Mikel Uzkudun, Pepe Turrillas eta Martxel Toledo
ESAITeko kideak

Gure esku eta hankekin, pedalkadak emanez bidea egiten

Kirola buruan, euskara ahoan eta euskal herriarekiko sentimenduak bihotzean hartuta, seiehun kilometro bizikleta gainean lorik egin gabe pedalei eraginez Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotzeko erronka jarri zioten beraien buruari Iban Gartzia irundarrak eta Jon Bikendi azpeitiarrak.

Hori egiteko, pasa berria den asteburua aukeratu genuen, batik bat, Gure Esku Dago ekimenak antolatuta, igandean, Durango- Iruñea gizakateari babesa emanez, erabakitzeko eskubidearen alde euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuz, ESAITek, kirol ikuspegitik egin ziezaiokeen ekarpenik egokiena zela pentsatzen genuelako. Horregatik erabaki genuen aurrera egitea eta ekimena burutzea. Eta, agian, ekimenaren dimentsioa hedabideetan txikia eta xumea izan bada ere, ezin ukatu, Iruñea- Iruñea bizikleta gainean jarraian eta lorik egin gabe burutzea, kirol ikuspegitik neurtuta behintzat, erronka handia ere badela. Esan gabe doa, ekimen hau burutzeko garaian, aldarrikapena helburutzat hartuta egin dugula eta inoiz ez lehiakortasuna. Aprobetxatu nahi dugu publikoki eskerrak emateko aldarrikapenarekin bat eginda zazpi hiriburuetara babesa ematera inguratu diren hautetsi eta herritar guztiei eta baita bizikleta hartu eta Jon eta Ibanekin kilometro batzuk egin dituztenei ere,bati bat Alazne Urkiagari Elgoibartik Arbizurainoko ibilbidea burutu zuelako izugarrizko laguntza emanez aipatutako bi txirrindulariei.

Maiatzaren 10ean, Gasteizko Gobernuak kirol zuzendariaren eskutik euskal selekzioaren bideragarritasun txosten juridikoa aurkeztu zuen, eta, ondorio nagusia, egun ez dagoela inongo arazo juridikorik euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko izan zen, ez Espainiako Legedian eta ezta Nazioarteko Federaziotako barne araudietan ere, baldin eta hiru aurre baldintza hauek ematen badira: lehena, euskal federazioak horrela nahi izatea, bigarrena, Espainiako federazioek oztoporik ez jartzea eta hirugarrena, nazioarteko federazioetan eskaera onartzea. Begi bistakoa da bigarren baldintza hori, alegia, Espainiaren oniritzia lortzea, gaur egun ezinezkoa dela, hortaz, nazioartean gure eskaera onartzea ere bai. Orduan, galdera da: Gaurko errealitatean kokatuta, euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzea posible al da? Gure esku dago hori jakitea, baina horretarako eman behar diren urratsak emateko, borondatea izan behar da, eta kantu zahar batek dioen modura, sutan jarrita probatzen da eltzea.

Guztiok dakigu Espainiako Estatuak bere Gobernuaren eskutik “la rojari” ematen dion garrantzia izugarria dela. Eta horrelako kirol ekitaldiak, Olinpiadak, Munduko txapelketak, Nazioartekoak,.. jokatzen direnean, errege etxetik hasita Gobernu bururaino, lehen lerroetan kokatuta egoten dira, eta hori, beren selekzioari ematen dioten garrantziagatik baino ez da. Eta ezin ukatu, guztiz logikoa eta koherentea ere badela, finean, beraiek asko dutelako jokoan.

Dagoeneko hasita dago Brasilgo Munduko futbol txapelketa, laster hasiko dira beste batzuk, besteak beste, saskibaloikoa Bilbon(Euskal Herria) abuztuan, edota euskal pilotakoa Mexikon, baina aipatu txapelketa hauetan eta beste hainbat kirol arlotan jokatu diren edota jokatuko direnetan ere, ez da euskal selekziorik arituko, beraz, ez dugu gurea ikusteko aukerarik izango, eta, agian, larriena eta aldi berean baita bitxiena ere, pilotaren kasuan behintzat, nazioarteko erakunde ofizialak euskal pilota izena eta Espainia eta Frantziako selekzioetan jokatuko duten pilotari gehienak, ia denak, euskal herritarrak izan, euskal pilotariek ez dute euskal selekzioarekin aritzeko aukerarik izango.

Jaurlaritzaren Kirol zuzendaritzak aginduta, Gobernance Institutuak euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko eskubidearen inguruan egindako txosten juridikoa aintzat hartuta, Kirol Zuzendaritzak aurrera egiteko determinazio eta konpromiso zintzoa adierazi ditu. Hori dela eta, ESAITek Gasteizko Legebiltzarrean agerraldi bat egin berri du, eta ofizialtasuna lortze bidean aldarrikapena eginez daramagun hamazortzi urteko ibilbidearen unerik esanguratsuenak aipatzeaz batera, egungo errealitatearen argazkia azaldu eta ofizialtasunaren bidean urratsak eman ahal izateko, plan integral baten barruan hiru puntu aipatu genituen proposamen gisa : lehena, Batzorde interinstituzionala eta zabala sortzea, aipatu instituzioetako ordezkariekin batera, euskal federazio, klub, kirolari, zaletu eta selekzioaren aldeko eragile ezberdinetako (EKFB, ESAIT, EHKirolak,..)ordezkariz osatua. Bigarrena, Euskal Federazioei babesa ematea, hauek nazioarteko federazioetan kide izateko egin dezaketen saiakeren aurrean, eta hirugarrena, Legebiltzarretik eta Jaurlaritzatik aipatu federazioei babes juridikoa eta politikoa ematea, egiten duten eskaera blindatzeko.

Jaurlaritzak, aipatu txosten juridikoaren berri eman zuenean, ESAITek publikoki argi eta garbi esan zuen, bertan ateratzen ziren ondorioekin ados zegoela, besteak beste, urte asko generamatzalako gauza bera edo antzekoa esaten, baina orain, ondorio teoriko horietatik urrats praktikoetara pasatu behar dugu. Alegia, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da eta bide horretan, ESAIT, orain arte bezala prest dago elkarlanean aritzeko eta egin dezakeen guztia, lan xumea bada ere egiteko. Beraz, Legebiltzarreko agerraldian egin genuen bezala, berriro gure eskaintza bai Jaurlaritzari bai bera kudeatzen duen EAJri, bertan zuzenean adierazi genuen bezala, ofizialtasuna lortze bidean inor ez dagoelako soberan adierazi nahi diegu. Besteak beste, ofizialtasunaren aldarrikapena, batik bat, herritik sortutako aldarrikapena izanik, berau defenditzen duten herri eragileak ere Batzordean egotea logikoa ere badelako.

Beraz, heldu diezaiogun berriro erronkari eta elkarlanean egin dezagun aurrera, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna lortzea, neurri handi batean, gure esku ere badagoelako.

Recherche