Koldo Almandoz
GAUR8

Hau ez da Gabonetako ipuin bat

Auzoko supermerkatu txikian ikusi nituen elkar agurtzen. Edo hori iruditu zitzaidan behintzat. Baina berehala konturatu nintzen ez zela posible. Nire irudimenaren zirkuitulabur bat izango zen. Ziurrenik bietako batek kaxan zegoen emakumeari agur esango zion eta besteak, despistatuta, agurra itzuli.

Donostian bizi naiz. Aiete auzoan. Lasa eta Zabala torturatu zituzten La Cumbre jauregitik ehun metro eskasera. Egunero ikusten dut jauregiaren izena kareharrizko plakan idatzita. Kareharrian. Kasualitateak ez diren kasualitateak. Eta bertatik Z kotxeak ateratzen ikusten ditudanean, edo metraileta eskuan etxe aurrean kontrola jartzen diguten bakoitzean auzoan daukagun beste jauregi bat datorkit burura: Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea. Auzoan hazi ginenontzat “Frankoren palazioa”. Azken urteotan hemengo, hango eta nazioarteko politikariak bertan azaltzen zaizkigu konferentziak, mintegiak, sinadurak eta lorategi ederreko putzuko beltxargen aurrean argazkiak ateratzera.

Duela 40 urte baserritarren auzoa zen Aiete. Garai hartan eraiki zen lehendabiziko etxebizitza bloke horietako batean bizi naiz ni. Orduz geroztik, asko hazi da eraikuntza eta aietearren kopurua. Hala ere ez da bizitza sozial handia duen auzoa. Apenas ezagutzen dugu elkar. Gauez argiztatuegia dago eta ez dugu ia ur iturri publikorik. Eta inor ez da ez bata ez bestearengatik kexatzen. Auzo pijo samarra da, amerikarrek “dormitory suburb” deritzoten horietakoa.

Nire bizilagun baten aita ETAk hil zuen buruan tiroa botata. Nik ez nuen duela gutxira arte jakin. Hitz egin dugun gutxietan berak ez dit sekula halakorik aipatu. Gure bloketik gertu, berrehun bat metrotara, haurtzaroko ezagun bat bizi da. Garai hartan heroi moduko bat zen guretzat. Nagusiagoa izan arren, gurekin aritzen zen futbolean, eta tarteka Antiguan zegoen Suchard fabrikatik txokolate eta donuts kaxak lapurtu eta guri ekartzen zizkigun. ETAkidea izateagatik atxilotu, torturatu eta hamaika urte kartzelan eman zituen.

-Agur

-Agur

Auzoko supermerkatu txikian ikusi nituen elkar agurtzen. Edo hori iruditu zitzaidan behintzat. “Agur”, “agur”. Hori besterik ez. Ez nekien batak bestearen “iraganaren” berri ote zuen edo ez, baina beranduago jakin dut beren semeak futbolean elkarrekin aritzen direla. Ez da Gabonetako ipuin bat. Ados. Elkar agurtzea besterik ez da.

Irudipena daukat ordea, komunikabideetan egunero bakegintzaz, memoriaz, garaile eta garaituez, zoru etikoaz eta abar hizketan aritzen diren politikari, biktima elkarte, nazioarteko bitartekari, foru, bake eta elkarbizitza talde, tolerantzia akreditazio bildumagile eta bestelako aditu ofizial ugari, ez dela bizi gu bizi garen auzo berean. Susmoa dut hizkuntza teoriko aldrebes, txosten, bulego, kongresu eta lau izarretako hoteletan harrapatuta geratzen direla gehienetan.

Irudipena daukat, zorionez, ofizialtasunetik eta komunikabideetatik kanpo badela beste bizimodu bat. Mikroagoa. Aipatutako aurreko guztien aurretik doana eta egunero bere zorion eta sufrimendu txiki eta handiak gainditzen dituena. Hiri eta herrietako auzo guztietan gertatzen dena. Etxebizitzetako patioetan arropa zintzilikatzeko sokak konpartitzen dituena. Supermerkatuan, duela ez hainbestera arte ikusiezin izan arren, gupidaz, lotsaz, eta itxaropenaz elkar agurtzen hasi den bizimodu bat.

Recherche