Harri kubikoa utzi eta esferikoarekin lan egin
Harri-jasotzean erabiltzen diren harri mota ezberdinen artean harri kubikoa eta harri esferikoa daude besteak beste.
Lehena hexaedrikoa da; sei aldeak karratuak eta berdinak ditu eta ez dauka esku-zulorik. Harri esferikoa, noski, bola bat da, eta, beraz, honek ere ez dauka esku-zulorik. Bi harriotan grabitate zentroa zentro geometrikoan dagoen arren, bistan da biraka mugitu nahi izanez gero ez dagoela konparazio punturik harri batetik bestera.
Pentsa daiteke harri motok lerrootara ekartzea ez datorrela harira, baina ETAren desarme prozesuan emandako lehen urratsak sortutako inarrosaldiaz eta utzitako arrastoaz aritzeko irudi polita dela pentsatu dut. Izan ere, sentsazio aski hedatua zen bake prozesuan urratsak egiten zirela, iragarpenak aireratzen zirela, zurrumurruak erosi eta notiziak saltzen zirela, baina, gero, martxa hartu eta bidea egitean, harri kubikoari bira eta bira ematen genbiltzala. Ekimen bati heldu eta, klank!, buelta eman eta harria berriz zutik; harria berriz heldu behar, esfortzu berria egin behar, beste buelta bat eman eta, klank!, harria berriz ere zutik. Harri kubikoa biraka jartzea ahalegin nekosoa baita, klank eta klank... eta bitartean denbora tarte luzeak, energia xahutzea, ateak konfusiorako zabal-zabalik eta klak eta klank, karratua biraka ipintzearen demontreetan harrapatuta.
Harri esferikoarekin, ordea, beste kontu bat da. Jarri maldan behera eta biraka bakarrik joaten da, jarri zelai lau batean eta pixka bat bultzatuta aise doa biraka. ETAk desarmearen bidean emandako urratsak, erabili den prozedura gorabehera, harri esferikoa eman dio Euskal Herriko prozesu politikoari. Biraka eta biraka segitu beharko du prozesuak, hemendik eta handik esku-kolpe berriak emanez harriari, zehatz eta gauzagarri diren apustuekin elikatuz. Baina bai alde ederra harri kubikoarekin ala harri esferikoarekin jardutea! Horixe baietz!
Norbaitek pentsa zezakeen erakunde armatu bat desarmatzea kontu sentzilloa zela. Beste batzuek tabua zela pentsatzen zuten bezala. Eta bueltak eta bueltak eman zitzaizkion kontuari, sarri anekdota kategoria bihurtuz eta karikatura interesatuak eginez, edo okerrago, auzia telebistako tertulia infantil horietako gai bihurtuz. Buelta asko eman zaizkio, larregi, antsietatea, espektatibak eta zorabioa eragiteraino. Baina asmatu ere asmatu da biribilgune horretan mareatuta eta nora ezean geratu gabe, argi-keinukariak eman eta bertatik ateratzeko. Eta txalotzekoa da hori, ospatzekoa.
Behin hori eginda, ikaragarria izan da ekarri duena. Nabarmenena, agian, munduan lortutako onespena eta izandako oihartzuna. Balekotzat jo baita, aitortua izan da urratsaren balio sinboliko eta politikoa, nazioarteko estandarrak bete ditu, eta, bai, Euskal Herrian baino hobeto ulertu delakoan nago. Izan ere, bideora mugatu eta irudiokin dotrina egin dutenak ez dira, zoritxarrez, gutxi izan. Hor bada zer hausnartu eta aurrera begira zer ez errepikatu.
Azpimarratzekoa da, halaber, Urkullu lehendakariak erakutsi duen neurria, hain itxuroso jokatu izanak nolabait segida ematen diolako urtarrilak 11ko Bilboko manifestaldi erraldoian erakutsi zen elkarkidetzari eta joera aldaketari. Aurrerantzean berretsiko eta sendotuko ote den ikuskizun dago, baina ETAren azken ekintza horren ondorio izan da EAJren dekantazio interesgarria ere. PP geratu da berriz ere, beste behin ere, ebidentzia negargarrian. Purrustak, mehatxuak eta, zuhurtziaz beterik besterik ez bada ere, erantzun positibo zipitzik ez. Sorpresa gutxi, beraz.
Argi adierazi dute haiekin zer daukagun, eta, frantsesez esaten den gisara, il faut faire avec. Segi egin behar da, ttarraka-ttarraka harri esferikoari bueltak emanez, analisi eta erabaki propioenganako konbentzimenduak ematen duen indarraz ekinean.
Karikatura eta harrokeriarik gabe, bizkar-zorroan eramaten ditugun harrien, min eta ezinen jabe egin behar da aurrera. Harri esferikoari ez zaio goroldioa itsatsiko eta apurka-apurka ari da borobiltzen apustu estrategiko latza zena. Ekin baino lehenago gauza jakina zen zaila, benetan zaila, izango zela. Baina harria aldatuta, kubikoarekin aritzeak neka-neka eta gorputza guztiz hustuta lagatzeko arriskua atzean utzita, esferikoarekin segitzeko laktatorik ez da faltako. Ez ETAri, ez ezker abertzaleari, ez Euskal Herriari, ezta munduan laguntzen ari direnei ere.