Josu Iraeta
Idazlea

Harrokeria baztertu eta lanari eutsi

Egun indarrean dagoen espainiar Gobernuaren azken boladako urratsak sakon eta lasai aztertzen baditugu, duela hamarkada gutxi batzuk Europan gertatutakoa agertzen zaigu mahai gainera. Garai haietan Ekialdeko Europako prozesuan izandakoek Mendebaldeko Europako nazioetan eragin baikorrak izan zituzten. Lehenik, bi jarrera hautsi zituzten, bata NBEk mantendua eta bestea Helsinkiko Konferentziako Estatuek erabakitakoa.


Lehenaren oinarria, autodeterminazioak Hirugarren Munduko herri kolonizatuentzat bakarrik balio zuela esaten zuena. NBEk «ur gatzatuaren» teoria mantentzen zuen, hau da; independentziarako eskubidea izateko kolonia izan behar zuen; beraz, geografikoki metropolitik urrun egon behar zuen. Mendebaldeko Europako nazioak at utziz.

Bigarrenik, 1975ean Helsinkiko Konferentziak zioen mundu osoko ordenua mantentzeko ezinbestekoa zela Europako mugak bere horretan geratzea. Baina Ekialdeko Europako gertakariek erabat hautsi zituzten bi oinarri hauek. Beraz, badira arrazoi objektiboak Mendebaldeko Europako gutxiengoen aldarrikapen nazionalen aldeko jarrera ontzat hartzeko.

Orain artekoak egia badira, eta horrela dira, ez da gezurra politikan estolda sistema oso zabala eta zikina dela. Honek argitzen digu politikan betidanik, eskubideen aitortzearen eta gauzatzearen arteko tartea oso zabala izan daitekeela, eta horrela da.
Europatik datozen esperientzietatik abiatuta –eta Bruselan indar orekarik ez dagoenez–, ez dut uste hemengo egoera aldatzeko, laguntza askorik etorriko denik. Dena hemen dugu; arazoa, errepresioa, borroka, etsaia eta gu, denak aurrez aurre. Bai hemen bai Madrilen, batzuei hortzak erakutsiz, besteak gureganatuz. Ez dugu beste biderik.

Baina ez da dena zelaia izango, badakigu Madrilen eta Madrilekin bat egiten dutenak, euskal nazionalismo iraultzailearekin daramaten konfrontazio politikoa indartuz –beren burua agintean ikusi nahian–, bide horretan sakontzeko behar adina indar metatzen dabiltzala.
Ez da harritzekoa, aurrez aurre etsai diren indarrek negoziatu nahi dutenean, indar harremanen egoerak baldintzatzen du negoziazioaren oinarria eta edukia. Termino hauetan ikusiz, bata irabazten ari denean, bestea galdua sentitzen da, eta errenditzeko kondizioak negoziatzen dira. Errendizioetan, printzipioak garaitutzat jotzen dituzte, eta galtzaileen kondizio pertsonalak besterik ez dira negoziatzen. Baina, egun, ezker abertzalea, bere osotasunean, ez dago-gaude egoera horretan.

Irtenbiderik ikusten ez den egoeretan, eta guk bakea nahi dugula agertzen dugunean, besteak –adibidez, Mariano Rajoy eta bere gobernua– gero eta jarrera gogorragoetan amiltzen dira, arrazoibide guztietatik at, «agian» beren ahuldade politikoaren gatibu.

Bidea lantzen jarraitu beharra dago. Ezin dugu besteen eskuetan utzi gero eta okerrago dauden euskaldunen sufrimenduen kudeaketa. Gose, osasun, langabezia eta hezkuntzari neurriko erantzuna eman beharrean gaude, baina baita espetxean ditugun presoei ere. Nire ustez, bada garaia; mahai gainean jarri beharra dago, ez baikaude gauden bezala kasualitatez.

Gogorarazi nahi nuke ETAk baduela bere historia luzea, eta nahi ala ez, azken mende erdian, Euskal Herria aske izan dadin egin diren ahaleginen protagonista nagusia izan da. Baina hori horrela izanik, ez du esan nahi, lehenago edo beranduago, ETAren ondare historikoa leihotik kanpora bota litekeenik. Ez baita horrela gertatuko.

Aurrera begira, eta inor engainatzeko asmorik gabe, gauza asko dira kontuan hartzekoak eta, zoritxarrez, gehienak norbaitzuek uste baino gogorragoak. Askoz gogorragoak eta gogorrenetarikoa, gizarte espainiarrean komunikabideak eta politikariak urte luzeetan ereindako ideiak eta irainaren inertzia luzea.

Gaur egun, erbestean, espetxeetan edo klandestinitatean daudenak –ETAko kideak ala ez– guztiz legalki beharko dira izan, beraiek aukeratutako lurraldean.

Horretarako, borondate politikoaz gain, adimen sendoa ere beharrezkoa izango da, batez ere, gauzak aurrera doazen neurrian eta aipatutako guztien etxeratzearen susmoa gizarteratzen denean, tentsio sakonak sortuko direlako.

Ustez, «hor bertan» gaude, baina ez hainbeste. Hamarkadak doaz bata bestearen ondotik, eta nahiz eguneroko politikan hainbat «adituri» esaldi politak entzun, sakoneko politikak negoziaketa du helburu. Bai batzuen bai besteen aldetik.

Egiteke dagoen historiak, ezin du norabide lema politikari hauen zabarkerian gatibu mantendu. Abian dugun sistema honen dinamika politikoak sufrimendua, lana, denbora, dirua, jakinduria eta ilusioa neurririk gabe galarazten digu. Baina gezurra dirudien arren, hori da bere tresnarik emankorrena. Horregatik, aldaketaren beharra aldarrikatzen den une oro, sutan ditugu borrokatzeko prest ezer aldatu ez dadin.
Hain txepelak ez dira, ez batzuk ez besteak, ez espainiarrak, ezta «dibortziorik» nahi ez dutenak ere. Euskal nazionalismo iraultzailea menderatzeko, errepresio-autonomia binomioak porrot egin duela badakite. Hor beren mina.

Guztiek Francok duela 80 urte armak erabiliz lortutakoa kudeatzen dute gaur. «Egokitze» hau da demokraziari egiten dioten iruzur nagusia.
Ongi aski dakite errepresio-erresistentziaren arteko dialektikak urte askoan iraun zezakeela. Baina, hala ere, ez dute aldaketarik nahi, batez ere, orain arte bezala, «sistemak» mahai gainekoak eta ez «erortzen direnak» jateko aukera bermatzen diotenean.

Barrenera begiratuz, badirudi gaur agertzen ari diren «pentsalari» berriak azken berrogeita hamar urtean lainopean ibilitako Euskal Herriari bidea argitu nahian dabiltzala. Ez da asmo makala, hobe egia balitz.  Lehen ere ezagutu ditugu ustezko «itsasargi» harro eta indartsuak, atzera begiratu beharrik ez zutenak. Zer esan horrelakoei? Ba, harrokeria ez dela sekula izan garunaren ordezkari.

Beti esan ohi dut gure herriaren helburuak ez ditugula etsaiaren tresnarekin lortuko, eta gaur ere gauza bera diot. Honako hau ere beti esan izan dugu; inor ez dagoela sobera, baina gero eta gehiago izatekotan ezin dugu inor gutxietsi, are gutxiago, ikasi ez duguna inori irakatsi.

Lehen ere, poliki, poliki, lan eta sufrimendu askoren emaitzaz, atarian egonak gara. Badakigu, indarraren jokoa da. Horregatik, indarra, gehiengoen indarra, behar dugu. Harrokeria baztertu eta lanari eutsi. Horra nire aholkua.

Recherche