Gitter (das)
Nik «Gitter» izena jarri nion txakur hari.
Elkarri begietara begiratzen genion bi aldiz egunean.
Lehena, eguerdi partean izaten zen. Ni lanetik bueltan, itsasadarreko zubia zeharkatutakoan, Gitter, bertantxe zegoen lehen pisuko etxearen balkoiko burdin sareko bi burdingaren artean burua ateratzen saiatzen eguerdiero bezalaxe.
Bigarrena, arratsaldean izaten zen ni etxerako bidean lanetik bueltan nentorrenean, eta Gitter toki berean etsi-etsian burua bi burdingaren artetik atera nahian eta ezinean.
Bizitza lar tristea txakur harena beti han, kaiolaturik balkoian pentsatzen nuen behin eta berriz. Noizbait, baina, jabeek kalera eta parkera aterako zutela pentsatzen nuen nik. Seguru aski aterako zuten nire goizeko lanaldian edo arratsaldekoan, edo egunsentian edo/eta gauean. Ez nuen pentsatu nahi Gitter zigorturik zeukatenik, zigorturik eguneko ordu gehienak balkoiko ziegan, balkoiko kaiolan. «Gitter» hitzak, alemaneraz, burdin sarea esan nahi du.
Kontua da lanegun guztietan poz nimiño bi geneukala, bi aldiz elkarri begietara begiratzen genionean. Biok lagunak ginela uste izatera heldua nintzen, areago oraindik, gehiago esatera ausartuko naiz: biok jakin bagenekien eta, ondo jakin ere, poztu egiten ginela eguneroko eta elkarrekiko begiradarekin. Ba al dakikete txakurrek jakin aditza jokatzen?
Behin baten baina, eguerdian eta larunbata zela, ni itsasdarrraren gaineko zubia heldu aurretik geldirik nengoen semáforo aurrean kaleko zebrabidea zeharkatzeko argi berdearen zain. Hara non, kalearen beste aldera ailegatu ziren Gitter eta beraren bi jabeak izan zitezkeenak. Senarra eta emazte gazteak ziruditen. Andreak soka laburrean lotuta zeraman Gitter. Andrea, senarra eta hirurok argi berdearen zain geundela, Gitter ohartu zen ni zebrabidearen bestaldean nengoela eta, une labur batez elkarri begietara begiraturik, salto egin zuen, andrearen eskutik, soka eta guzti, askatu eta arrapaladan niregana zuzen etorri zen autoen joan-etorrien arriskuaz axolagabeki.
Bikote gazteak berehala gurutzatu zuen kalea eta nik, buruan laztan eginda, Gitterren soka eman nien beren txakurra berreskura zezaten. Esan egin nien nik «Gitter» deitzen niola beren txakurrari eta gure bion arteko, beren txakurra eta bion arteko harremanaren berri labur-labur kontatu nien.
Harriduraz, erdeinuz eta mesfidantzaz begiratu zidaten, eta ezetz, Luki/Luqui zela haren izena esan zidaten.
Nik, berriz, ihardetsi: ¿Zelan idazten duzue Luki, «k» letraz ala «q» letraz?
«Con ‘k’, por supuesto», esan zidatenean, «Luki» euskaraz «zorro o raposo» esan nahi zuela jakinarazi nien.
Niregandik azkar asko aldendu ziren ni animalia oso arriskugarri bat banintz bezala.
Andreak blusan esaldi bat idatzia zeramala ikusi nuen, baina ez nuen ondo ikasi, ingelesez zelakoan nago: «I’m neto, %100, enjoy» edo holako zerbait.