Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea

Gauzen uberizazioa

Uberizazioa negozio eredu jakin bati eta sektore, kolektibo edo eremu geografiko batean egiten duen kalteari lotuta doa. Hortaz, uberizazioa transformazio edo eraldaketa prozesu kaltegarri bat bezala uler daiteke.

Ez da berria enpresa edota marka baten izena izen orokor bilakatzea. Hala gertatu zen Kleenex edo Post-it markekin. Jatorrian marka zehatz bat izan arren, zerbaiten izen bilakatu ziren. Eta mundu global digital honetan, ohikoa eta arrunta bilakatu da, euskaraz ere, sarean bilatzeko ekintzari «googleatu» esatea: «Google» marka errotzat duen aditza sortzea. Sarean beste bilatzailerik ez balego bezala.

Oharkabean edo kontzienteki, Google bilatzailearen posizioa indartu besterik ez da egiten. Baita aditz bilakatu gabe ere «bilatu Googlen» erabiltzean, edo «bidali ‘gmail’ bat» esatean. Whatsappekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Esan gabe doa: multinazional hauen marken orokortzea saihestea gomendatuko nuke, duten merkatu kuota indartu eta doako marketina eskaini nahi ez badiegu behintzat. Ahoz zein idatziz: marka teknologiko hauek izen orokor bilakatu eta beste aukerarik ez balego bezala komunikatzeak, multinazional hauek desio duten markoa geureganatzea eta sustatzea eragiten du.

Orokortze hori Uber enpresarekin ere eman da, aditz («uberizatu») edo prozesu baten izen gisa («uberizazioa»). Lanaren uberizazioa, hirien uberizazioa, harremanen edo gauzen uberizazioa. Kasu honetan, markaren erabilera ez da aukera edo tresna bakarraren markotik sortzen. Uberizazioa negozio eredu jakin bati eta sektore, kolektibo edo eremu geografiko batean egiten duen kalteari lotuta doa. Hortaz, uberizazioa transformazio edo eraldaketa prozesu kaltegarri bat bezala uler daiteke.

Uber enpresa «elkarlaneko ekonomia» kontzeptuaren barruan sartu nahi izan da. Izen goxoa izan arren, praktikan suntsitzailea den negozio eredu jakin bat sustatzen du eta, horretxegatik, «plataforma kapitalismoa» deritzonaren barruan ere kokatu da. Uber plataforma edo aplikazio bat da: hemendik hara joan nahi duten herritarrak euren ibilgailuarekin desplazamenduak egiteko prest dauden beste herritar batzuekin kontaktuan jartzea ahalbidetzen duen tresnatzat auto-definitzen dena. Uber ustezko bitartekari soila  da. Uber enpresak ez du ibilgailurik erosten, ez konpontzen, ezta mantentzen ere. Baina Gidaridun Garraio Ibilgailua edo GGI lizentzia duten herritarrek zerbitzua eskaintzeko bidea irekitzen du. Horrek taxien sektore erregulatua sutan jarri du.

Uber bidez euren gidari zerbitzua eskaintzen duten pertsonen errealitatea ere krudela da: erdiek ez dute Uber plataforman urtebete baino gehiago irauten. Gidarien hamarretik zortzi ez dira hilean 500 dolar irabaztera iristen. «Autonomo faltsuak» deitzen zaie: ez dute ez ordutegi eta lanaldi zehatzik ez finkorik, ez gizarte segurantzarik, ez bajarik, ez etorkizuneko proiekziorik. Laneko erabateko ziurgabetasun egoeran bizirauten dute. Eta euren autoa eurek garbitu, konpondu eta mantendu behar dute. Aktibitate ekonomiko batek dakarren arrisku guztia onartu eta kudeatzen dute. Hau da: enplegua sortzetik urrun, herritarren prekaritate egoera betierekotzen besterik ez du laguntzen Uber plataformak. Horregatik, ekonomiaren uberizazioak prekarizazio prozesu bati egiten dio erreferentzia: lan baldintzen eta langileen eskubideen erabateko kaltetzeari.

Deliveroo eta Airbnb ere zaku berean sar ditzakegu. Azken horrek, hain zuzen, hirien uberizazioa sortzen du (oso gomendagarria: “Airbnb, La ciudad uberizada”, Katakrak Liburuak). Airbnb plataformak ere ez du etxe edo ostatu propiorik, ez ditu garbitzen, ez dizkie argazkiak ateratzen, ez ditu konpontzen ez mantentzen. Eta ukatu egiten duten arren, batez ere, etxebizitza askoren jabe direnen espekulaziorako plataforma bilakatu da.

Gomendatu dudan liburuan, Brossatek Airbnb hiri-bizitzaren eta lan munduaren transformazioan inplikatua dagoela adierazten du. Airbnb plataformak sortutako eraldaketak jatorrizko herritarrak eta epe luzeko alokairuan bizi diren familiak euren auzoetatik joatera bultzatzen dituela dio: espekulatu nahi duenarentzat, hirian bizi nahi dutenen epe luzeko alokairua baino errentagarriagoa delako hiria bisitatzera datozen turisten iraupen laburreko alokairua. Funtsean, alokairu turistikoaren merkatu berriaren plataforma dela, herri eta hirien diru kutxetan zentimorik uzten ez duena: multinazionala izanagatik, saltoki txikien zerga berberak ordaintzen baititu, Europar Batasunean dauden paradisu fiskalek ahalbidetzen duten zerga ihesagatik. Donostia da, ziur aski, Euskal Herrian Airbnb plataformaren uberizazioa gehien jasaten ari den hiria. Parte Zaharrean, batez ere, gentrifikazioa ematen ari da. Saltokien eta tabernen izaera ere asko aldatu da. Bizitzeko baino, bisitatzeko auzo bilakatzen ari da.

«Elkarlaneko ekonomiaren» barruan auto-kokatu arren, plataforma kapitalismoak erregulazio falta eta zerga-ihesa ditu oinarri. Eta horrela, Uber eta Airbnb negozio-eredu hau jarraitzen duten merkatuko bi plataforma nagusiak bilakatu dira. Hurrenez hurren, lanaren eta hirien uberizazioa sustatzen dute. Uber plataformak langileen eskubideetan eta etorkizuneko lanaren eztabaidan eragiten duen kaltea nabarmena da. Airbnb plataformak hirien desitxuratzea, auzoen artifizializazioa eragiten du. Eta horrek horrela izaten jarrai dezan, plataforma mantendu eta hobetuko duten ingeniari gutxi batzuk eta lobby lana egingo duten pertsonak kontratatzen dituzte. Gainontzean bitartekari hutsak omen dira.

Eta zein da kontsumitzaileon rola honen guztiaren aurrean? Brossatek argi dio: «Gure jantzi antikapitalistaren josturak askatzen dira hemen, eta horrek ‘elkarlaneko ekonomiako’ enpresentzat baino askoz gehiago balio du. Zer da egokiagoa, hotel batera edo Airbnb plataformako apartamentu batera joatea? Aireportura taxi batean edo Uberreko gidari batekin? Ondo dago Deliveroo edo Glovon afaria etxera ekartzeko eskatzea? Gure kontsumoak ez du azterketa etiko onberena gainditzen, eta, hala ere, mantentzen jarraitzen dugu». Hausnarketarako balio dezala.

Recherche