Eider Gotxi Aurtenetxea
Guggenheim Urdaibai Stop plataforma

Guggenheim Urdaibai: egiteke dauden betebeharrak

Guggenheim Urdaibai proiektuaren behin betiko geldialdia erabaki tekniko gisa aurkeztu dute erakundeek, ia saihetsezina, oztopo administratibo, judizial eta ingurumenekoen ondorio gisa. Halaxe azaldu zuten Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak, baita Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak ere.

Hala ere, benetan deigarria ez da esan zutena, baizik eta ez esatea erabaki zutena.

Ondorengo diskurtso eta adierazpenetan ere, ez da onartzen proiektua bideraezina egin duen faktore erabakigarria: Guggenheim Urdaibai Stop plataformak sostengatu, antolatu eta artikulatutako gizartearen arbuioa. Hiru urtez, proiektuaren eragin ekologiko, legal eta sozioekonomikoez ohartarazi dugu, kaleak bete ditugu, zientzia eta kultura arloko jendearen iritzia bildu dugu, bai eta auzitegietara jo ere. Eta horrekin batera erakutsi dugu proiektu horrek ez zuela zilegitasun sozialik, entzute prozesuan aktiboki parte hartuta, gaitzespen hori dokumentatuta utzi baitugu. Horri ez ikusiarena egitea ez da deskuidua: erabaki politikoa da.

Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera utzi izana arazo «teknikoetara» murriztea ardurak saihesteko modu dotorea da. Zailtasun administratiboak, judizialak edo deskutsatzeko zailtasunak ez ziren bat-batean agertu. Hasieratik ziren ezagunak. Hala ere, museoa «bai ala bai» egingo zela azpimarratu zuten, herritarren iritzia gutxietsiz, ohartarazpen zientifikoak minimizatuz eta bideragarritasun horren bila diru publikoa xahutuz. Orain, bideraezina dela aipatzen dutenean, inplizituki onartzen ari dira proiektua bultzatu zutela jakinda ez zituela betetzen bideragarri izateko oinarrizko baldintzak. Legez kanpokoa zela jakinda.

Testuinguru horretan, proiektua defendatzeko, erakundeek behin eta berriz errepikatu duten diskurtso nagusia gogoraraztea komeni da: harexek ekarriko zuen ustezko ingurumen leheneratzea. Hainbat administraziotako ordezkariek azpimarratu zuten Guggenheim Urdaibaik emango zuela kutsatutako guneetan esku hartzeko aukera, bereziki Astilleros de Muruetak Urdaibaiko biosfera erreserbaren erdigunean okupatzen duen lursailean. Itxaso Atutxak esan zigun museoak aterako zuela ontziola Urdaibaitik, hori «txatarra» eta ingurumenarentzako «irain ekologikoa» baino ez zelako. Museoa bide gisa aurkeztu zuten duela zenbait hamarkadatik onartezina den ingurumenaren egoera kaskarra desblokeatzeko. Mezua argia zen: museoa eraikitzea zen leheneratzeko bide bakarra.

Gaur egun, proiektua bertan behera geratu da, ez da existitzen eta badirudi naturarekiko konpromisoa ere albo batera utzi dela. Galdera saihetsezina da: zer konpromiso zehatz dute orain ontziola erreserbaren erdigunetik ateratzea bermatzeko? Izan ere, ingurumen araudiak, logika ekologikoak eta sen onak horixe eskatzen du. Arriskua begi bistakoa da: baliteke Guggenheim Urdaibai koartada politiko gisa erabili izana zuzenean gauzatu nahi izan ez den leheneratzea egiteko, baina bai bide batez, espekulazio negozio gisa.

Argi eta garbi esatea komeni da: biosfera erreserba baten bihotzean industria jarduera astun batek irautea bateraezina da haren babes helburuekin. Ez da iritzi bat, ezta jarrera ideologiko bat ere. Ingurumen legediak, zientziak eta Unescoren irizpideek babesten dute, bai eta abenduaren 16ra arte EAJk gobernatzen dituen erakunde guztiek ere. Urteetan inplizituki arazo bat dagoela onartu bada −museoaren bidez zuzenduko zela agindu baitzuten−, orain ez da onargarria, «kultur» proiektua bertan behera utzi delako, arazoa desagertu dela pentsarazi nahi izatea.

Baina badago, gainera, erantzun argirik gabe jarraitzen duen eta alboraezina den kontu bat: zer gertatuko da proiektu horretarako konprometituta zeuden 80 milioi euro publikoekin? Bizkaiko Foru Aldundiak 40 milioi euro «blindatu» zituen museoak eraikitzen zirenerako, eta Mitecok beste 40 milioi, eta horietatik zati handi bat Astilleros de Murueta SAk gaur egun okupatzen dituen lurrak deskutsatu eta ingurumena lehengoratzeko zen.

Azken urteetan, Urdaibaiko Guggenheim eskualdearen motor ekonomikotzat saldu digute, baita Urdaibaiko ingurumena berreskuratzeko aukeratzat justifikatu ere. Diagnostiko hori benetakoa baldin bazen −eta ez zuriketarako argudio soila−, orduan, diru hori ustezko lehentasuna zegoen lekuan inbertitu behar da: eskualdean. Orain ez du balio funtsak desbideratzea edo Busturialdean benetako eraginik ez duten partida orokorretan diluitzea.

Herritarrek eskubidea dute Aldundiaren 40 milioiak eskualdean proiektu publiko, jasangarri eta adostuetan inberti daitezen exijitzeko. Eta eskubide bera dute ontziolaren lurzatia deskutsatzeko Mitecoren funtsen zati proportzionala egikaritzea exijitzeko, museoarekin edo museo barik. Biosfera erreserba baten ingurumen hobekuntza ezin da proiektu «kultural» baten arrakastaren edo porrotaren mende egon.

Instituzioek gai hau gutxieneko sinesgarritasun batekin itxi nahi badute, agindutakoa betez egin behar dute: Busturialdean inbertitu, konprometitutako funtsak egikaritu, biosfera erreserba babestu eta berorren bihotzetik ontziola atera. Horrela ez bada, baieztatu egingo da «leheneratzea» ez zela inoiz helburua izan, baizik eta aitzakia hutsa. Eta hori, proiektu bat geldiaraztea baino gehiago, erakundeen benetako porrota litzateke.

Recherche