Koldo Almandoz
GAUR8

Gazteak ginen kasik orain dela gutti

Gaztea, mundua jateko prest dagoen animalia da. Edo beharko luke. Gu gaztetan halakoak ginen, ezta? Arima libreak. Borrokalariak. Beti egiaren jabe. Zoritxarrez, gure egia hori inposatzea lortu genuenean ez ginen jada gazte eta egia ez zen egia.

Eta egun, iruditzen zaigu gazteek ez dutela fundamenturik. Ez dira gure modukoak. Egun gazteriak ez du kemenik. Ez du indarrik. Ez du idealik. Gazteak ez dira gazte. Gu, ordea, la hostia ginen. Hori sinetsita bizi gara eta zalantza izpirik gabe, behin eta berriro aipatzen ditugu halakoak “helduon” arteko solasaldietan. Ruperrek “Bye bye gizontxo”-n kantatu bezala, «gazteak ginen kasik orain dela gutti...».

Baina izan gaitezen zintzo geure buruarekin. Gure belaunaldiko zenbat izan zen benetan punk edo heavy edo new romantic? Gutariko zenbatek izan zuen gaztaro basati bat (eta bizirik dago hura kontatzeko)? Zenbat Rinbaud dago gure artean? Denboraren poderioz, gaztaroan eginikoak –eta egin ez genituenak– errealitate eta oroitzapen bihurtu ditugu. Eta hori belaunaldi guztiei gertatzen zaie. Gure anaia nagusien artean zenbatek parte hartu zuen Bilbo edo Donostia edo Madrileko “movidan!”? Gure gurasoen belaunaldiko zenbatek bilatu zuten hondartza 68ko Parisko kaleen azpian?

Egun 20 urte inguruko gazte gutxi ikusten ditugu gu ibiltzen garen tabernetan eta rock-and-roll kontzertuetan. Ez dira ere gehiegi azaltzen zine areto edo antzerki emanaldietara. Paretak grafitiz margotzen zituztenak honezkero Arte Ederretako fakultatean irakasle dira. Poema existentzialak, seme-alabak lokartu ostean lasaitasun tarte bat topatzen duten poetek idazten dituzte.

Niri –garai batean nire guraso eta aitona-amonei entzun bezala–, gaur egungo gazteriaren gehiengoa, fundamentu gutxikoa, apatikoa, aburgesatua, odolik gabekoa eta txepel samarra iruditzen zait. Nik hori pentsatzeak, ordea, ez du esan nahi egia denik. Lehen esan bezala, belaunaldi bakoitzak bere egia inposatzen duen momentutik, belaunaldi horrek gaztea izateari uzten dio eta egia hori jada ez da egia.

Zer eskaintzen diegu gazteei? Kasurik onenean beren zaletasunen ez jakin gara, kasurik gehienetan ez zaizkigu batere interesatzen. Bideo joko industriak, adibidez, aspaldi garaitu zuen zinema industria, baina komunikabideek eta kultura munduak apenas egiten diote lekurik. Gure belaunaldiarentzat zinema kultura den bitartean, bideo jokoak denbora-pasa soila dira. Adibide bat besterik ez da, baina egungo gazteei gure kultura modeloa eta etengabeko “revival”-a hain gutxi interesatzearen arrazoietako bat izan daiteke. Guk ez bezala, gazteek, gazte izateagatik, ez dute nostalgia hitza beren hiztegian.

Bizi dugun kultura ereduaren arduradunak ez dira egungo gazteak. Ez dira haiek kaleko kulturaren kemena, probokazioa, inkonformismoa –azken finean askatasuna– merkatuari saldu ziotenak. Gure belaunaldia administrazio/politika/merkatu/heziketa/kultura egituretara iritsi zenean gertatu zen. Itxurakerian oinarritutako gaur egungo gizarte eta kultura eredua ez da egungo gazteen errua. Aurreko belaunaldiarena da. Eta gurea. Gu gara Ramonesen kamiseta jantzita kalean edaten eta drogatzen diren gazteei errieta egiten diegunak. Gu gara, duela gutxi Bilboko Alhondigan gertatu bezala, alde batetik Guerrilla Girls-en erakusketa antolatu eta bestetik kultur gune bereko mediatekatik haurrari titia emateagatik emakume bat kaleratu duen belaunaldia.

Gu, kasik orain dela gutti gazteak ginenak....

Recherche