Gipuzkoako Foru Aldundiko udako oporraldiak
Dagokionari egiten diodan esakera hori da, osasun jar dezala lehen lerroan eta PCRa bezain sinplea den betebeharra ezarri dezatela udalekuetara joan aurretik parte hartuko duten gazte guztietan. Zentzu komun kontua da, ardura kontua. Berma dezatela gure seme-alaben osasuna eta senideona.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen udalekuetako programan hartuko du parte aurten semeak, lehenengoz. Lehen txandan abiatuko da, Huescara, uztailaren 1etik 10era.
Plaza bat egokitu zitzaiola jakin genuenean eta datak hurbiltzen ari ziren bezala, aldundira deitu nuen protokoloaren berri galdetzeko, maskarak etxetik eraman behar zituzten, PCR edo antigenoen proba nola bideratu behar ote zen.
Hor ezustea. Ez diete PCR probarik egingo. Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia omena da, nahiz eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek horren aldeko erabakia hartu zuten, besteak beste. Ulergaitza egiten zait erabakia. Batetik, ez dator bat LABIk emandako jarraibideekin. Hau da, etxeetan senideen artean biltzeko debekua izan dugu, baina gure seme-alabek 10 edo 20 taldean lo egingo dute espazio itxi eta komunean, aldez aurretik inolako PCR probarik egin gabe ziurtatzeko guztiak osasun baldintza egokietan helduko direla.
Etxe bakoitzak bere egoerak ditu. Baina, batzuen kasuan behintzat, inmunosuprimitutako senideak dituzte etxean, horrek suposatzen duen arriskuarekin. Aukera genuke, semea ez bidaltzeko baldintza horietan, noski, baina hori ez litzateke diskriminatzailea izango?
Adinekoak, haurrak, eta nerabeak izan dira covid-19aren pandemiaren gordinean gehien sufritu dutenak, zalantzarik gabe. Orain arnasa hartzeko unea iristen ari da, gutxinaka. Nola uler daiteke osasun arauak, neurri murriztaileak, protokoloak ezartzen dituen Eusko Jaurlaritzak hala jokatzea? Dentistarenera joateko PCR proba egin behar dugu, hegazkinean igotzeko ere, baina 10 edo 20 familia ezberdinetako gazteek udalekuak elkarrekin egin, eta leku itxian gela partekatuta eta maskara erabili gabe lo egiteko ez da beharrezkoa. Ezin da ulertu. Are gutxiago irtenbidea hain erraza denean: PCR proba egitea eta negatiboa izan dela bermatzea udalekuetara joan aurreko egunean.
Oraintxe irakurri dut Mallorkan kurtso amaierako bidaian izan diren ikasleen artean agerraldia izan dela, covid-19aren Indiakoa zehazki, eta osasun saila ikertzen hasi dela transmisioaren nondik norakoak ezagutzeko.
Udalekuetan halako egoera bat gertatzen bada, agerraldi bat baldin badago, norena izango da ardura? Hainbeste kostatzen da benetan, PCR proba egitea?
Eusko Jaurlaritzarena da azken hitza, azaldu didatenez, bereak direlako osasungintza eskumenak, baina pentsatu nahi dut badituela ere bideak Gipuzkoako Foru Aldundiak, edo Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak -hirurek antolatzen omen dituzte batera udalekuak-zentzuzko eta ardurazko jarrera exijitzeko. Edo nerabeak direlako berdin dio kutsatzeak?
Dagokionari egiten diodan esakera hori da, osasun jar dezala lehen lerroan eta PCRa bezain sinplea den betebeharra ezarri dezatela udalekuetara joan aurretik parte hartuko duten gazte guztietan. Zentzu komun kontua da, ardura kontua. Berma dezatela gure seme-alaben osasuna eta senideona.