Olga Saratxaga Bouzas
Idazlea

Harro herri bizirik

Berriro ere euskal hiztun komunitatea osatzen dugunok, euskaraz harro, ehundaka milaka ozenkiko aldarrikapena astindu dugu, egunez zein gauez, lekukoarekin batera. Hedabideetako teknologiaren bidez, munduari hizkuntzari esker garena irmo erakusteaz gain, elkarren zaintzarako gaitasunaren mapa zabala zuzendu diogu euskararen geografian norberak elkar oso bat duela soinean, banakako bakoitza baita elkarren osotasun zatiezina.

Korrikak berez duen berezitasunez janzten ditugu goizak, arratseko bihotza eta ordu txikitako isiltasuna, bai eguzkipeko lautadetan, bai elur-ur jarioa mendateei ekiten diegun bitartean. Harrotasunezko garaia bizi nahi dugula azpimarratua izan da eskurik esku aurtengoaren leloarekin bat etorria, Irundik Baionarainoko ilusiozko bidean barrena nabarmenetakoa. Ekimenaren goiburua proiektu nazionaltzat harturik, euskararen ahalmen linguistika subirotasunaren atal nagusietako adierazlea da. Lurraldeko errepideetan zer nolako herria nahi dugun ezarri dugu tinko oinatzero, hizkuntzatik haratago, mingainaz mingaina tokikotasunaren arrazoizko ausardia beti gogoan.

Hitzez osaturiko enborra gara, mendeetako sustraietatik sortuak etortzekoak gugandik jaioak izango diren legez. Mandatuaren oinordeak gara, beraz: ondarearen gordelariak. Adar berrien kudeatzaile izendatu behar dugu gure burua, salbuespenak salburen jakitun, hizkeraren lerroak idazteari jarrai diezaioten. Kima ugaridun arbola sendotzea lortuko dugu aurrean ditugun erronkei hizkuntza-politikak jardunbide zuzenak eratzeko benetazko normalizazio plangintzari eusten badio.

Lokatzetan ibilarazten ikasiak, herri mugimenduok badakigu ardatzak non kokatzen norabidea gal ez dezagun. Eskubideen defentsan uholdeen sormenarako trebeak garen arren, baliabide propioak ez ezik, zer nahi kostarik ere, instituzioek hausnarketa sakona bideratzea ezinbeztekotzak onartu behar dute zintzoki, emaitzak aztergai, etengabeko jarraipena zihurtatuz. Bestalde, eredu zehatzak gauzatzea da gakoetakoa: tokian tokiko biztanlegoaren berebiziko ezaugarriak ikertzeak betebeharren moldaketa egokia ekarriko luke. Ezagutzatik erabilerako sareak bermatzeko bertako erakunde politikoek ageriko erantzunkizuna hartu behar dute euskalduntzearen prozesuaren erdigunean bidelagun «euskalakariok» eragile gisa aintzakotzat hartuz.

Bizia da euskararen herria. Lan tantaz tanta, nekez bezain adoretsu, urputzuetatik ateratzea lortzen ari den nahi erraldoia, astiroegi badirudi ere. Hamaika eratako errealitateaz blai —kolore bakarra margotu ordez, nahi adina utopia irudikatuz— eraikitzen ari garen etxeak inguru seguruak behar ditu euskaldunon bizilekua ere izan dadin, bestelako hotshandiko hiztegiaren menpe txikituak izan ez gaitezen. Mintzairaz mintzaira, ametsez amets, askatasun osoz, euskaraz maite; euskaraz jaio; euskaraz ikasi; euskaraz hazi eta negar; euskaraz bizitzeko eskubidea suspertzeko aroa: ereite sasoia beste behin AEKren eskutik. Korrikaz aritzea elkartasunaz ere jardutea da, eta giza eskubideekiko elkartasun adierazpen argigarri samar dagoeneko: inposizioari uko eginez, zubiei aterik jartzen ez duena.

Euskal Herria zeharkatzen duen euskararekiko amodiozko historia kolektiboa dugu Korrika. Mugarik gabekoa, harrera herri harroarena, hain zuzen. Bihur ditzagun milaka istorio, elkarren zaintzan arduratuak, hedakuntzako hego luze anitz. Hurrengo belaunaldiak, edonondik etorriak, edozein jatorrizkoak izanak, libre mintzo daitezen euskara izan dadila gaurko irrintzia.

Recherche