erakundeek giza eskubideen defentsan arduratsuenak izateko derrigortasuna dute.

Demokraziaren eta giza eskubideen izenean aldarri asko egiten dituzte espainiar eta frantziar Estatuek, baina beraien Estatu interesak daudenean jokoan, aldarri hoiek azkar ahazten dituzte, benetako interesak zeintzuk diren argi utziz.

Xabier Lopez Peñaren gaixotasun eta heriotzaren inguruan gertatutakoa salagarria da zalantzarik gabe, preso bezala berak eta bere familia eta ingurukoek dituzten eskubideak urratu direlako.

Lopez Peña ETAkidea izateagatik zegoen Frantzian preso, baina beste edozein presok bezala, bere gutxieneko giza eskubideak zituen. Gaixo egoteagatik osasun tratamendu duina jasotzeko eskubidea zuen eta bere familiak ere bere osasunaren berri izateko eskubidea zuen, momento oro. Ez da ulergarria eta are gutxiago onargarria familia batek horrelako ‘trabesia’ bizi behar izatea bere familiarteko baten berri izateko eta gutxiago izan duen amaierarekin.

Demokrazia eta giza eskubideak izan behar dira gure ikur eta helburu benetako herri aske bat lortzeko, eta espainiar eta frantziar estatuen interesen gainetik, gure herriaren eskubide eta etorkizuna bermatzeko lan egin behar dugu.

Horregaitik Herrirak deitutako larunbaterako manifestazioarekin bat egin behar dugu, eta argi ere adierazi, gatazkaren konponketa trabatuko duten edozein urraketaren aurrean herri bat aurkituko dutela, gatazka bere osotasunean konpontzeko lan egingo duen herri bat, bere etorkizuna libre eraiki ahal izateko konprometitua dagoen herri bat.

Recherche