Nerea Altuna, Ainhoa Barandiarian, Saioa Urrutia eta Jaione Makazaga
Leintz Gatzagako gelako gurasoen izenean

Gema Gonzalez de Txabarri, Hezkuntza sailaren Gipuzkoako lurralde ordezkariari, eskutitz irekia

Gonzalez de Txabarri Andrea, gure haserrea eta mina erakustera gatozkizu. Azalduko dizugu zuen erabakiak nolako lurrikara suposatu duen gure herrian, gure familietan eta gure etorkizunean.

Murrizketa garaia omen da. Eta denok, ixildu behar. Onartu behar. Bada, gu ez gaude prest. 2015eko otsailaren 3an zuekin izandako bileran emandako hitza jan eta gure herria hezkuntza zerbitzurik gabe utzi duzue, eta hori Gonzalez de Txabarri Andrea, gure herria etorkizunerako hausporik gabe uztea da.

Gatzaga gainbeheran zihoan orain dela 20 urte herriak izugarrizko apustua egin zuen arte. Harrez gero, hamaika ekimen sortu eta garatu dira; bai ekonomikoki, bai sozialki. Horien artean aipatzekoa, 2001ean, 1972an itxi zen eskola irekitzea lortu zenekoa; 2 eta 5 urte arteko umeentzat. Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolako gela desplazatu modura zabaldu zen.

Denon esfortzu horri esker lortu da herriak goruntz egitea biztanlerian, ekonomian, jai giroan, elkartegintzan, zerbitzuetan... Eta orain, dena dago arriskuan.

Guretzat eskola ez da gure umetxoentzako jolas eta ikasketa gune hutsa. Guretzat eskola, herri biziaren isla da. Herriaren bihotza da. Eta hori mantentzeko momentu honetan, irakasle bakarra behar dugu. Horixe. Bakarra.

Murrizketak ordenagailuan zenbakiak bihurtzen dira baina ezin gaitezke denok galbahe berdinetik igaro. Gatzagan, 5 haur asko dira eta are gehiago dira, herrian baldin badaude.

Ez utzi herri bat haurrik gabe, ez utzi herri bat etorkizunik gabe. Irakasle bakarra behar dugu. Horixe. Bakarra.

Recherche