Gazte Topagunearen kronika edadetua
Gogoko dut urtero Gazte Topagunetik buelta bat ematea, giroa sentitu, kontzertu edo ekitaldiren bat ikusi eta diru pixka bat uztea; finean, duela hamarkada batzuk izan ginen hari eta gaur direnei nire aitortza politiko eta emozionala egitea.
Aurten, baina, bueltaxka full experience bilakatu eta ostiraletik iganderako egonaldia egin dut Abadiñon autokarabana hartuta, bertatik Iruñeko Aberri Egunera zuzenean joateko. Ximur batzuk gorabehera, milaka gazteren artean egonda bat gehiago bezala sentitzea ederra izan da. Eta alekzionatzailea ere bai.
Belaunaldi bakoitzak bere epikak, borrokak, indarguneak eta ahuldadeak ditu. Eta hala izan behar ditu, bizitzea egokitu zaion garaietarako erantzun eraginkorrak eman nahi baditu, bederen. Gu gazteak ginenean baziren gu baino jakintsuagoak zirela uste zuten edadetuak, aitatasunez mintzatzen zirenak. Eta baziren nire belaunaldikide batzuk, adinekoagoen esperientzia eta irakaspenei lepogainetik begiratzen zietenak, gaztetasunak batzuetan ematen duen intsolentzia puntu batekin gainera. Ez nituen nire belaunaldikide horiek ulertzen (orain gure mugimendu politikoaren ibilbide luzeari ezkerretik pasatzen ari direlakoan antolakunde zaharrunoak indartu nahi dituzten horiek ulergaitzak zaizkidan hein berean), baina helduagoei begiratuta, ni haiek bezalakoa izaterakoan ez nintzela honela portatuko promes egin nion neure buruari. Talante horrekin saiatu naiz egun horiek bizitzen eta egungo gazteak entzuten eta beraiengandik jasotako inpresio eta irakaspenak poltsikoratzen.
Naturaltasuna da jaso dudan lehen inpresioa. Denaren gainetik jendea natural eta erlaxatuta ikusi dut. Parrandan, errekan bainu bat hartzen erdi biluzik, zikin edo dutxatu berri, dantzan edo izkina batean... gu ginena baino zibilizatuagoak iruditu zaizkit, zentzu on batean (garbitasunetik hasi eta dezibeletaraino).
Eremu seguru bat sortu dute; identitate sexual, estetika, neskak... guztientzat espazio seguruak izan direlakoan nago. Horretan, dudarik gabe lagungarria da atentzioa eman didan honokoa: lagun talde gehienak mistoak izan dira. Lagun talde ez segregatuak egoteak gizontasunen kudeaketan duen eragina izugarria dela garbi geratu da. Harremanak sanoagoak dira eta matxirulokeriak lekuz kanpo daude. Gizonkotea ez da eramaten, ez da sexya, ez desiragarria ez ezer. Gazteak ibiltzen diren beste espazio askorekin konparatuta, aldea oso nabarmen ikusten da. Hori feminismoak eta gazteek, denek, egin duten lan politiko mardularen emaitza da, dudarik gabe. Hobe genuke beste belaunaldi batzuetan ere deseraikuntza prozesuetan sakondu, oraindik mugimendu politiko bezala etxeko lan franko baitugu.
Folklorikoak. Oso folklore zaleak iruditu zaizkit. Gure garaietan, epikak gogorrago zirenetan, gure aurrekoen kultura transmisioa ez zen hain indartsua edo niri ez zitzaidan behintzat hala iruditzen. Agian Euskal Herriko periferietan bai, baina epizentroan ia-ia erdeinagarria zen. Egun, baina, Tapia eta Leturiaren abesti guzti-guztiak dakizkien gazte andana ikusi dut. Hoferen belaunaldikideak Gozategirekin dantza eta Pantxoa eta Peiorekin negar egiten ikusi ditut, eta polita izan da.
Hainbeste aldatu diren garaiotan ordea, badira bizirik dirauten antzekotasunak ere. Zorionez. Horietan nagusia, militantzia eta konpromisoa. Nork nahiago du kalimotxoa eskutan kontzertu bat entzuten egon beharrean karpa atzeko azera ilun batean txaleko hori batekin segurtasun txanda egiten egon, edo pizzak labetik ateratzen ibili, edo kanpin dendak zaintzen... Orduan eta orain, gehienek lehen hautua egingo dute, baina orain, lehen bezala, bigarren hautuetako bat aukeratzeko kontzientzia dutenak ez dira gutxi, asko dira. Irribarrea ahotik kendu gabe gainera, kontzientziak agindutakoari jarraitzearen plazer hutsez.
Kontzientzia politikoa pizten eta elikatzen laguntzen duten hitzaldiez gain, ekitaldi politikoa izan da horren erakusle nagusia. Izugarria izan da. Sinplea eta indartsua. Egungo gazteentzat bezainbeste gure adinekoen emozioak astintzeko baliagarria. Ezker abertzaleak azken urte hauetan hartu dituen erabakiekiko erabat koherentea eta epika berri bat bilakatzeko guztiz gai. Errespetuz hitz egin dute orain artekoaz, ez dituzte ahaztu ibilbide honetan gaur-gaurkoz bizirik dauden zauriak eta horiekiko konpromisoa eta aurrera begirako ibilbidea marraztu dute milaka gazteren aurrean. Bizitzea tokatu zaien garaietan ezin dute hobeto egin.
Arrakasta itzela izan du Gazte Topaguneak, bistan da. Orain, helduok gazteei gazte izaten utzi behar diegu. Batzuetan helduak bezala hitz egiten entzun ditut. Ez da erakargarria. Esperantzaz hitz egin digute, adibidez. Gazteek ez dute esperantzarako deirik behar, hori zaharragoen kontzeptua da; gazteek euren aukeretan konfiantza izan behar dute, esperantza konfiantza horretan dago, ez da berbalizatu behar den zerbait. Hizkuntza propio bat izan behar dute eta estrategia propio bat, helduagook izan ditzakegun kontrol tentaldi generazional, natural eta errepikakorretatik askea den zerbait. Zeren guk gazteak izan ginenean gauza on eta ez hain onak egin genituen eta honaino ekarri dugu herri honen historia, baina helmugarako karrotik tiratzeko belaunaldi gazteagoak behar baditugu, haiek erabaki beharko dute nola egin. Asmatuko dute edo ez; gauza batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Baina izaten utzi behar zaie, aitakeriarik gabe. Ez dezagun aitakeriarik egin eta haiek ez dezatela men egin. Gazte eta errebelde izanez soilik lor baitaitezke epika handiak, herri gisa dugun azken helbururaino iristeko behar beharrezko ditugun epika handi horiek.