Jesus Mari Larrañaga
Azkoitiko eta Azpeitiko naturzaleak

Gaurko poza... Biharko malkoak?

Egungo zurrunbilo kontsumistan murgildurik bizi garenez, ez gara konturatzen –ala agian bai, baina bost axola zaigu– eredu kontsumista hau ez dela inolaz ere jasangarria

Hiru, bi, bat… Heldu zaizkigu Black Friday eta, ia-ia, Gabonak!!! Zain geunden. Irrikatzen. Orain zer erosi erabakitzea da gure kezka. Zer behar dugu? Kolore urdinean ala beltzean? Modelo hau ala bestea? Aurten otarrainxkak ala nekorak?...

Duela hamarkada gutxi batzuk ez zen horrelakorik. Garai haietan oraindik erosketak herrian bertan egiten genituen gehienbat. Zerbait berezia nahi bagenu «kapitalera» joaten ginen, Donostiara, edo inguruko herrietara. Baina garai haiek aspaldi eraman zituen haizeak. Udazkeneko haize horiek era berdinean eraman zituzten herriko denda asko. Beraien kopurua poliki-poliki murrizten joan da, gure herriak negu gorrian utziz. Baina, aldi berean, inguruan merkataritza zentroak jaio dira. Eta azkenik Interneteko iraultza heldu zaigu, tabletatik edota mugikorretik erosketak egiteko aukera dugularik. Sinestezina!

Honek guztiak gure kontsumoan izugarrizko eragina izan du eta izaten ari da. Eta, askoz zuzenago, gure ingurumenean. Munduan gaur egun 500 milioi tona plastiko ekoizten dira urtero. Eta orain arte ekoitzitako zati gehiena, %70 inguru, ez da birziklatu; alderantziz, zabortegietan edo ingurumenean botata bukatu du. Ikertzaileek diotenez, plastiko hori, naturan degradatu gabe 400 urte arte iraun dezakeena, «mikroplastiko» itxuran gizakion gorputzetan aurkitzen ari dira. Honek gure osasunean izan ditzakeen ondorioak ez daude garbi oraindik.

Bildukiek munduan sortzen ditugun hondakinen %40 osatzen dute. Txinaren ondoren Europa da munduko bigarren plastiko ekoizlea. Kontinente honek badu beraz, ardura handia arazo global honi konponbidea ematerako garaian. Eta zeresanik ez, ekoizleek. Coca-Colak, adibidez, munduan urtean ekoizten diren 500.000 milioi botiletatik (plastikozko milioi bat botila saltzen dira minutuero munduan) 110.000 milioi produzitzen ditu (110.000.000.000). Telebistak eskaintzen dizkigun iragarkietan oso marka «berdea» dela ematen du, baina… Ez al du inongo ardurarik?

Egoeraz pixka bat kontzientziatuta, edo marketin kanpaina zoragarria eginez, banaketa enpresa handiek ere kontsumo jasangarriago baten alde urratsak egiten ari direla diote (adibidez, Eroskiren 10 konpromiso jasangarriak eta osasungarriak, Lidleko Compromisos con la sostenibilidad edota BMko energia berriztagarrien aldeko apustua). Alde batetik, administrazioak plastikozko poltsen oparitzea murriztu du. Bestalde gu, kontsumitzaileok, eskaera berriak eta presioa egiten ari gara poliki-poliki urratsak egin ditzaten (ongietorriak guztiak). Esaterako, azken urteotan konturatu gara askoz ere produktu ekologiko gehiago saltzen dituztela, paperezko poltsek plastikozkoen tokia hartu dutela, edota horietako batzuk plastiko konpostagarriz eginak daudela… Baina, ezin dute harantzago joan?

Errealitate gordinaren aurrean, toki batzuetan erosleak jadanik bildukiak dendetan uzten hasi dira, nazkatuta hainbeste plastiko etxean bota behar izateaz. Besteetan, distribuzio kateak izan dira plastikozko eta beirazko ontziak birziklatzeko makinak instalatu dituztenak eta, aldi berean, kontsumitzaileari ontzi horien dirua itzultzen dietenak. Hala ere, estatuan lan egiten duten kate hauen «plastikoaren urratsaren» analisia egin du duela gutxi Greenpeacek eta puntuazio altuena 6,2koa da, 10etik. Ongi eskasa.

Gainera, ezin ahaztu bereziki hiri handietan are eta arruntagoak bihurtzen ari diren bildukirik gabeko produktuak saltzen dituzten dendak. Alemanian sorturiko ideia hau beste herrialde askotara zabaldu da oso denbora gutxian, herritarren kontzientziazio maila zein den argi utziz. Inplikaturiko guztiak, dendariak eta erosleak, ez dira pentsatzen ari zer egingo duten sorturiko hondakinekin, baizik eta nola sortu hondakin kopuru txikiena. Honek gogorarazten digu geure etxeetan entzuten dugun esaldi zahar bat: «Ez da txukunena gehien garbitzen duena, baizik eta gutxien zikintzen duena».

Eta zeresanik ez Black Friday honek ematen dizkigun sorpresak. Erotu egin gaitu. Produktu asko eta asko ikaragarrizko deskontuekin (jakinda askotan horietako askori aste batzuk lehenago beraien prezioa igo zaiela) eta denetarik!!! Kontsumistaren paradisua!!!... eta ingurumenaren infernua aldi berean. Egun hauetan eskatzen ari garen produktu horiek guztiak bide luze bat egiten ari dira gure etxeetaraino, eta horrek gas toxikoen isurketan eragina du. Eta gero etxera heldu, ireki (unboxing zoragarria!!!)… eta kartoia, burbuiladun plastikoa, poliespana… dena gure etxe ondoko kontainerretara botatzera. Hori, beteta ez daudenean!!! Kasu horietan kanpoan pilatuta utziko dugu, zertarako eraman bueltan etxera?... jasoko dute!

Benetan jasangarriak izan nahi badugu gure kontsumoaren ereduari buruz hausnartu behar dugu. Egungo zurrunbilo kontsumistan murgildurik bizi garenez, ez gara konturatzen –ala agian bai, baina bost axola zaigu– eredu kontsumista hau ez dela inolaz ere jasangarria. Nola izan daiteke ba helburua etengabeko kontsumoa? Honetara mugatu behar da gure ekintza gizaki moduan?, kontsumitzera? Honetan topatu dugu gure poztasuna?, gure gizatasuna? Askoz gehiago ginela uste genuen. Benetako zoriontasuna ez al dago gehiago gure inguruan dauden horiei denbora eskaintzean, naturaz eta kulturaz gozatzean, eta ez hainbeste gauzak (kasu askotan jadanik baditugunak) erostean? Gauzak, produktuak, ditugulako bizi kalitate hobeagoa dugula pentsatu behar dugu?

Azken batean, hobekuntza edo aldaketa baten bila bagabiltza, erantzuna ezin daiteke soilik produktu bat erosterakoan plastiko edo bilgarri gutxiago edo birziklagarria duen edo ez begiratzean, urrunetik garraiatu behar izan den edo hurbileko ekoizleena den. Gehiago izan beharko luke. Sakonagoa. Ikusi dugunez, herrialdeek ardura handia dute, administrazio guztiek ere (udala noski, lehen postuan egon behar da, arazoetatik eta herritarren kezkengatik gertuen dagoelako –nola ulertu orduan Azkoitiko Udala Udalsarea21etik kanpo egotea?–), ekoizleek eta, azkenik, guk, erosleok. Arazo honetan inplikaturik dagoen kate-maila bakoitzari bere erantzukizuna exijitu behar zaio. Zaila izango da bat-batean egoera kezkagarri honi bira ematea, baina aldaketa gutako bakoitzak har ditzakeen neurri txikiekin has daiteke. Zu prest al zaude? Benetan? Izan daitezela ba egun zoriontsuak zuretzat… eta ama lurrarentzat.

Recherche